Baltasarrek errege egunaren bezperan Andoaingo umeei egin dien hitzaldia honako hitz hauekin bukatu da: «Que sepáis que los padres son los reyes». Eta ez diot “omen”, hitzok neronek entzun ditudalako, Aiurrikoek bideoa saretik kentzea erabaki badute ere aise bilatzeko moduan baitago, hainbeste barreiatu da! Bideoa ikusi besterik ez dago ohartzeko Baltasar horrek ez zuela gaztelania menderatzen; normala, Ekialde urrunetik etorrita ez zuen zertan Espainiako hizkuntza menderatu –batzuen batzuei ulertezina egiten zaie baina!
Eta Espainia judeokristauan asaldatu egin dira batzuk, eta aprobetxatuz, gainera, Leitzaran Andoaindik pasatzen dela, hor ei dabiltza sare sozialetan sasi-sutzaile, berealdikoak eta bi esaten Andoaingo Baltasar gizajoaz, saltsa berean nahastuz hizkuntza, erlijioa, azalaren kolorea, terrorismoa eta ahal duten guztia.
Berriak albistea kontatzean dio Baltasarrek «gurasoak erregeak dira» (sic) esan zuela. Bejondeiola Baltasarri!: euskaraz aritu izan balitz inork ezingo ziokeen ezer egotzi –euskaraz egin izan balu, egia esan, putz isil baten oihartzuna izango zuen, eta kito, bere horretan itzaliko zen–. Izan ere, gurasoak erregeak direla esango baitzuen, etxeko erregeak, alegia –errege-erreginak, agian, zuzen hitz egiten hasita–, horixe besterik ez zuen esango; eta ez «erregeak gurasoak dira» edo «gurasoak dira erregeak» (horiek bai bekatu larriak, umearen lehen urteetako ilusioa bermatzen duen sekretua ipurdi-has utziko lukete eta!).
Eta gaztelaniak ez ote du, bada, galdegaiaren legerik? Berdin-berdinak al dira esanahi aldetik «Que sepáis que los padres son los reyes» eta «Que sepáis que los reyes son los padres»? Niri ez zait iruditzen, baina, tira, ez naiz espezialista. Andoaingo Baltasarrek lehenengoa esan zuen, hori argi; eta gero, behartuta eman behar izan dituen azalpen guztietan, hortik jo omen du, hots, umeei esan nahi izan ziena etxeko errege-erreginak gurasoak zirela zela, haiek maitatu behar zituztela.
Eta isiltzera noa, gaiak –ezen ez galdegaiak– ez du gehiago merezi eta.