Erakusketa aurrera doa; eta uste baino hobeto, gainera.
Donostiako Argazkilari Elkarteak egun batzuetan itxita egon behar izan badu ere –itsas denboralea dela medio, duela bost urte olatuek bertan egin zuten txikizioa gogoan–, ematen du jende dezente pasatzen ari dela hango erakusketa aretotik, aldamenean dagoen Principen pelikula ikusteaz batera, asko eta asko.
Horretan ere suerteko gertatu naiz, antza: pelikulak izan duen arrakastak eta erakusketak haren aretoetako ibiliarekin bat egiteak, Txintxua Films-en prentsa bulegoak hedabideak ere dantzan jarri izanak, lehen erakusketa honetarako hartutako lekuaren egokitasunak… horiek guztiek bat egin dute, nonbait –astroen bat-etortze sinestezin baten gisan–, eta egindako lanari ikusgarritasun pixka bat ematea, behintzat, ondo –oso ondo– doala aitortu beharra daukat.
Bestalde, urtarrilaren 11ko jendez betetako inaugurazio ekitaldi itogarri haren ondoren, elur bola handituz joan zen, eta eskariak iristen hasi zitzaizkidan handik eta hemendik –batzuei ezetz esan behar izateraino iritsi ere–. Blogoeta hauen jarraitzaileok izango duzue horien guztien berri –beti duzu harpidetza kentzeko aukera, irakurle 😉 –, erakusketa leku berri batean zabaltzeko ordua iritsi ahala hemen iragarriko baitut. Eta espero dut ulertzea blogean beste ezer asko idazteko beta handirik gabe ibiltzea, halakoxea baita egoera honek sortzen didan zorabioa –eta lana.
Bada datorren larunbatean, otsailak 2, eta oraindik Donostiakoa zabalik dagoela (otsailaren 6ra arte), Tafallako Tafalla Kulturgunean jarriko ditut argazkiak ikusgai berriz. Honetan ez, baina hurrengo batzuetan badut asmoa argazki gehiago eta beste formatu batzuetan jartzeko; izango duzu horren berri ere.
Oharra: Beti ere hor duzu erakusketaren webgunea, informazio zehatz eta eguneratua nahi izanez gero.