Kameren aurrean dantzari: Dantza filmeko argazki sorta bat

Izurritea (ezpata dantza).

  • Donostia: Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen erakusketa aretoa, 2019ko urtarrilaren 11tik otsailaren 6ra.
  • Tafalla: Tafalla Kulturgunea, 2019ko otsailaren 2tik 21era.
  • Zarautz: Photomuseum, 2019ko otsailaren 12tik martxoaren 19ra.
  • Tolosa: Aranburu Jauregia, 2019ko martxoaren 22tik apirilaren 27ra.
  • Alkiza: Fagus Alkiza Interpretazio Zentroa, 2019ko maiatzaren 13tik ekainaren 30era.

Kameren aurrean dantzari: proiektuaren nondik norakoak

Dantza ez da ohiko film bat. Dantza-k istorio bat kontatzen digu euskal dantza tradizionalen bidez. Istorio hori herri batean, baserri giroko edozein herritan gertatzen ahal da; munduko edozein lekutan gerta liteke, gertatu ere. Istorioak gizakiaren eta naturaren arteko harremanen berri ematen digu, eta biziaren –eta bizirautearen– metafora ere bada, hazia ereiten denetik fruitua jasotzen denerainoko zikloa osatzen baita filmaren hasieratik bukaerara bitartean, sortzetik heriotzarainoko bidea; lana, amodioa eta festa ere ukitzen dituela.

Erakusketan aurkeztutako irudiotan ere, filmak korritzen duen ibilbide horri jarraitzen zaio gutxi edo asko. Hor ikusten dugu, aurrena, xamana (izaki androginoa: eguzki amandrea, Amaterasu), libreki dantzan harpe barruan, euri eske, lurrak bere fruitua emango badu nahitaezkoa duen uraren erreguz. Lurra ernatzen ikusiko dugu gero –zinta dantzaren ardatz, hostoberritzen hastear den arbola, biziaren arbola–; haren ingurura hurreratzen diren izaki beldurgarriek, berriz, izurritearen etorrera irudikatzen dute, moskito eta ezparen izurria (ezpata dantza): erasoaren ondorioz, arbola bere baitara bilduta ikusiko dugu, eta gaitzak jotako fruitua lurrean. Sua azalduko da gero, nekazariak uzta hondatzera datorkeen izurriteari aurre egiteko baliatzen duen sua (Bizkaiko erregelak); eta haren segidan, heriotza errituak (irradaka), eta hortxe emakumeek biribilean jarrita eratzen duten cromlech irudia. Neguaren ondoren, baina, udaberria lehertuko da: sagarrondoak bere lore ederrak emango ditu, udaren amaieran fruitua ekarriko duten loreak (sagar dantza). Aurrera segituz gero, fruitua dagoeneko bilduta ikusiko dugu, sagarrak dolarean, lana; eta uztaren inguruan, almute dantza egingo dute gizonek. Sagarretik sagardoa sortuko da eta herri osoa plazara bilduko da, festan (soka dantza, galaiena, godalet dantza). Bukatzeko, amodioarekin egingo dugu topo azken bi argazkietan: ez da saltsa, ez da lanbada... Arratiako jota da.


Telmo Esnalek zuzendutako Dantza-ren (Txintxua Films, 2018) filmatze saioetako argazkiekin osatu dut erakusketa hau. Saio horietan argazkiak egitera gonbidatu nindutenean, ez nekien zer aurkituko nuen; zinemaren mundua ez nuen barrutik ezagutzen eta ez nekien zer-nolako egoerak eta aukerak izango nituen argazkiak egiteko. Estreinakora joan nintzelarik, baina, Igartubeitiko argi-itzaletan eta kameren aurrean dantzarien oin biluziek zurezko zorutik harrotzen zuten hautsaren artean lehen klikak egiten hasi orduko, ernamuindu zen niregan erakusketaren bidez aurkezten dudan proiektu fotografikoa.

Argazkiotan ikusten den edertasunaren sortzaile diren neurrian, honako hauek aipatu nahi nituzke hemen: hasteko, esan behar da Argia Dantzari Taldekoen esku egon direla filmeko dantza gehienen koreografia berritzaileak, eta testuinguru horretan nabarmendu behar da, nola ez, taldearen alma mater-a den Juan Antonio Urbeltz, zeinek urteak eman baititu euskal dantza tradizionalen ikerketan; hain zuzen ere, ikerketa horren emaitzak islatzen dira, nolabait, filmean eta filmak kontatzen digun istorioan; bestalde, jantzien eta atrezzoaren atzean daude Koldobika Jauregi eskultorea eta filmaren zuzendari artistikoa den Elena Cajaraville, zeinei zor baitzaie, neurri handi batean, Dantza-n miretsi ahal dugun estetikaren sorkuntza; eta azkenik, filmaren zuzendaria ez ezik, Javier Agirre argazki zuzendaria ere aipatu nahi nuke, haren errua ere bai baita erakusketa honetako argazkiotan islatzen saiatu naizen iruditeria.

Erakusketa honek Txintxua Films ekoiztetxearen laguntza jaso du.

 2019ko urtarrila.

 

Amodioa, festa. Arratiako jota.