Hona hemen Berria-ren webgunean atzoko data duen titularra, gaur oraindik (2019-03-25, 12:25) horrela ageri dena webgunean:
“Estatu indarkeriaren” bost biktimen testigantzak bildu ditu Egiari Zor fundazioak
Horren zaila al da ikastea esaldi horrek ez duela behar bezala adierazten esan nahi dena? Horren zaila al da ulertzea esaldi horrek Estatu indarkeriak bost biktima baino ez dituela utzi adierazten duela, eta artikuluan bost biktima horien (bost biktimen) testigantzak aipatzen direla dioela?
Ergeletan ergelenak ere badaki bost baino askoz gehiago izan direla herri honetan Estatuaren indarkeriak eragin dituen biktimak. Artikuluan, bosten –bost biktimaren– testigantzak jasotzen dira; baina gehiago izan dira, gehiago izan direnez, halako indarkeriaren ondoriozko biktimak hemen.
Berria-n zaintzen dute hizkuntza, ezin da ukatu; profesionalei eskatu behar zaie horrenbeste, ordea. Itxura denez, ez da samurra a itsatsia duten hitzak mugagabean nola deklinatzen diren ikastea, adibide hori ez baita bakarra (Euskadi Irratiaren entzuleok, esaterako, egunero-egunero jasan behar ditugu tankera horretakoak). Baina gauzak zehatz eta egoki adierazi nahi baditugu, ahalegin hori egin beharra dago, eta profesionalei, oro har –direla kazetariak, irakasleak, itzultzaileak, idazleak eta abar–, egin dezaten eskatu behar zaie.
Salba dezagun mugagabea (ere)!
Oharra: Oraintxe (2019-03-26, 12:10) sartu naiz berriz aipatutako artikuluaren orrian, eta zuzenduta ageri da jadanik: “Estatu indarkeriaren” bost biktimaren testigantzak bildu ditu Egiari Zor fundazioak. Testu okerraren arrastoa URLan soilik geratu da, baina bistan da oraingoan ere zuzentzaileak –edo egilea bera– adi ibili direla, eta izenburu hori oneratzeko lana hartu dutela. Bejondeiela!