Zulo beltz baten argazkia argitaratu dute zientzialariek gaur estreinakoz… eta ez da horren beltza!
Munduan gaur milioika lagunek ikusiko duten argazki horretan behintzat zer koloretsu bat ageri da, buelta osoan berotasun handia duela dirudien zerbait, Espainiako banderaren gorri-horiak gogorarazten dituena. Eta izan, halaxe omen da: zulo beltzaren erdigune hormatuak1 halako erakarmena du, ezen indar handiz xurgatzen baitu haren inguruko guztia, eta material hori dena abiada izugarrian zuloratzerakoan, haren barruko molekulen artean sortzen diren talkak hain dira bortitzak, non zuloaren aldirietan sortzen den berotasuna izugarria baita. Berotasuna berotasun, egia da argazkiaren erdialdean ageri dela gune ilun bat ere, gune beldurgarri bat: zuloa bera, nonbait.
Kopuruak ere beldurgarriak dira: luze-zabalean, 40.000 milioi km omen ditu zulo beltz horrek; 500 milioi bilioi km-ra omen dago guregandik (eskerrak, ez dirudi irentsiko gaituenik epe laburrean behintzat!); eta masa, eguzkiarena halako 6.500 milioi omen. Bai, barkatu hainbeste omen erabiltzea deskribapenean, baina hala diote… eta hala izango da –baina, izeba fidagaitz samar batek esaten zuen bezala, “hori ez zekinat nik!”.
Zulo beltz hauetako batzuk izar hilen emaitza gisa sortzen direla diote, izarrak iraungitzearen ondorio omen: ematen du horrek ere zer pentsa eta zer idatzi, baina beste baterako utzi beharko; gaur, bukatzeko, beste zulo batzuk aipatuko ditugu eta.
Zulo beltzik ezagutzen, inguruan? Pentsatu ondo, seguru badakizula bakarren baten berri! Etxeko –edo laneko: esateko modu bat da, besterik ez– zulo beltz horien kopuru-neurriak goian aipatutakoen mailetara hurreratzen ez diren arren, tankera bertsuko eragin eta ondorioak dituzte. Haietara –haiengana, akaso?– hurbilduz gero, bero handia sumatuko duzu bat-batean, eta, gogor egin ezean, barrurantz erakarriko zaituen indar ikaragarri bat nozituko duzu; halako batean, oharkabean ia, gertaeren muga delakoa gaindituko duzu, espazio-denboren muga zeharkatuko, eta itzulerarik gabeko puntuaz haraindi egongo zara: handik aurrera ez dago eskapurik, ez dago ihes egiterik. Gero, herstura eta hotza, hotz handia; besterik ez. Ezaguna egiten zaizu?
Niri bururatzen zaizkit batzuk, eta hotzikara sortzen zait baina zuretzat…. argazkiak ez ote?
Uff, ederra bota didazu oraingoan! Ez dakit, ba, akaso bai, pentsatu beharko dut 😉
X.