Deserria herri

Nolakoa ote deserri berri hori?

Ekin ziotek aurten ere lankideek,
ohiko legea sumatzen duk inguruan,
eta korridoreak hutsik gelditu dituk…
Bakarrik geratu haiz,
ez ei haiz inongo ordutegitan ageri,
bulegoa husteko garaia omen duk.

Nolakoa ote hemendik aurrerako deserri hori?

Bulegoa hustea ez duk filmetan ikusi ohi dena,
ez duk aski besoetan kaxa bat hartu eta agur esatea,
trumilka agertzen zaizkik bertan bizitutako eszenak,
paper horituetan ozen, argazki marguletan bizi.
Eta berehala ohartzen haiz
hainbat kaxa beharko dituala
eszena horietako batzuk gorde
edo ezkutatzeko,
kaxa asko beharko dituala
hemengo lagunak
adiorik gabe
agurtzeko.

Nolakoa ote etorri datorkian deserri hori?

Ohiko legea ez duk gehiago ohiko izango,
denbora zertan eman asmatu beharko duk…
Benetakoa ote askok ahotan duten “inbidia” hori?
Zerbait berria datorkik,
berriak badik ezezagunetik,
ezezagunari aurre nola egin izango duk gako.

Deserria…

Hautatua izanagatik, berri.
Hautatua delako, ernagarri.

Hautatua izanagatik, ezezagun.
Hautatua delako, bizigarri.

Hautatua izanagatik, deserri.
Hautatua delako, herri berri.