Norbere munduaren amaiera

Mantso-mantso dator andrea, espaloi orain zabalagotik, makulua lagun. Makina bat aldiz egin du gora eta behera kale honetan barrena, dela ogi bila, dela egunkariak erostera, dela bilobak eskolara eramatera edo handik bueltan etxe aldera. Arinago mugitzen zen lehen, mugitzen zenez; horixe dabilkio buruan denda berri haren parera iritsi delarik.

Denda modernoa da, zuriz margotuta paretak, salgai gutxi begi bistan. Neska-mutil apainak ageri dira han-hemenka sakabanatutako erakusmahaietan, mugikorrak eskuan.

Hantxe geratu da andrea, espaloiaren erdian pentsakor, ateak parez pare zabalik dituen denda barrurantz begira:

— Hemen, zer zegoen lehen?

Pasatu dira aldamenetik oinezko batzuk, inork ez dio erantzun.