Epaimahai txit gorrenak hitz egiten duelarik, espero izatekoa dena egotzi ohi du bere betiko aho zurrunetik: hemen agintzen duena Neu naiz… Estatua! Eta hemendik aurrera, kasu!: inor ausart baledi berriz ere beste horien bidetik, jakin beza Estatua etorriko zaiola gainera, mazoz eta borraz. Zigorra, eskarmentua, mendekua, mehatxua… Eta larderia, betiko larderia.
Joan den astean, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zituen Altsasuko neska-mutilen zigor gogorrak, pittin bat leunduz bada ere; aste honetan, Espainiako Estatuak Kataluniako politikari independentistak zapaldu nahi izan ditu, auzitegi berak emandako sententzia berriaren bitartez.
Espainiako Estatuak –Gaztelan errotutako Estatu katoliko-militarrak– ezin du jasan gazte euskaldunak bere indar armatuen aurka agertzea, hemendik alde egin dezaten jardutea. Espainiako Estatuak –Espainia handi bakarraren ideia zalantzan jartzea bera sutsuki punitzen duen Estatu autoritarioak– ezin du jasan katalanen desobedientzia zibil instituzionala. Ez omen dituzte ideiengatik epaitzen eta zigortzen, hala diote, baina bistakoa da gauza bera dagoela, funtsean, bi kasuon jatorrian, hangoan zein hemengoan: katalanek eta euskaldunok auzitan jartzen dugu espainiar estatuaren izatea bera. Hori da Estatua sekula onartzeko prest egongo ez dena; eta behin eta berriro argi utziko du, eskarmentu eta zentzagarrien bidez, jende orok jakin dezan zer espero behar duen Estatuari desafiorik egin diezaionak. Inkisizioak nola, halaxe kentzen ditu erditik Estatuak ere manugaitzak eta etsaiak, menderakaitzak eta esaneko ez zaizkionak, disidenteak: espetxera!
Indarra sobera dute, baina zerbait nahi duen Herri baten indarraren aurrean asko behar da. Kataluniako kaleetan egun hauetan ikusten ari garen jendetza hori ondo antolatuta dago, ez dira inprobisatzen ari: makina batek egin du lan aurretik, eta latz gainera, gauzak horren ondo lotuta izateko. Izan ere, indarra, inon egotekotan, beste batzuoi inbidia galanta ematen digun antolaketa horretan baitago, hain zuzen. Errepresioa latza izango da –dagoeneko jabetzen ari dira han ere, ez zuten askok asko espero prozesu hau guztia hasi zenean–, baina aurrera egiteko erresistitu beharra dago, ez dago beste biderik. Ez han eta ez hemen.