Ahaztua zegoela uste zenuten? Ez ba! Dantza filmaren harira egindako argazkiak, iaz hainbat lekutan erakutsitakoak, ikusgai daude berriz, atzotik aurrera eta martxoaren amaierara arte, Zarauzko Sanz Eneko areto nagusian. Oraingoan, Koldobika Jauregi “Dantza” izeneko erakusketaren barruan zintzilikatu dira aurrekoetan erakutsitako argazki gehienak (20), filma egiteko erabili ziren jantzien eta atrezzoko hainbat objektu eta tresnaren ondoan.
Honela dio erakusketaren aurkezpen txartelean:
Koldobika Jauregi “Dantza”
Erakusketa honetan Dantza filmaren garapen estetikoa eta aurretik egindako sormen lana erakusten da.
-
-
- Erakusketaren koordinatzailea: Elena Cajaraville
- Argazkiak: Xabier Artola
- Dokumentala: Telmo Esnal
- Jantziak zaharberritzea eta muntatzea: Muchas Telas
-
Sanz Enea Kultur Etxean, 2020ko otsailaren 6tik martxoaren 29ra
Egunero, 18:00etatik 20:00etara
Muntatze lanetan ibili naiz aurreko egunetan, Koldobika, Elena eta Muchas Telas-ekoekin batera, eta uste dut erakusketa hau aukera aparta dela duela urtebete luze txunditurik utzi gintuen filmaren barrunbeetan sartzeko. Erakusketaren mamia filmeko dantzariek erabilitako jantzien eta objektuen aniztasun eta aberastasunean dago, eta filma ikustean ezinbestez oharkabean pasatutako hainbat eta hainbat xehetasun –diseinua, materialak, makillajeko kontuak, iruditeria, bitxiak…– ikusteko abagunea eskaintzen du. Horrekin batera, diseinu horietara iristeko Jauregik aldez aurretik egindako lana ere balioets daiteke, zenbait bozeto, zirriborro, azalpen eta abarren bidez, eta filmaren mundu sinboliko eta estetikoan barneratu Telmo Esnalek egindako bideo bati esker.
Ongi etorriak bitez, beraz, zuen bisita eta iritziak.