Ibilbidea

Xabier, Bai, ni naiz, Jon naiz, Tolosaldeko Ataritik deitzen dizut, A, bai, esan zidan Edurnek zerbait…, Bai, kontua da elkarrizketa bat egin nahi nizukeela, Atarirako, Bai, Santiago de Cubako hizkuntzalariekin dugun proiektuaren harira, ezta, Bueno, bai, horretaz ere hitz egingo dugu…, Nola horretaz ere… zertaz, ba, bestela, Bueno, zure ibilbideaz, oro har, egin nahi nizuke elkarrizketa, luze samarra, bi orrialde-edo hartuko lituzkeena, Ibilbideaz, zer ibilbide, Bai, duela gutxi erretiratu egin zara, ezta, ba hori, zure ibilbidearen errepaso gisako bat egin nahi genuke, literatura, argazkigintza, unibertsitatea…, Ufff, besterik ez al zenuten, ala… ai ama, literatura, argazkigintza, unibertsitatea… bai, saltsa asko eta mami gutxi, horixe, hitz gutxitan esanda… (Ai, Edurne, Edurne, aditu beharko didan hurrena topo egiten dugunean!)

Eta horrela jarraitu zuen elkarrizketak, azkenean, noski, asko pentsatu gabe –pixka bat pentsatuz gero bestelakoa izango baitzen erantzuna, inondik ere–, eta akordatzerako, hurrengo ostiral eguerdirako hitzordua finkatuta geratu zen arte. Horrelakoetan ohi denez, argazkiak eta mikrofonoak ez zituen aurrenetik aipatu kazetariak –eskola handia dute, zera!–; baina argazkiak ez datoz gaizki egunkariko orriak betetzeko; ez eta mikrofonoak ere, elkarrizketarekin irrati denbora osatzeko. Tira.

Jendarteak baditik bideak, izan ere, norberari dagokion lekua zein duen adierazteko. Eta bizitzaren aldi honetara iritsitakoan –duela gutxi erretiratu zara, ezta?–, jendeak aurkituko dik moduren bat aldez edo moldez non “hagoen” gogorarazteko. Medikuak tentsioa hartu nahiko dik; “despedidak” antolatuko dizkiate lankideek; ordu txikietan parrandan habilela topo egin, eta nolatan zu hemen –nolatan zu hemen “ordu hauetan” esan nahi duela– galdetuko dik aspaldiko ezagunak; biharamunean mendira hoala esan, eta kontuz ibiltzeko esango dik sekula halakorik esan ez dianak; eta, agidanez, han eta hemen urte luzez egindakoak –nahi litzateke zerbaitxo, ondo edo ez horren ondo, egin izana, hainbeste denboran– kontatzeko moduko “ibilbidea” irudituko zaizkiok kazetariari.

Oharra: Elkarrizketa Gipuzkoako Hitza-n argitaratu zen, hurrengo ostiralean (2020-02-14).