Aurreko egunotan, asko eta ondo idatzi da Zaldibarko zabortegiko desastreari buruz. Ez da nire asmoa, beraz, ez eman den informazioari ezer berririk eranstea –ez baitakit, izan ere, beste ezer–, ez eta adierazi direnak baino iritzi funtsezkoagorik adieraztea ere. Baina gertatu direnak gertatu direnetik –gertatzen hasi zirenetik, hobeto esan– dabilkit barruan zerbait idatzi nahia, gogotik pasatzen ari zaizkidanak idatzita utzi beharra.
Frankismoak guregan –zuzenean pairatu genuenongan, Pirinioetako mugaz honaindi eta 1960ko hamarkadan edo lehenago jaiotako euskal herritarrongan– utzitako arrastoa uste duguna baino sakonagoa da –hala iruditzen zait behintzat–, eta gure egin asko eta askotan islatzen da; gainera, eta horixe txarrena, esango nuke aztarna hori “genetikoki” intsuldatu zaiela –jarauntsi diegula– berrogei urteko diktadura hura amaitu eta gero jaiotako belaunaldietako gizon-emakumeei, eta haren eraginak erabat blaitzen duela gizarte hau. Uste eta nahi ez badugu ere, manupeko herritarrez osatutako jendartea da gurea, mendeko jendea gara, eta mendekoei dagokien gisan jokatzen dugu maizegi: jopu. Horren aurrean, agintariak agintzen dutenak dira, eta ez, behar lukeen bezala, ordezkatzen gaituztenak, herritarron zerbitzura –eta aldi baterako baino ez– dauden beste herritar batzuk (politikari askoren diskurtsoa aztertu besterik ez dago: oharkabean bada ere, gizarteaz mintzo direnean bi taldetan banatzen dute, argi eta garbi: berak, batetik; eta beste guztiok, bestetik). Diktaduretan bezala, agintzen ohituta daude, eta karguren batera iritsi bezain laster, beren burua boterez jantzita ikusi orduko, aginte zakilaz hornituta irudikatzen dute beren buru hori, nagusi: boterea helduleku, ordena hierarkikoa arau, arbitrariotasuna gidari; disidentzia baztertu (indarkeriaz baliatzeraino, behar bada), herritarren parte hartzerik ez, gardentasunik gutxi… Tarteka herritarrei errieta egiteraino ere iristen diren agintekeria jarrera horiek areagotu egiten dira denborarekin, eta zenbat eta gehiago luzatu kargualdia orduan eta keriago bihurtzen dira. Bestalde, hierarkia arau, agintari horiek beroriek manupeko ere badira, mendeko ere badira, eta besteren aurrean esaneko eta otzan jokatzen dute ezinbestean –urte luzez agintean bertangoxotzen direnei erreparatu besterik ez dago, ikusteko zein jokamolde izan ohi dituzten beren “gainetik” daudenekiko.
Izan ere, hori dena ez bada horrela, niri ez zait buruan sartzen otsailaren 6ko Zaldibarko istripuaren ondoren nozitu duguna, ezin ulertu nabil “agintarion” jokabide eskasa: larderia, nagusikeria, hantustea –dena ondo egiten duela uste duenaren urguilua–; utzikeria, destaina, begirunerik eza, erruki eza, sentiberatasuna –zer ote da hori?–… dira burura etortzen zaizkidan espresiorik leunenak jokabide horren harira. Agintzen ohituta dagoenak jokatzen du horrela, bere ekintzen berri ematera derrigortuta sentitzen ez denak, kritikarik onartzeko eta datorkiokeen erantzunbeharra bere bizkar hartzeko prest ez denak.
Nire esperantza da, egunen batean, askatuko garela hain sakon barneratua dugun arrasto zital eta kaltegarri horretaz, eta herri ordezkariak behartuko ditugula behingoz jokabide autoritario horiek zuzentzera. Aukera asko ez ditugu izaten horretarako, egia da, baina ditugun apurrak aprobetxatzen ikasi behar genuke; hain zuzen ere, aurki izango dugu bat, gure haserrea ozen aldarrikatzeko balia genezakeena: et, et, txikito, ez gaituk inozoak, e!, eta, hala bagina bezala erabiltzen gaituzuen arren, errespetua merezi diagu gutxienez; geure kontura bizi zarete, eta, hor jarraitu nahi izanez gero, denon zerbitzura jardun beharko duzue; bestela, aurkituko ditiagu beste batzuk, bestelako moduak izango dituztenak, zuen partez aritzeko.
Baina horretan, dugun botere apur horretan, sendo sinetsi behar da, jai dugu bestela; ezkortasunak eta derrotismoak ez gaituzte urrutira eramango –eta nago ezkortasun-derrotismo horiek behar baino gehixeago jaten dizkigutela azpiak aspaldion.