Asteko irudia: Denali

Denali

Denali, Ipar Amerikako mendirik garaiena (6.190 m itsas mailatik gora, 6.000 m baino gehiagoko goragune topografikoa ingurunean). Eguerdia da, eta jakina da eguerdiko argia ez dela onena argazkiak egiteko. Hala ere, ez dago aukera galtzerik, emaitza dokumentu hutsa izango bada ere (Alaskara etortzen diren askok eta askok ez dute halako zorterik, asko eta asko etxeratzen omen dira menditzarra behin ere bistatu gabe: Denali herabe samarra da, nonbait, eta maiz babesten da lainoen atzean, uda partean batik bat).

Etxeko ordenagailuan, espero zena egiaztatuko du argazkilariak: argazkiak ez du gatzik, ez kontrasterik ez kolorerik. Geza argazkia, gazia emaitza. Alabaina, irudian argi edo gris tonuen gama jarraitua sumatzen dela-eta, zuri-beltzari aukera bat ematea otu zaio; proba egitea erraza da gaur egun, ez da ezer galtzen saiatzearekin (denbora besterik ez: baina zer dago hobea nork bere denbora bere gogara erabiltzea baino?). Zuri-beltzak, askori bezala, dramatismoa eta indarra gehitzen dizkio irudi honi ere, esentzia nabarmentzen dio, sobera dukeenetik gabetuko balu bezala; hala iruditu zaio argazkilariari, eta horrela aurkeztea erabaki du. Baten batek esan zuen pertsona baten argazkia koloretan eginez gero haren jantziak argazkiratzen direla; zuri-beltzean eginez gero, aldiz, haren arima.

Denalik urte askoan Mount McKinley izan zuen izen ofiziala; duela bost urte –2015ean– berreskuratu zuen bertakoek betidanik eman izan dioten deitura –bere arimari hobeki dagokiona; izan ere, Denalik ‘mendi garaia’ esan nahi baitu, kolonizatzaileek baino lehen izendatu zuten atabaskarren hizkuntzan.

Oharrak:

  • Asteko irudia izenburutu dut blogoeta hau: astekoa, edo hilekoa, edo… auskalo zer izango den; kontua da badudala asmoa horrelako gehiago argitaratzeko, baina oraindik ez dakit zein maiztasunekin izango den. Esan gabe doa, hauek ikusteko egokiagoa da pantaila handi bat mugikorrarena baino.
  • Argazkiak retokatu (tratatu, manipulatu, photoshopeatu…) egiten dituzu? Galdera horrek, hainbeste aldiz pairatu behar dugunak, ez du zentzu handirik. Goian azaldu dut argazki konkretu honekin egindakoa: bai, tratatu egin dut (enkoadratu, argi-kontrasteak doitu, behar bezala fokuratu, zuri-beltzera errenditu: analogikoan errebelatu egiten ziren, eta prozesu analogoa egin behar da digitalean ere). Gaur egun, sekula baino eskurago dugu irudi baten prozesu osoa norberak kontrolatzea, argiak sentsorea kitzikatu eta irudia grabatuta geratzen denetik azken emaitza inprimaturik edo bitarteko digital baten bidez azaleratzen den arte. Niretzat, egungo argazkigintzak prozesu oso hori hartzen du, zeina hasi baino ez baita egiten kameraren kliskagailua sakatutakoan. Gero, ordenagailuaren aurreko lana etorriko da, arina batzuetan eta astunagoa beste batzuetan, azken emaitzara iritsi arte. Emaitza gustukoa duzu? Hori da zentzuzko galdera, niretzat behintzat.