Asteko irudia: Ostadarra

OstadarraOstadarra. Etxea. Argia. Unea.

Argazkia Islandian egina da, duela urte batzuk. Islandia argazkilari askoren amets eta helburu da, asko bertaratu ohi dira hango paisaia mugagabeez gozatzera; hango izotzak, fiordoak, sumendiak, ur jauzi izugarriak eta, batez ere, hango argi aldakorra beren kamerekin harrapatzera.

Iparreko argia, neguan labur baina udan luze, zeruak islatua, hego aldetik datorrenaren gogortasunik gabekoa, leuna; eta maiz aldakorra oso, eguraldia bezala.

Izan ere, erabat eguzkitan dagoen paraje bat ziztu batean goibeldu daiteke, haintxe da aldakorra giroa; etxearen atzealdean mehatxuka ageri diren lainotzar beltz horiek ez dute besterik iragartzen: euria dakar, hobe izango da lehorpe baten bila hastea. Baina, orobat, hauxe dateke argazkiaren unea ere, argi honexek emango dio, zerbaitek ematekotan, ikusgarritasuna irudiari. Ostadarra ere agertu da; argazkilariak badaki haren iheskortasunaz –bizitzako beste hainbat gauzarenaz dakien bezala–, baina irudia hobetu nahi badu dagoen lekutik mugitu beharra daukala pentsatu du, ostarkua etxearen gain-gainean kokatzeak plus bat emango liokeela iruditu baitzaio. Metro batzuk ezkerretarantz nahikoak izan dira helburua lortzeko –izan ere, askotan egiaztatu du: lekutik pixka bat aldentzea aski izaten da beste irudi bat lortzeko, oso bestelakoa maiz; izugarria da alde batera edo bestera emandako pauso batzuek eragin dezaketen aldea. Argia dena da argazkigintzan; baina ikuspuntua ere bai.