Horixe, lagun kubatarrak erantzundakoa, duela bi eguneko albistearen berri eman niolarik: Lombardiak Kuba, Venezuela eta Txinari laguntza medikoa eskatu die, koronabirusari aurre egiteko.
Lombardia, Mendebaldeko herrialde aberatsetan aberatsa, Europako “lau motorretako” bat1, Italiako osasun sistemarik aurreratuenetako baten jabea. Baina birus ziztrinak jo eta larri benetan, burua altxatu ezinik; laguntza eske, etsian.
Kuba, hirurogei urte betetzera doan bahimenduaren pean bortizki zigortutako herria, ez errenditzeagatik, Mendebaldeko nagusiei men ez egiteagatik zapaldua, burua altxatu ezinik luzaroan. Baina, beste hainbestetan erakutsi duenez, laguntza emateko prest, mediku eta erizain prestatuak munduko hainbat lekutara bidaltzeko gertu beti.
Venezuela, herri xehearen aldeko politika sozialak egiten hasi izana barkatzen ez zaion herria, Mendebaldeak zokoratua, eta behin eta berriz bortxatua. Txina, Mendebaldetik maiz destainaz, goitik behera, begiratu dugun herria, gure kultura eta balioak haienak baino hobeak, gorenagoak, bailiran.
Eta orain, hara!, gure Mendebalde harroa horien guztien beharrean, laguntza eske.
Bai, ironikoa da bizitza, askotan.