Asteko irudia: Negua

Izarbe neguan

Udaberria ate joka dugun honetan, paisaia elurtua, negua. Zuhaitza oraindik biluz, etxola pare bat, mendia. Natura.

Irudi honek iradokitzen diguna gorde nahi dugu ala Zaldibarko zabortegiak azalarazi duen hondamendian kakazten jarraitu nahi dugu? Guk aldatutako zuhaitzen gerizpean babestuko dira gerokoak, hala dio txinatarren erran zaharrak. Ez dakit geure esku dagoen erabat, baina dagoena behintzat egin dezagun.

Natura ez da bisitan joateko leku bat. Geure etxea da.
Gary Snyder.

Oharra: Argazki hori, bere oinarekin, Tolosaldeko Ataria astekariaren Begirada grafikoa atalean plazaratu zen atzo (2020-03-13). Astekaria berritu duten honetan, eskualdeko argazkilari eta bestelako sortzaile grafikoei erreferentzia egin nahi diete, eta, zein maiztasunekin oraindik zehaztu ez badute ere, haien irudiak txandaka kaleratzeko asmoa dute. Nire aldetik, kolaborazio bat eskatu eta argitaratzen didaten aldiro blogera ere ekarriko dut, asteko irudi gisa.