Duela ehun urte (II)

[aurreko blogoetaren jarraipena da]

GRIPE IZURRI-GAIXOA GALARAZTEKO BILBOKO
OSALARI BAZKUNAK AGINTZEN DITUEN EGINBEHARRAK

[…]

Zabaldu den gripe deritzon gaitza gutxitu eta,
ahal den eran, kenarazteko egin beharrak

[…]

11.a: Etxe barruaren garbiketa, bertan bizi direnek egin lezakete; ez da diru handirik eralgi1 behar. Espirituaz2 su egiteko ontzi bat zuzendu. Formolarekin (100eko 5ean) edo zotalarekin (100eko 2an) ura nahastu, ontzi zabal batera bota (palangana batera edo), eta ontzioi espiritu ontziaren gainean ipini eta su eman. Utzi bertan, irakinaren irakinaz lurrun eginda ur guztia amaitu artean. Sua eman orduko ate eta zulo guztiak itxi. Hau egin eta gero, gela hiru ordu itxita eduki. Hiru orduok igarota, ate eta zulook zabaldu, ondo haizatu dadin. Ondo haizatzen ez bada, buruko mina egiten da.
Hiru metro altuera, hiru zabalera eta bost luzera daukan gelarentzat, lehen esandako eran eta gauzekin gertaturiko litrobete ur nahiko da. Komunak, ur zikinen tokiak, hodiak, etxarteak eta abar, kare urez edo kobre sulfatozko urez, 100eko 5ean, garbitu behar dira.
Harik eta izurri edo gaixo hau aldendu arte, garbiketa egun bitik batean, gutxienez, egin behar da.

12.a: Agintariei osasunaren aldeko zereginetan bizkor eta zoli laguntzea, pertsonentzat eginenik3 ederrena eta goragarriena da. Edonork, bada, osasunerako kaltegarria den zerbait nonbait ikusten badu edo nonbait dagoela badaki (esate baterako, abere hil atsituak4, garbitu bako ur zikinen tokiak, beldurrez-edo osalariari deitu ez dion gaixorik, ondo garbitzen ez den etxarterik eta abar), Herri Osasunaren ardura daukan Ikertzaileari (Inspectoreari [sic]) salatu. Horretara, gaixoa kentzen lagundu egingo du.

13.a: Gaixorik egotea beti izan da errukarria, eta gaixoak berak, eta bere artekoek, gaitzari den baino astunagoa irizten diote. Ez dute asmo eta gogo bihurrez egiten, baina kaltea ekartzen dute euren esan eta iritziek, ahorik aho, herri guztian zabaldurik, adorea kendu eta gogoa makaldu egiten dutelako. Oker eta kalte handia da hori, gaixoen berria bata besteagandik handiagotu egiten delako. Gero albiste ikaragarriok entzunik, asko eta asko beldurtu, mekotu5 eta kikildu egiten dira, eta beldurraren beldurrez indarra eta adorea galdurik, gaixoak errazago harrapatzeko gai izaten dira. Hori ez da zentzua, zentzua bestea da: osasun gauzetan jakitun diren gizonek agintzen dutena (garbiketa, era oneko biziera eta abar) egitea eta beldurrik ez izatea, berriketan, gutxi dena asko dela esaten, ibili barik.

[hemen jarraitzen du]

  1. gastatu
  2. alkoholaz
  3. egitekorik
  4. kirastunak
  5. ahuldu