[hiztegiaren lehen zatia, hemen]
kartzela Estatuak asmatutako sistema, autoritatearen eta diziplinaren bitartez herritarrak zigortu eta zuzentzeko; denboraren bidez kuantifikatzen da. 2020ko konfinamenduan hasi ziren euskaldun asko ohartzen kartzelan urteak ematea zer izango den, aste batzuetan etxetik irteteko debekua zein gaizki zeramaten ikusita.
koma 1 Testuetan erabiltzen den puntuazio ikurra, irakurtzen ari denak arnasa hartzeko erabil dezakeena. Hogeita batgarren mende hasieran, naturak arnasa hartu ahal izan zuen, gizarteak bere martxa eroa etenarazi zuen koma batekin topo egin zuenean. 2 Kontzientzia eta sentsibilitatea galtzen direnean sortzen den egoera. Ekonomia koman sartuko zen beldur zenak Madrildik puntua nola jartzen zioten ikusi behar izan zuen. Arzalluzen azak nola, Urkulluren komak hala.
konfinamendu Etxeratze edo/eta isolatze behartua, hasiera data ezaguna duena baina bukaera data ziurrik ez. 2020ko lehen konfinamendua martxoaren 15ean hasi zen Hegoaldean.
kurba Lautu –makaldu, apaldu edo beheratu– beharreko elementu matematikoa, bere barruan pertsonak eta bizitzak ezkutatzen dituena. 2020ko udaberriaren parte handi bat kurbei begira eman genuen, haien bilakaera onberan baikenuen itxaropena jarrita.
larrialdi Ospitaleetako larrialdi zerbitzuak estu eta larri jartzen dituen egoera. Ospitaleak larri badaude, hobe larrialdirik ez izatea.
leiho Ateak itxiarazitakoan kanpoarekin harreman zuzena izateko geratzen zaigun azken baliabidea. Bolada luze hartan, hiri handietako biztanleak ere herri txikietakoak bezala hasi ziren, leihoetan denbora gehiago eman eta hurkoaren joan-etorriak zaintzen.
osasun Edozein kasutan lehenetsi beharreko egoera (omen), koronabirusak eragindako krisialdiari aurre egiteko hartutako erabaki batzuk ikusita zalantza dezente geratu badira ere. Batzuen ekonomiari begiratu beharrak pertsona askoren osasuna auzitan jar zezakeela ohartu ziren.
positibo Osasun kontuetan izan ezik, “onuragarritzat jotzen dena, baikorra” (EH1). Mediku jendeak “positibo” esaten duenean, ojo!, txarra da eta.
sare Korapiloz osatutako ehuna, korapiloek berek eta haien arteko hariek egituratzen dutena. sare sozial (birtual edo digital) Sistema informatikoa, zeinaz esaten baita, sarearen irudiaz baliatuz, korapiloek pertsonak errepresentatzen dituztela eta hariek pertsonen arteko harremanak. Udaberri hartan, antxoa baino gizaki gehiago geratu ziren harrapatuta sareetan.
telelan Telebistarena bezalako pantaila baten aurrean lan egiteko sistema, katua edo ume txikia lepoan duzula, eta labadoraren alarma petrala deika, programa amaitu dela eta arropa zabaltzeko garaia dela adieraziz. Telelanerako aplikatibo askoren izenak ikasi ditugu egun hauetan: Zoom, Skype, Hangouts, Jitsi, Teams, Webex, Blackboard Collaborate Ultra eta abar.
tristura Kaleak hilerri bihurturik ikusteak sortzen duen sentimendua.
umore Beltz edo zuri, bizitzaren zailtasunei aurre egiten laguntzen digun elementu katartikoa, huts egin gabe mantendu beharrekoa. Jendeak umorez hartu zuen berrogeialdia, lehenengo egunetan behintzat, eta mugikorren aurrean barrez lehertzen ikusi genituen geure buruak. Geure buruari barre egitea beharrezkoa da, eta umoreak laguntzen du horretan.
xaboi Birusak eta haien tankerako bestelako mikroorganismoen aurkako borrokan eraginkorrena den produktua, bere molekulak mikroorganismoen estalki lipidikoetan sartu eta deuseztatzeko gai baitira. Koronabirusaren aurka xaboia bezain eraginkorrak ez diren hainbat gai saltzen hasi dira bazterretan.
zahar 1 Balio gutxiagoko –gaztearekiko– izakia, heriotza gertuago –gazteak baino– izanik, beste –gazteago– baten aldean sakrifika daitekeena. 2 Bereziki babestu beharreko pertsona. 2019an agertutako koronabirusak sortutako gaitzaren biktima gehienak zaharrak izan ziren.
zaindu animo eta eutsi-rekin batera, agurtzeko erabili ohi den hitza, batik bat 2020ko COVID-19 izeneko pandemiak ekarri zuen larrialdiaren ondoren.
zaintza Gaur egun, euskaraz, 2001ean baino lau aldiz gehiago erabiltzen den terminoa2, eta koronabirusaren krisiak gizartearen kezken erdigunean jarri duena. Gure gizartean zaintza lanak duen garrantziaz jabetzeko balio izan zuen konfinamenduak.
zaurgarritasun Ahulezia, zauritua eta kaltetua izateko arriskua. Gure zaurgarritasuna gutxiesten ohituak, handiagoa izan da jaso dugun kolpea.
ziurgabetasun Sin.3 Etorkizuna, geroa.
- Euskaltzaindiaren Hiztegia
- Egungo Testuen corpusa
- Sinonimoak