Bai, ongi etorri, L., mundu xelebre honetara. Kosta zain, baina iritsi haiz. Nora, baina? Aurrenetik ez dun ezer ulertuko –lasai, guk ere ez–, haintxe zeuden gauzak nahastuta; baina aurki etorriko dun dena bere onera, ez apuratu. Nebatxoari galdetu beharko dion ea zer demontre gertatzen ari den hemen, nora arraio ekarri hauten; hark azalduko din –serio-serio, gainera, etxeko txikiena izatetik nagusi izatera pasatu den honetan– zertan garen: zomorro gorri bat omen zebilen kaleetan, halaxe esaten din, eta hori dela-eta etxean geratu beharra dagoela, batere irten gabe. Baina, lasai, aste batzuetako kontua izango dun, eta laster atera ahal izango gaitun denok, udaberriko eguzkiaz gozatzera, eta itsasoaz, eta mendiaz… Bitartean, egonean egon, goxo-goxo; eta aprobetxatu, etxeko guztiak hiri begira izango ditun eta –besteok bideo deiez egin beharko dinagu hire ezaguera, oraingoz behintzat.
Oharra: Mezulari berdeak ez dio iskin egiten bizitzaren eta heriotzaren dinamikari: 10:00etan, L. etorri dela eta dena ondo. Zorionak emanez erantzun orduko, 10:01ean idatzitako beste mezu bat zegoela ohartu, eta lagun baten aita joan dela: lurra arin izan bekio. Bata bestearen atzetik, batak bestea dakarrela ahaztu ez dezagun.
♀️