Ikusten denez, argazkia ez da bart egindakoa. Atzo ez zen surik piztu Alkizako plazan; garretara ez zen txorimalorik amildu, inguruan bildutakoen zalaparta eta txilioen artean. Aurten, San Juaneko sua ez da etorri, behiala bezala, gaitzak uxatu —premia bazegoen, baina— eta gizakion bekatuak garbitzera; eguzki berria indartzeko kemenez etorriko ahal zen behintzat, piztu ahal izan duten tokietan!
Udako solstizioan gaude, atzean utzi dugu sekula bizi izan dugun udaberririk xelebreena; udak zer ekarriko digun, berriz, auskalokoa da, ohikoz kanpokoa da-eta biltzen gaituen ziurgabetasuna. Udako solstizioarekin badu zerikusia blog honek, baten batek izango du gogoan: 2016an, Ipar Hemisferioko udako solstizioa bat etorri zen, aspaldiko partez, ilbete eder batekin, Ipar Amerikako algonkinek “marrubi ilargia” deitzen dutenarekin, hain zuzen: «Ez koloreagatik, ez, baizik eta marrubiak helduta eta biltzeko prest dauden seinale delako baizik» deitzen diotela horrela zioen Ternuara bidean zen bidaiariak, duela lau urte baino gehiago idatzitako blogoeta batean.
Lau urte geroago, paraje haietako marrubiak biltzeko prest izango dira, noski, urtero legez. Hemen, berriz, ezohiko lege batzuen menpe gabiltza, eta egoerak xelebre samarra izaten jarraitzen du: taberna edo jatetxe bateko mahai baten inguruan biltzea —segurtasun arau batzuk beteta— edota autobus batean pilatuta joatea —segurtasun tarteak nekez betez— legezkoa bada ere, bertso saioak herriko plaza batean egitea debekatuta dago batzuetan —segurtasun arau berberak bete ezinik ez dagoela— edo ez da posible, leku batzuetan, su baten inguruan aire zabalean jauzika ibiltzea —utzi beharreko tarteak utzita, hori ere—. Enfin, noraez zoroan garabiltzate “normaltasun berria” deitu duten horretan, eta ez dakigu nora eramango gaituen egoera honek. Edonola ere, eta inoiz baino gehiago, ikas dezagun unea bizitzen eta hartaz gozatzen ahalik eta gehien; aurtengo udan, behintzat, deus gutxi baitakigu biharkoaz, eta deus ez etzikoaz.
Uda on denoi!