Deskonfinamendua

Uztailak 17, ostirala. Goiz irten haiz gaur ere, egunero bezala. Dagoeneko beste erritmo eta beste modu batzuk ikusten dizkiok hire buruari: gaur, gosaldu eta gero denbora hartu duk, esaterako, bizikleta pixka bat txukuntzeko, katea garbitu eta olioztatzeko…; bestalde, gaua noiz emango duan badakik, tokia hartuta daukak, eta ekaitz arriskurik ez egun hauetan –eguraldia oso egonkor zegok inguru honetan–: horrek denak beste lasaitasun bat ematen dik egunari aurre egiterakoan.

Pradatik atera eta Eus-eko bidegurutzearen ondotik pasatu haiz –inguruotan ibilia hintzen duela bi urteko udaberriko oporretan, eta ondo gogoratzen hituen bideak–, Vinça aldera jo aurretik. Têt ibaiaren haranean behera hoa errepide nagusitik, baina Vinçara iritsi baino lehen beste errepide bat ikusi duk eskuinetara, mendi aldera, eta berehala ohartu haiz errepide txiki hark eramango hinduela, segur aski, hik gero hartu nahi huen bidera; errepide nagusia uzteko aukera zenez, handik sartu haiz gehiago pentsatu gabe, zer-nolako aldapa espero gabekoetan sartzera hindoan aintzat hartu gabe –beste erritmo eta modu batzuk, inondik ere.

Joch

Paraje ederrak korritu dituk gaurko etapan; gaurkoagatik bakarrik merezi izan duela bidaia hau egitea, horixe izan duk buruan egun osoan. Igo duan aldapa luze bakarra etzan samarra duk, aurreko egunetako askorekin erkatuz gero, eta bideko tokiak izugarri lasaiak, gordeak; ezkutuak ia. Aldapari ekin aurretik, herrixka baten argazkiak egiten ari hintzela, mutil bat gelditu zaik ondoan. Bizikletan zihoaan hura ere, eta zakutoak eta eskutokiko poltsa zeramatzaan, hik bezala. Hamar minutu eskas egongo zineten hizketan, baina, batzuetan gertatzen duk, bion arteko erabateko sintonia sentitu duk tarte labur horretan. Matarókoa zuan, eta hizketan hasi orduko konturatu haiz frantsesez baino hobeto moldatuko zinetela, biok ere, Pirinioen beste aldeko hizkuntza nagusian. Bizikleta hartu eta Katalunia ezagutzen zebilean, herriz herri eta bazterrik bazter… Hendaiatik hentorrela esan dioanean, “Hori bai, deskonfinamendua!” atera zaiok barrutik, berak ere bazuela deskonfinatzeko premia eta horretan zebilela aitortu aurretik.

Eta egun osorako pentsagai hauxe utzi dik: maiatzean ez huen aukerarik ere ikusten hire plan hau betetzeko; gerora, ordea, argiune bat zabaldu zuan zeruan, eta jendeak pentsatu zian –denok pentsatu zenuten– txarrena pasatuta zegoela, ez ginela berriz ere atzera lehengora itzuliko. Azkenaldian, ordea, lainaje beltzak hasi dituk agertzen berriz ere mehatxari zeru berean, eta ez zekartek gauza onik, ez dakartenez. Gero gerokoak, hiri inork ez dizkik kenduko egindako kilometroak eta igotako aldapak; ez eta ikusitako parajeak eta gozatutako une guztiak ere.

Baillestavy
Baillestavyko eliza erromanikoa

Deskonfinatzeari jarraitu diok, beraz, egun osoan: eguraldia, primerakoa; errepide estuak eta lasaiak; bizikletari batzuk gora eta behera, autorik ia batere ez… Canigó eskuin aldera huela, altuera hartuz joan haiz poliki-poliki, 1.000 metrotik gora dagoen Palomère mendatea gainditu arte; han, Mediterraneoaren urdina, usaindu ez ezik, ikustatu ere egin duk urrutira, ganduak erabat garbi erakusten ez bazian ere.

Trinitateko eliza erromanikoa (Prunet-et-Belpuig)
XII. mendeko kristoa

Prunet-et-Belpuig herriko auzo txiki batean, berriz, eliza erromaniko ederra, XI. mendekoa. Beheraxeago, Oms herrian –ez al ginen deskonfinamenduaz ari?–, itxi egin ditek zegoen taberna bakarra, jarduerari utzi diotelako; hantxe pentsatzen huen hik, bada, zerbait jatea: dena ezin perfektu izan!

Oms

Asko jan gabe, beraz (gosaritik hartutako sagar bat eta barrita energetiko batzuk baino ez), ordu bietarako Céret-en hintzen, 70 kilometro pasa eginda; bakarrik ibiltzeak bere alde txarrak baditik, noski, baina onak ere bai: nahi duanean ateratzen haiz, askoz ere aiseago eta zaluago mugitzen haiz taldean baino… Nekez ailegatzen zarete horren goiz helmugetara taldean zabiltzatenean. Céreten erreserbatuta huen ostatua oso txikia duk (lau logela besterik ez) eta herri polit honen erdi-erdian zegok. Jabeak ingelesez hobeto egiten dik frantsesez baino, eta COVID gaiaren kontuan bidaia osoan ikusi ez duan bezalako punttalakurlotasuna erakusten dik han eta hemen: ostatuko gune komunak itxita zeuzkak badaezpada ere; logeletako apaingarri asko erretiratu egin ditik desinfekzio lanak erraztearren; gosariak logelan zerbitzatzen ditik (terrazatxo bat ere bazegok eta hura salbuetsita zeukak, aire librean denez); bi orrialde instrukzio utzi dizkik gelako mahaian, bere etxeko arauak zein diren azalduz… Enfin, ez dakik ingelesa delako den edo bestela, baina horrelakorik ez zaik parean egokitu orain arte.

Uztailak 18, larunbata. Atseden eguna. Bai, berriz ere atsedena! Hasierako planak 14 etapa zitian, baina gerora konturatu hintzen muga zeharkatzea pentsatuta heukan lekutik ezinezkoa zela, ez zela posible errepidez behintzat (pista egongo duk, akaso, baina ez hago seguru; eta, izatekotan ere, kilometro dezente izango dituk pistatik). Ordezko bidea marraztu huenean, baina, lau etapa zirenak hirura errenditu hituen, eta ez haiz horretaz konturatu duela egun batzuk arte. Beraz, azkenean 13 etapatan bukatzeko moduan izango haiz, eta bidaiaren azken parte honetan lasaiago ibiltzeko aukeraz gozatzen ari haiz. Lehenago konturatu izan bahintz, atseden egun hauetako bat orain baino lehen hartuko huen, azken hauek baino etapa gogorragoak izan baitira lehenago; baina, tira, egindakoa eginda zegok, Aubisque urrun zegok hemendik. Edonola ere, oso gustura, Céret honetara bueltatzeko gogoz baihintzen aspalditik (duela 30 urteko hartan ere pasatu zineten hemendik, baina ez zenuten betarik izan luze geratzeko).

Céret, 8.000 inguru bizilaguneko hiri koskorra, estatuen arteko mugatik gertu dago, Vallespir haranean (Roselló eta Conflenten mugakide). Badira herriak margolariak erakartzen dituztenak, eta hauxe da horietako bat: platano handiek itzalpetzen dituzten Céreteko plaza eta kaleek betidanik erakarri izan dituzte margolariak –ez da harritzekoa: zuhaitz horien hostajeak argiarekin, udan behintzat, egiten duen jolasak erronka izan behar du edozein pintorerentzat–, eta ibilbide oso bat egin daiteke plaza eta kaleotan zehar, koadroen erreprodukzioak haiek margotuak izan ziren lekuan bertan ikusiz: Picasso, Gris, Loutreuil, Soutine, Braque… “Kubismoaren meka” izena ere eman izan diote hiriari, XX. mendearen hasieran hemen bizitzen egon baitziren hainbat pintore kubista.

Céret

Bestalde, Céreteko kaleek, muga hain gertu izaki, arrazoi politikoak eta bestelakoak direla medio alde batetik bestera pasatu behar izan duten jendeen trafikoa ezagutu dute maiz: Espainia eta Kataluniako errepublikanoak, 1939an, esaterako, edo geroxeago nazien ihesi zihoazen juduak, frantses erresistenteak edo alemanek ezarritako STOarekiko1 intsumisoak.

Hiri bizia, bada, gaur egun turismoa erakartzen duena, eta Arte Modernoko museo aipagarri bat ere baduena (orain itxita, handitzen ari direlako).

  1. Service du travail obligatoire.