Historia bidera

Uztailak 19, igandea. Maskaradun baten aurpegian begi eder batzuk eta irribarreak ere suma daitezkeela ohartu hintzen atzo, bezperan izandako jatetxe berean sartu eta zerbitzariak egindako harrera beroa sentitu huenean; balizko mutur okertzeak, berriz, ezkutatu egiten zizkiguk ditxosozko musukoak… Dena abantailak, beraz, ezin kexa!

Céretetik gora abiatu haiz goizean, mendi muga –estatu muga ere badena– zeharkatzeko asmotan (Izpegi gainetik lanbropean pasatu hintzen hartatik estatu frantsesean ibili haiz, kilometroak eta egunak joan dituk harrezkero). Eta historia irten zaik bidera gaur. Uztailaren 19a duk, eta txio herrian ikasi duk gaurko egunez errenditu zirela Amaiurko gaztelua defendatzen ari zirenak –Amayur gaztelu baltz ori, beŕeun gudari oro sumin… Lauaxetaren olerkian–, 1522an; bestalde, Mola jeneralak ere egun hau aukeratu zian, 1936an, Nafarroako gobernuaren aurka altxatu eta faxisten egiteko moduei ekiteko.

Bada hire gaurko bideak azken gerra zorigaiztoko horren oroimena gordetzen duten tokietatik eraman hau: aurrena Illas herrixkatik pasatu haiz –Céretetik 20 km-ra, eta mugaz ipar aldera, oraindik–, eta hantxe zegok oraindik Kataluniako presidente Companys-ek eta Agirre lehendakariak erbesterako bidean atseden hartu eta omeleta bat –amuarraina ziotek beste iturri batzuek– jan omen zuten Hostal dels Trabucayres ostatua.

Hostal dels Trabucayres (Illas)

1939ko otsailaren 5eko gau hotza, elurtua omen dago bidea. La Vajol-en –mugaz hego aldean– daude Azaña, Espainiako presidentea, eta Negrín, gobernuburua, Diego Martínez, Kongresuko presidentearekin batera; han daude, halaber, Agirre eta Companys ere. Zazpiehun mosso ere bai, Companysi agurra egitera etorriak. Gerra egoera erabat okertu zaie errepublikaren aldekoei, faxisten bonbaketariak ez dabiltza urrun: beste aldera pasatu beharra dago lehenbailehen. Abiatzekotan dira, beraz, denak Illas aldera, Lli-ko lepoan barrena: bospasei kilometro izango dira mendiz, zazpi gehienez.

Azañak erabaki du Kataluniako eta Euzkadiko presidenteekin batera ez dela joango: onartzen duela Kongresuko presidentearekin joatea, baina, nahiz eta egoera larria izan, ez duela inola ere nahi inork interpretatzea beste bi gobernuburu haiek bere parekoak direnik, ez kategoria aldetik ez eta dagokien ordezkaritza aldetik ere. Beraz, batere itxoin gabe abiatu dira gorantz espainiarrak. Companys eta Agirre, berriz, ordu bat edo bi atzetik irten omen dira. Gorakoan, Negrínekin topo egin omen dute, Azañari laguntzetik zetorrela bueltan, eta eskaini omen diote berak ere geratzea; baina Negrínek ez du onartu. Inguruan omen zebiltzan Pradoko Museoko obraz eta Errepublikaren bestelako baliozko objektuz –urrea eta diruak ere bai, tartean– kargatutako kamioi batzuk ere; nonbait, gerra hartzen ari zen itxura ikusita, Negrínek La Vajoleko meategi bat desjabetu eta bunker bat eraikiarazia omen zuen bertan, baliozko gauza haiek guztiak gordetzeko; baina altxorrak handik atera eta Suitzako Genevara bidaltzen hasteko unea zela erabaki zuen, antza, otsail hasierako egun haietan. Ez naiz hemen berritzen hasiko, baina irakurtzeko modukoak dira Azañak eta Negrínek, batek presidente katalanari eta besteak euskal herritarrari buruz, aurrez boteak zituzten ezesateko batzuk; irakurri nahi dituenak hemen ditu: argi ikusiko du bertan, Madril “lehengo lepotik burua” dabilela oraindik ere, katalan zein euskaldunokin.

Bakearen Tenplua, Companysen omenez (Coll de Manrella)

Bidea haiek egin zuten kontrako norabidean egiten ari haiz, jakina. Illasetik pasatu, eta gora abiatu haiz, Manrella lepo aldera. Errepidea alde frantsesetik ez duk oso txukuna: hasieran asfaltoa, gero hormigoia, azkenean lurra eta harria (eskerrak kilometro eta erdi eskas baino ez den izan azken zati hori). Vallespir utzi eta Alt Empordà-n sartu haiz, eta hantxe, pista amaitu eta GI-505 errepide ona hasten den leku berean, hantxe zegok Frantzian alemanek atxilotu eta gero Bartzelonan fusilatuko zuten Companysen omenezko monumentua (Manrella lepoa Lli lepotik oso gertu zegok, baina Llin ez zegok errepiderik, eta horregatik Pau Casalsek eta Pablo Picassok leku hau aukeratu zitean monumentua eraikitzeko). Leku paregabea, bakardade erabatekoa… eta Carles Raholaren poema:

Hiltzea ez da tristea. Hiltzeak ez du izua eragin behar. Tristea, oso, eta izua eragin behar diguna, osotasunean ez bizi izana da. Hil zaitez lasai, eginbehar bat betetzen duzula sentituz hilko zara.

Companysek izan zuen amaieran pentsatu eta oilo ipurdia egin zaik. Monumentuaren ondoan, bi estatuen arteko 559 mugarria zegok, honako inskripzio honekin (katalanez hau ere): “Estatuz aldatu zara, baina ez nazioz”. Denbora egin duk hantxe, bakar-bakarrik. Gero, La Vajol aldera abiatu haiz, aldapa behera. Izendun errefuxiatu hauek hemendik pasatzen ari ziren bitartean, ekialderago dagoen Pertuseko bidetik milaka jende –milioi erdi bat inguru, diotenez– ari zituan Pirinioen ipar aldera pasatzen, han errefuxiatu politikoei dagozkien eskubideak aitortuko zizkietelakoan: Argelers-eko hondartza mortua zitean zain askok eta askok, hango hotza eta tramuntana bilaua, gosea eta miseria.

Frantziak aitortu omen dik, Companysen kasuan behintzat, gaizki jokatu zuela frankisten eskuetan utziz; oker ez bahago, Espainiak ez dik oraindik baliogabetu Kataluniako presidenteari egin zioten epaiketa militar bidegabe hura.

Erbesteratzearen monumentua (Lola Reyes eta Joan Garcia-Codina), La Vajol-en. Eskultura L’Illustration aldizkarian, 1939ko otsailaren 18an argitaratutako argazki batean oinarritua da (Roger-Viollet agentziarena dela diote batzuek).

Agullanan geldialdi bat, zerbait jateko, eta beherantz jarraitu duk. Beroa, aire lehorra, txitxarren kantua: uda betea sumatzen duk hemen. Gaurko etapa Peraladan amaitzekoa hintzen, eta hantxe egin duk hurrengo geldialdia, XII. mendeko klaustro txiki zoragarri bat ikusteko: erdian dagoen ezkia ikusita, lagun batek baino gehiagok esan ditek ea Gernikan ote henbilen, hango arbola ote zen.

Convent de S. Domènec (Peralada)

Peraladatik, berriz, Figueres-eko bidean dagoen Vilabertran-eraino etorri haiz, hementxe hartu baituk gaurko gaua pasatzeko lekua.