Halabeharraren gorabeherak

Bizikletaria astiro-astiro doa aldapan gora. Iraileko egurats garbi eta epela lagun, eguraldi aparta dago bizikletan ibiltzeko. Ez da pendiz gogorra, eroso eragiten zaie pedalei. Une honetan harizti eder bat zeharkatzen ari da, eta azalean sentitzen duen freskurak biziberritu egiten duela pentsatu du.

Aldapa luzea da, zerbait edatea otu zaio itzalpetik berriz eguzkitara irten aurretik. Gehienetan gelditu gabe edan ohi badu ere, geratu egin da oraingoan: bi oinak lurrean jarri, eta, bizikleta hanka artean duela, barrari lotuta daraman ur botilari heldu dio. Botila ezpainetara hurbildu orduko, bide ertzeko zuhaitz handi bat jausi zaio gainera, isilik, geldiro.

-o-o-o-o-o-

Normalean oinez joaten zen lanera, baina ez zen giro goiz hartan. Emakumea berantesten hasia zen, autobusa ez zetorren bere orduan. Markesina azpia lehorpe ona zen, euria gogotik ari zuen; hala ere, burua atera eta hiribide aldera begiratzen zuen tarteka, ditxosozko autobusa behingoz kantoiari buelta ematen noiz ikusiko.

Halako batean, auto gorri bat agertu da hiribideko kantoi hartatik, abiada bizian: galtzada bustian irrist egin eta espaloi aldera lerratu da zeharka, putzuetan pilatuta zegoen uraz errezel lodi bat sortu eta emakumearen ikuspegia erabat lausotuz. Balaztada hotsa, zipriztinak, ur jauzia… Kale-argi baten kontra baratu da azkenean, izugarrizko danbatekoa emanez; kale-argia markesinaren gainera erori da, plaust, kamera geldoan bezala; emakumea markesinaren azpian geratu da, zanpa-zanpa eginda.

-o-o-o-o-o-

Eskilo, tragedia grekoaren sortzailea, K. a. 456an hil zen, zerutik buru gainera amildu omen zitzaion dortoka handi baten oskolak zapaldurik. Itxura denez, Eskilo burusoila zen, eta dortoka atzapar artean zeraman eta haren haragia jateko ahaleginetan zebilen arranoak, idazlearen burua harritzat hartu eta haren gainean askatu zuen narrastia altutik, oskola kraskatuko zuelakoan horrela.

Legendak dioenez, orakuluak iragarria zion Eskilori etxe bat jausiko zitzaiola gainera —beste bertsio batzuen arabera, zerutik etorritako azkon edo dardo bat izango zen—, eta hartatik hilko zela. Hiritik kanpo omen zebilen aspaldian horregatik…

-o-o-o-o-o-

Aztertuta dago estatistikan 0 probabilitatea duten egitateen kasua. Bitxia da, baina egitate batek 0 probabilitatea izateak ez du esan nahi egitate hori gertatzea ezinezkoa denik. Estatistikariek bi 0 aipatzen dituzte: ezinezko gertakarien probabilitatea dena, bata; eta ia seguru ezinezkoak diren gertakariei dagokiena, bestea. Hara:

  • Dado arrunt bat botatzen badugu, adibidez, 7 ateratzeko probabilitatea 0 da; eta, bistan da, dado arrunt bat erabiliz ezinezkoa da emaitza hori ateratzea.
  • Mapan Urduñatik Atharratzerainoko lerro zuzen bat marrazten badugu, berriz, zein da lerro horretako puntu jakin bat zoriz hautatzeko probabilitatea? Bada, 0: lerro zuzenean infinitu puntu daude, eta bakarra da baliozkoa; beraz, probabilitatea kalkulatzeko 1/∞ egin beharko dugu, eta horren emaitza 0 da. Baina kontuz, horrek ez baitu esan nahi puntu jakin hori asmatzea ezinezkoa dela (berez, litekeena baita). Ia seguru ezinezkoa da, baina ez erabat ezinezkoa.

-o-o-o-o-o-

Haritza non, eta une batez geratu den bizikletariaren gainean jaustea; auto gorriak labain egin eta kale-argia jotzea, eta hura markesinaren gainean erori eta markesinak autobusaren zain zegoen emakumea zapaltzea; arranoak dortoka non, eta Eskiloren buru gainean askatzea… Denak dira ia seguru ezinezkoak diren gertakariak1, baina gertatu, gerta litezke (eta gertatu, gertatzen dira).

Beraz, aholku bat: kaskoa buruan —eta maskara musuan (ezin zurrunbilotik atera!)— eta ibili munduan!

 

  1. Kondairari kasu egitera, egia da azken kasuan arranoaren nahitasunak ere izan bide zuela eragina, Eskiloren buru soildua harri batekin nahastu zuela esaten baitzaigu; baina, tira, horrek ez ditu gauzak asko aldatzen.