Herriaren etsaia (En folkefiende, norvegieraz) du izena Henrik Ibsen antzerkigile norvegiarrak duela ia 140 urte idatzitako obrak.
Antzerki lan horren protagonista Thomas Stockman doktorea da, bainuetxe batzuen osasun arduraduna. Stockmanek ospe handia du herrian, jende guztiak estimatzen du. Arazoak, baina, bainuetxeko urak kutsatuta daudela deskubritzen duenean hasiko dira. Urak hartzera datorren jendea ohi baino gehiago gaixotzen da, eta medikua sinetsita dago eritze horien sorburua hoditerian dagoela. Sotckmanek bere deskubrimenduaren berri eman nahi du berehala, jakina, uren kutsaduraren kausa diren azpiegituren berritzea lehenbailehen egin dezaten.
Stockmanek dakienaren berri eman nahi du, eta halaxe egiten du; baina orduantxe hasten dira komeriak beretzat. Agintariak, aurrena, eta baita gero herriko jende handia eta komunikabideak ere, haren kontra jarriko baitira, hasieran alde duen iritzi publikoa ere medikuaren aurka makurraraziz; izan ere, uren kutsadura sortzen duten kanalizazio zaharkituak berritzen hasteak kostu izugarri handia du, eta, gainera, bainuetxea bi urtez ixtea ekarriko luke, horrek izango lituzkeen ondorio ekonomiko txar guztiekin (herriko merkatari, ostalari eta abarrentzat, esaterako): herriarentzat, bada –herriaren gidarientzat behintzat–, pentsaezina da une horretan halako gastu eta katramiletan sartzea. Stockman isilaraztea helburu bihurtzen da, beraz, horientzat guztientzat.
Stockman medikua da, zientzialaria, eta printzipio moral sendodun gizon gisa marraztuta ageri zaigu obran; hasieratik ikusten da ez diela uko egingo bere printzipio horiei ezerengatik: jendearen osasuna beste edozeren aurretik dago, eta ez dago prest osasun hori arriskuan jartzen ari denaren aurrean isildu eta ez ikusiarena egiteko. Gatazka, bada, horretan datza: eutsiko ote dio gizon honek, iraungo ote du zuzena dela pentsatzen duenari leial? Obra aurrera joan ahala ikusiko dugu zer-nolako bideak erabiliko dituen establishmentak medikuaren erresistentziari azpiak jateko; isil dadin onez onean erregutzetik, “herriaren etsai” izendatzeraino, eta handik pertsona –eta haren familia– erabat suntsitzen ahalegintzeraino.
Testua irakurri ahala, egun bizi dugun egoera etortzen zaigu burura ezinbestean. Oraingo egoera honetan ere osasuna eta ekonomia aurrez aurre daudela baitirudi askotan, bataren alde hartzen diren neurriak beti bestearen kaltetan joango balira bezala. Ingurumena suntsitzen ari gara, baina kapitalaren interesek pisu handiagoa dute; gure osasuna arriskuan dago, baina diruaren makineria mantsotzerik ez dago. Ia mende eta erdi joan da Ibsenek bere obra idatzi zuenetik, baina egun idatzitako lantzat irakur genezake neke handirik gabe.