Uztaileko egun bat, goizeko bederatziak jo berri: Col de la Core, Pirinioetan, Castillon-en-Couserans eta Seix artean, Okzitaniako Arièjan. Mendebaletik igoz gero, oharkabean pasa zintezke argazkiko gune horretatik, Ayet-eko etxe multzoak eratzen duen irudiaz batere jabetu gabe. Aski da, ordea, errepide bazterrean geratu eta atzera begiratzea, lekuaren ederrak harrapa zaitzan.
Zuri-beltzak irudiaren esentzia transmititzen dizu, muinekoa ez dena ostenduz. Kolore ezak indar handiagoz begietaratzen dizu argi-itzalen kontrastea: sartu dira eguzkiaren lehen izpiak Vathmala haraneko txoko honetan, eta sortaldera begira dauden horma-teilatu eta mendi magalak argitzeari ekin diote dagoeneko; gainerakoak ilun jarraitzen du, ospel; hondoan, gailurrei itsatsita diraute oraindik hodei batzuek, goi aldeko basoei itzal eginez.
Ayet honek eta Samortein-ek Vathmala (Bethmale frantsesez) udalerria osatzen dute. Bien artean ez dira 100 bizilagunera iristen gaur egun; XIX. mende bukaeran, berriz, 1.835 ziren. Argazkiaren bertsio sepiak garai hartara zaramatzake, Pirinioek turismoaz bestelako bizitasuna zuten sasoi ez hain urrunera.