Korridore karratua

D da E. Kolonialdeko inurritegirik ederrena, halakoa du sona behintzat: eraikin dotoreak, galeria eta korridore argitsuak, txoko politak… eta, oro har, oso inurri jende jatorra. Edertasun horren zerbitzutan-edo, gauza handiak egitera deituak direla uste dute D-ko agintariek.

Jakina denez, inurritegietan erregina bat edo gehiago egon ohi dira, eta horien mende egoten da kolonia osoa, zeina haiei begira bizi baita. Haiek bakarrik dira ugalkorrak, haiek dira emankor bakarrak.

Erreginen meneko zuzen hierarkian, inurri soldaduak daude —arrak denak—, zeinak meneko ez ezik guztiz esaneko izan ohi baitira. Soldaduon lanik printzipalena erreginak ernaltzea da, eta horrela lortzen da koloniaren iraunkortasuna, koloniak beti-berean jarraitzea; lanik printzipalena bai, baina ez bakarra: soldaduen zeregin baitira, orobat, inurritegian ordena eta segurtasuna bermatzea, inurri langileei (ikus hurrengo paragrafoan) erreginek nahi duten gisan lan eginaraztea —eta hala egin ezean zigortzea—, eta, azken batean, erreginen nahiak bete daitezen egin beharreko oro egitea.

Azkenik —hierarkiaren beheko mailan—, inurri langileak edo arruntak daude —antzuak—, zeinak, izenak berak dioenez, lan eta lan jarduten diren etengabe, jo eta su burua altxatu ezinik maiz.

Erreginak proiektu handien zale izan ohi dira normalean, eta halakoxea da D inurritegiko Horma erregina. Horma erreginak kaskoan sartuta zuen aspalditik bere inurritegian inguruetako korridorerik luzeenak behar zituztela, eta ez zuen onik izango harik eta bere nahi hori —bere Proiektua, hala esaten zion inurriteriak— beterik ikusiko zuen arte. Koloniako inurriek —arruntek bederen— ez dakite erreginak zertarako nahi dituen hain korridore luzeak, eta, aldiz, ez duen inolako kezkarik bere inurritegiko langileen ganberen bizi baldintza eskasengatik, adibidez; ez diote zentzurik ikusten jokabide horri, baina erreginek ez dituzte batere azaltzen beren arrazoiak.

Korridoreen Proiektuaren parte, Hormari bururatu zitzaion inguruko kolonien inurritegietara azkarrago heldu ahal izateko abiadura handiko korridore bat egitea —luzea ez ezik, abiadura handikoa—. Beste erreginekin hitz egin zuen, eta denak ados etorri ziren: abiadura handiko korridore hori egin beharra zegoen, kosta ahala kosta, ezinbestekoa zen-eta D-rentzat eta E. Kolonialdearentzat. Sekzio karratukoa izan behar zuela otu zitzaion, gainera, baten bati: beste inongo kolonialdetan ez zegoen bezalako Abiadura Handiko Korridore Karratua izango zuten, beraz, etorkizunean D-n; eta inguruko kolonien inbidiagarri izango zen, ondo omen zekiten hori.

Ekin zieten, bada, lanei, eta hasi ziren eraikitzen aipatu korridorea. Denbora joan zen eta emaitzak baino gehiago kezkak hasi ziren nagusitzen: lanak izugarri luzatzen ari ziren, ez baitzuten aurreikusi halako korridore bat eraikitzeak ekar zitzakeen arazoak. Langileak ohituta zeuden sekzio biribileko korridoreak edo tunelak egiten, baina sekzio karratukoak egitea nekezagoa zen; nekezagoa… eta garestiagoa, jakina. Arazoa honetan zetzan: inurritegi hartako lurrak ez ziren buztinezkoak eta, hondartsuak izaki, aise xehatzen ziren; hala, tunelei sekzio biribila ematea erraza zen —aski zen hormen ertzak leuntzea, berez biribiltzen ziren—, baina sekzio karratua ematea ez; izan ere, praktikan ezinezkoa baitzen sekzio karratuko tunelak egitea, forma eman berritan karratua zena biribilduz joaten zelako denborarekin, ezinbestean. Baina tunelak karratua behar zuen nahitaez, hala zioten erreginek —eta soldadu gehienek.

Egunak, asteak, hilabeteak joan ziren, eta lanek ez zuten aurrera egiten. Langileen arteko asko nazka-nazka eginda zeuden Proiektuarekin, ez baitzuten ikusten halako zerbait eraikitzeak izan zitzakeen abantailak zein ziren —inguruko inurritegietara betiko korridoreetan barrena ere aise joaten baitzen, eta, zerbait egitekotan, egokiago iruditzen zitzaien korridore haiek konpondu, zabaldu eta hobetzea, ezertarako behar ez zen korridore karratu garesti hura egitea baino—; ez zuten ikusten zer nezesidade zegoen halako zerbait eraikitzeko. Inurri arruntek bestelako premia asko ikusten zituzten kolonian, baina erreginen eta soldaduen artean ez zuten haiei aurre egiteko jarrerarik sumatzen. Koloniako langile auzoetan, “Abiadura handiko KK” esaten hasi zitzaizkion Hormaren proiektu handinahiari.

Neguko egun euritsu batean izan zen. Berehala zabaldu zen albistea, sakelakotik sakelakora: «Zulo bat azaldu da, zulo beltz bat azaldu da Behe Bailaran». «Beste zulo bat azaldu da Behe Bailaran», zioten beste batzuek, astebete lehenago inguru berean sortu zen beste hura gogoan. Soldaduen eta erreginen sakelakoak ere sua zeriela ibili ziren goiz hartan, eta Horma erreginaren jakinarazpenak hedarazi zituzten berehala, komunikabideen laguntzaz (dena ukatzen ahalegindu ondoren izan zen hori, agerian geratu zelarik ezinezkoa zela jazotakoa ezkutatzea): 1) Gaur goizean istripu arrunt eta ohiko baten ondorioz agertu den zuloak ez du zerikusirik eraikitzen ari garen korridore karratuarekin; 2) zulo honek ez du zerikusirik lehenago agertu zenarekin, zulo hark ere Proiektuarekin zerikusirik ez zuen bezala; 3) Proiektua ona da, beharrezkoa, eta oso bide onetik doa. Eta, ororen gainetik, 4) koloniako kide guztien segurtasuna bermatuta dago beti.

Erreginak soldaduburuari deitu eta agiraka egin dio, ea zer gertatzen ari den, ezinezkoa dela berriz horrela egotea:

—Baina zer ari da gertatzen? Beti badugu zerbait… —ekin dio erreginak.
—Beste zulo bat, berorren gorentasuna. Lur azpi hauek hutsik daudela ematen du…
—Hutsik? Zuen lana da hustea, behar bezala hustea… Zertan zabiltzate? Lehenbailehen ezkutatu behar da, ahalegindu zaitezte nola edo hala disimulatzen, ez dezala inork ikus. Ea kazetariak gerturatu baino lehen estaltzen duzuen.
—Nola ez dezala inork ikus? Ba al daki berorren gorentasunak zenbat inurri dabilen zuloa agertu den inguru horretan ordu honetan? Mugikorra atera eta argazki bat egin gabe ez da inor geratzen, gainera, berorren gorentasuna; honezkero kolonia osoak ikusia du.

Horma erregina sutan dago, baina, goi mailako leinuetakoei dagokienez, ongi baino hobeto daki bero-keak disimulatzen; eskegi baino lehen, ordea, bere lau jakinarazpenak aletu dizkio banan-banan soldaduburuari, langileburuarekin lehenbailehen hitz egiteko aginduz.

Eskegi orduko, arnasa sakon hartu behar izan du soldaduburuak, langileburuari hots egin aurretik:

—Hi…
—Nagusi, zer egingo dugu? Jakin duzu zuloarena, ezta?

«Zuloa, zuloa…», soldaduburuak ezin du eraman manuko batek aurrea hartzea berak esan behar dionari, eta ez entzunarena egin dio haren azken galderari :

—Lehenbailehen itxi beharra zegok, redio! Itxi, estali… Tapatu, ¿me entiendes?
—Itxi, zer? Korridorea?
—Korridorea ez, zuloa!
—Eta alboko korridorea?
—Hori ere bai, ¡joder!
—Erreginen Inurribidea da, jauna, D-ko korridore nagusia… Itxi egingo dugu? Inurriz lepo dago oraintxe; eguraldi honekin, badakizu…
—Berdin ziok, itxi beharra zegok hori ere; eta lehenbailehen, redio!, inor erori eta bertan ito baino lehen.

Langileburuak, hala tokatzen zitzaion, martxan jarri zuen segituan prozesu guztia. Porlangileak ordu estrak sartzen jarri zituen, ohi baino porlan gehiago ekoizten has zitezen. Langile brigada berriak ekarri zituen zuloa sortu zen gunera, eta porlan kamioiak etorri ahala haiek husten jarri zituen. Porlan likidoa aise barneratzen zen zuloan behera, baina zuloa sakona eta iluna zen, eta hondoa ez zen ikusi ere egiten. Zuloak aise irensten zuen zintzurretik behera zetorkion materiala, gose-egarri zen seinale.

Kamioen joan-etorria etengabea da: etorri-hustu-joan, etorri-hustu-joan… Eta porlan likidoa zuloan barrena doa ezarian-ezarian, non asentatu aurkitzen ez duela, solidotzeko betarik gabe behera, behera, behera… Denbora aurrera doa, baina zuloak ez du betetzeko itxurarik; eta ez dirudi sekula beteko denik ere, joan den astean sortu zen hartatik irteten hasi baita bota ahala. Horretaz estreina ohartu den langileak langileburuari hots egin dio, mugikorretik:

—Nagusi, nagusi, hor behetik dena ateratzen ari da.
—Zer da dena, baboa?
—Porlana, nagusi, porlana! Joan den astean sortu zen zulotzarretik gainezka egiten ari da berrian botatzen ari garen guztia… Alfer-alferrik ari gara honela.
—Nola, gainezka… Ez lukek ezer aterako beste hura ondo bete izan bazenute.
—Ondo bete? Ez zenigun, ba, esan porlana alferrik galtzen ez ibiltzeko, zegoen tokian egonda ez zuela inork ikusiko eta ez zuela merezi?
—Kaka zaharra! Hasi betetzen zulo hura ere derrepente, ¡mekauendios! Ez diat inon zulorik nahi eguerdirako.

Segurtasun soldaduak ere azaldu dira bailaran, eta Erreginen Inurribidetik dabiltzan inurri aldrak atzeko korridorera desbideratzea lortzen ari dira, onean ez bada txarrean. Hala ere, zuloa bistatzen den guneraino iristen direlarik, inurriok ez dute aukerarik galtzen: ez du inork alde egiten mugikorra atera eta argazkirik egin gabe, eta batzuek lortzen dute selfiea ere egitea, bakarka edo bikoteka, lagunei bidaltzeko.

Bitartean, kamioietan garraiatutako porlana bota eta bota ari dira langileak, zuloak bete nahian —eta ezinean—: batetik botatzen dena bestetik ateratzen da, eta, hori gutxi bailitzan, Behe Bailarako korridoreetako bazter guztiak —eta bai bizilagunen ganbera batzuk ere— porlan soberakinez betetzen hasi dira.

Egoera ikusirik, bailarako inurri langileen greba —eta batzarra— deitu dute biharamunerako. Eguna zabaldu orduko, soldaduz mukuru esnatu da Erreginen Inurribidea.