Inongo segurantziarik gabe ekiten diozu gaurko hau idazteari, bihoa hori beste ezeren aurretik. Ez baituzu inolako jakite berezirik tratatzera zoazen gaien gainean, egia da, baina kanpotik etengabe datozkizun berri-iritzi-gomendio-pontifikatzeen aurrean kritiko izan nahiak zaramatza oraingoan idaztera, hala nola barrutik datorkizun ideien zaparrada baretu beharrak; eta nork bere gorputzaren gainean duen erabakimenaren aurrean errespetu gutxienekoa ere eskatu nahiak, bihoa hori ere datorren guztiaren aurretik.
Ez da honako hau ezein negazionismotatik idatzitakoa (laster itsatsiko dizute etiketa, badakizu; garaiak halakoak dira, urduri samar gabiltza denok ere), baizik goitik auskalo zein interesek moldatutako iritziekiko mesfidantza ustez sano eta beharrezkotik. Onintza Enbeitak Berrian, apirilaren 13ko zutabean, zioen bezala, iruditzen zaizu zuri ere jarrera desberdinen arteko errespetua nabarmenagoa dela kalean, jende artean, komunikabideetan –eta sare sozialetan– baino (txertoen kontrako jarrera, esaterako, aspaldikoa da, baina uste duzu duela ez hainbeste orain ez bezalako begirunea zitzaiela halako jarrerak dituztenei):
[…] Edurnek argi dauka ez duela txertoa ipiniko eta Pilik negazionista deitu dio (lau aldiz). Ez dio ardura izan: berak ez du birusaren izatea ukatzen, baina ez du bere gorputzean esperimentatu dezaten nahi. Komunikabideetan baino errespetu handiagoz eztabaidatzen du jendeak kalean…
Beraz, eta askori –hurbileko askori, seguruenik– batere gustatuko ez zaiela jakinda ere (beldur gutxi, halere, ongi baitakizu blogoeta hauen zabalkundea hutsaren hurrengoa dela, ez direla hurbileko horiengana baino askoz urrunagora iristen), aurrera egitea erabaki eta hemen ari zara, ideiak ordenatzen inoiz baino gehiago kostatzen ari zaizun hau idazten… (eta barkatu, luze dator gaurkoa).
Serieak boladan daude azkenaldian, eta AZ eta JJ bikotea protagonista dituenaren hainbat kapitulu ikusi ditugu dagoeneko. Serieak luzea dirudi, ordea, eta ez dakizu nondik nora joko duen, ez dakizu eguneroko kapituluek zein bazterretarantz bideratuko dituzten AZ eta JJ ditxosozko horiei, zertan eta noiz amaituko den dena; baina luze joko du, hala esango zenuke.
Onurak gehiago, askoz ere, balizko kalte (oso urri)ak baino: hori ote seriaren mezu nagusia?
Gehiago, askoz ere!; balizko, oso urri! Igualeko! Zentral nuklearren aldekoek erabiltzen duten argudio bera iruditu zaizu: onura-arriskuen oreka, horixe da gakoa. Asensioren erraustegiaren modernotasuna eta abantailak, esaterako, balizko ke zikin eta kalteen aldean; Fukushimako zentraleko erreaktoreak hozten erabilitako ur kutsatuen arriskurik eza (Japoniako gobernuaren esanetan, ur erradiaktibook itsasoratzen hasiko direla jakinaraztean; ez dute gauza bera pentsatuko inguru haietako arrantzaleek); atzo bertan erretirarazi zituzten grafenodun musukoen ontasuna (herenegun arte on, noski!)… Eta pentsatzen hasi zara Madrilgo (eta Kataluniako? eta…? Hobe ez asko pentsatzea!) zahar etxeetako egoiliarrak, pandemiaren lehen hiletan, beren geletan isolatu eta ospitaleetara ez bidaltzeko erabaki izugarri hura ere, ez ote zen halatsuko irizpide baten arabera hartu: zahar eria ospitalera ez bidaltzeak galarazten ahal du ospitalean dagokeen gazteago osasuntsua kutsatzea: onura handiagoa betiere kaltea (zahar gutxi batzuk hiltzen uztea) baino.
Eta “iritzi ofiziala” indartzeko, akritikotasunetik dezente duen zientifismo itsu samarra sumatzen duzu sare eta komunikabideetan; hurbilenetan ere bai, zure iritzi apalean (esango zenuke badakigula, jakin, kritikoago izaten herri honetan… baina urduri samar gabiltza denok ere, nonbait). Eta estatistikak, kopuruak trumilka… gainezka egin arte zenbaki jendea. Eta herritar arrunton “gainetik” jarri eta jardutea ere bai, batzuetan, pontifikatzetik urrun ez dabilen postutik aritzea: “Herritarrek heldulekuak behar dituzte…”, “…konfiantza emango dieten zenbakiak eta frogak.”… Ez, barkatu: herritarrok, ditugu, diguten; ez hasi politikariak bezala hitz egiten, mesedez, haiei nahikoa jasan behar izaten diegu-eta pulpitutik bestela ere. Eta zenbat excusatio non petita (“balizko”, “baldin balizko”, “oso-oso-oso urri”, “hain dira ezohikoak”…)! Zenbat Fraga Palomaresen, istripu nuklear baten ondoren kutsadurarik ez zegoela frogatu nahi izateko Quitapellejos bezain izen aproposa duen hondartzan bainatzen, frankismo beteko 1966 hartan!; ez ahal dira horiek gero Pfizerrekin txertatuko gordean, beste hura, mihi gaiztoen esanera, Palomaresetik 15 km-tara dagoen Mojácarren bainatu ei zen bezala! Enfin.
Ondo dakizu estatistikak interpretatzen zuk ere, badakizu askoz gehiago direla onurak arriskuak baino, baina… Zientifismo itsua dela-eta, hona hemen aipu zenbait, gogoan hartzeko moduko jotzen dituzunak –iruditzen baitzaizu letretako jendea, humanitateen alorretakoa, ez dela zientzietakoak bezain fidakor eta sinesbera ageri gai honen aurrean (homeopatian-eta fede handiagoa dutenetakoak ote dira, ba, oro har, letretako horiek?)–. Karlos Santamaria (1909-1927) ez zen letretako gizona, matematikaria zen formazioz; baina pertsona oso presente izan zuen beti (erdigunean, orain esaten den bezala), bere lan eta idatzietan. Bada hari buruz lan sakon bat EHUko webgunean, Karlos Santamaria eta haren idazlanak izenekoa, eta 4. atalean honako hauek irakur daitezke (Xabier Eizagirre eta Andoni Ibarra ageri dira egile; letra etzanez emandakoak soilik dira, beraz, Santamariarenak):
Benetako gizakia ikertu nahi denean, bere osotasunean, ez dago bere alderdi gizatiarraren abstrakziorik egiterik. Giza zientziak gizatasun hori, hots, giza izaera osoa, errespetatzeko helburuarekin abiatzen dira. Baina Santamariak, helburu hori lortzeko zientzia horiek aplikatzen dituzten zientzia-metodoen egokitasuna zalantzan jartzen du, zientifismoak zientzia-jardueran duen eragina azpimarratuz:
La esencia del cientismo […] consistía y consiste, precisamente, en eso, en la pretensión de un «conocimiento homogéneo». El hombre no será tratado de manera distinta que una simple cosa y el fenómeno humano habrá de someterse a un mismo análisis que un hecho físico cualquiera (Ibidem).
Hau da, zientifismoak homogeneotasunaren irizpidea ezartzen duenez, giza fenomenoaren azterketak merezi duen espezifikotasuna zientzia homogeneoaren sareetan galduko litzateke.
Ondo ulertu edo ez, Enbeitaren zutabeko pertsonon iritzi eta jarrera desberdinenganako “errespetura” eraman zaituzte pasarte horrek eta aipatu 4. ataleko beste batzuek: zientziak, zenbakiek, beren lekua behar dute, jakina, baina ahaztu gabe pertsona dela hemen ardatz, eta pertsonaren beldurrak, sinesteak, usteak, intuizioak ez direla mespretxatu eta gutxiestekoak inola ere. Zer pentsa eman dizu beste pasarte honek ere:
Beraz, Santamariaren iritziz, aurrerapen teknikoaren ilusioaren menpe bizi da egungo gizakia. Zientziaren eta teknikaren aroan gaude, eta aro horrek aldaketa garrantzitsuak eragin ditu gizakiaren baitan. Gizakia noizbait zoriontasun kolektibora iritsiko den itxaropenak hainbat mesianismo mota sortu ditu, eta egun, está naciendo una nueva mitología del progreso: zientzia-aurrerapenaren mitologia, hain zuzen ere («Plan y profecía», El Diario Vasco, 1966-08-14). Zehazkiago, eredu estatistiko-matematikoko giza zientzia prospektiboek, etorkizuna planifikatuz, epe labur edo erdirako zoriontasuna agintzen digute.
Edo Santamariarena berarena den beste honek:
Yo creo que Einstein no resistiría la comparación con Cicerón. Las reflexiones de Einstein sobre el hombre y sobre la sociedad causan tristeza por lo vacías y superficiales. Comparad a estos dos tipos de sabios y veréis que un mundo inmenso nos separa de la sapiencial antigüedad (Ibidem).
AZ eta JJren seriearekin jarraituz, harrigarria da seriea kapitulutik kapitulura izaten ari den bilakaera, kapitulu bakoitzak aurrekoa nola gainditzen duen ikustea, hurrengoak azkena txiki utziko duelako segurantzia. Alemanian utzi egin diotela AZ emateari ezohiko arazo gutxi –baina hilgarri– batzuk gertatu –edo, hobeto, suertatu— direlako, eta gauza bera egin dutela gero Italian eta ez dakit beste non; eta, noski, baita gurean ere azkenean (beti bezala). Eta hurrengo kapitulua –balekoa–, non EMAk aurrera egiteko gomendatuko baitu, ez dagoela-eta loturarik txertoen eta izandako heriotzen artean. Baina etorri da gero lehen kapituluaren tankerako beste bat –kalekoa–, eta haren segidan baleko beste bat, non, oraingoan bai, aitortuko duten lotura egon, badagoela… Baina lasai: oso-oso kasu gutxi dira, oso-oso-oso ezohikoak, eta ez beti hilgarri, gainera; eta onurak beti gehiago dira balizko kalteak baino, ez apuratu. Ikerketa, larrialdia dela medio, presaren akuilupean egin dela, eta akatsak egon daitezkeela onartu? Bai, zera, ezta okurritu ere, nola ba! Eta aurrera, beti aurrera, the show goes on! Eta estatistikak eta EMAk diotena sakralizatu ditugularik, hor etorriko zaizu Australia, ez dakit zer adinetatik behera AZ ez duela gehiago baliatuko esanez (ia oharkabean pasatu da albistea, gertuko odolbildu kasu ezohiko batzuk nola), edo Frantzian adin tarte batean erabiliko dutela eta Espainian beste batean (nola justifikatu, oinarri zientifiko batetik, halako erabakiak?), edo Danimarkak behin betiko utzi duela, edo AEBn gauza bera erabaki duela Europako EMAren kide den US FDAk; edo ez dakit nork esan duela JJ ere antzekoa dela eta, beraz, hori ere ez dutela aurrerantzean erabiliko. Hasi dira esaten, orobat, aukeran emango diotela herritarrari auzitan dauden txerto horiek onartzea ala ez; batek daki zer dugun ikusteko oraindik seriearen hurrengo ataletan. Arrazoi ekonomikoak, industria farmazeutiko handien arteko borrokak ere aipatuko dizkizute; eta bai, hala da seguru, baina zer dakizu zuk (eta zer dakin/k hik, hori esaten duen horrek!) benetan borroka horietaz? The show goes on, pelikula ez da amaitu, inondik ere, the end-a ikusteko dago oraindik (talidomidaren edo amiantoaren filmen amaierak ere hainbat urte geroago ikusten ari gara…).
Eta zaparrada honek burua aztoratu eta ideiok kozinatzen ari zinen bitartean, txertoa hartzeko hitzordua pasatu zaizu bigarrenez… Hirugarrenean, berriz, zer egingo duzu? Ez, eskerrik asko? Edo otzan eta esaneko joango zara, estatistika aldeko duzula eta? (Esandako guztiak ez du kentzen, hori ere esan behar da, duela urtebetetik hona bueltaka gabiltzan zurrunbilo honetatik onik-edo irteteko modu bakarra txertoa izatea, eta, kolektibitateari erreparaturik, lehenbailehen eta ahalik eta jende gehien txertatzearen premia.)
(Ostra, ze nekatuta, benetan!)
Oharra [2021-04-23]: Goikoa idatzi eta astebetera, otzan eta esaneko, hitzordua hartu eta txerto bila jo duzu; unea iritsitakoan, galdetu behar izan duzu zer zuten xiringa hartan, bestela ez baitzizuten esan ere egingo: gauzak dauden bezala egonik, lotsagarria iruditu zaizu (Tolosako Beotibarren behintzat ez zuten halako informaziorik ematen, galdetu ezean behintzat). Etxera etorri, eta Iruñean txertatutako militar bat erietxean larri zegoela entzun duzu; handi ordu pare batera, berriz, hil egin dela. Zuri bezala, AZ txertatu zioten hari ere, apirilaren 7an, eta berehala sentitu omen zen ondoezik. Filma ez da oraindik amaitu, amaitu ez denez!
Hasieran azkar erantzuteko gogoa izan nuen. Gero alderantziz. Gaur hau irakurrita: https://www.berria.eus/paperekoa/1926/007/002/2021-05-01/sandra-birgit-katrin.htm berriro sartu zait erantzuteko gogoa.
Gai asko komentatzeko elkartzeko aukera izango dugunean, baina izenburua eta esaldi hau: “…otzan eta esaneko, hitzordua hartu eta txerto bila jo duzu”
desegokiak dira nire ustez.
Besarkada
Eskerrik asko erantzuteagatik, Iñaki, zain nengoen 😉 . Nik ere irakurri dut Berrian artikulu hori, eta gogoratu naiz nire “otzan eta esaneko” horietaz. Zer nahi duzu esatea!, ulertzen dut, ondo gainera, zergatik ez zaizun egokia iruditzen; niri ere ez zait gustatzen, pentsatzen jartzen banaiz, baina amorraziotik idatzita dago, askotan txotxongiloak bagina bezala tratatzen gaituztela sentitzen baitut –gai honetan bezala beste askotan–, umetzat hartu eta halakotzat erabiltzen gaituztela, hara eta hona.
Eta izenburuak, badakizu, erreklamutzat erabili ohi dira 🙂 .