Ekilore artean mendebalderantz

2021-08-13

Bezperan baino are goizago abiatu haiz gaur. Zerua, ohikoa bihurtzen ari denez aurtengo udan, iparrak margotua esnatu duk gaur ere, goibel. Gaubeako haranetik lasai-lasai joan haiz gora, Bóveda aldera. Eta goizean goizetik atera zaizkik bidera ekiloreak, ekialdera begira errukarri, nagusiaren faltan edo (argazkiak, klik eta klak). La Horca-ko mendatean barrena pasatu duk muga (Bóvedara iristeko ere tarte batean pasatu behar izan duk lehenago, haintxe dituk bihurriak mugak askoan), eta Espainia aldean ere lainotuta zegoela egiaztatu duk. Zira erabili behar izan duk estreinakoz bidaia honetan, aldapa jaisteko.

Handik Medina de Pomar-eraino luzetxo egin zaik, baina errepide estu eta bakartietan barrena asko gozatu duk (diseinatutako ibilbidearekin pozik egoteko moduan haizela pentsatu duk, asmatu duala oraingoan). Ekilore sail ederrak zeudean inguru hauetan ere ezker-eskuin, eta, hemen eta orain bai, eguzki azaldu berriari egiten ziotean diosala –ez hiri!–. Medina de Pomar jo baino lehenagoko azken gainean, herria dagoen lautada bistaratu dualarik, geralditxo bat egin duk, zerbait jan eta edateko. Eguzkiak hasia zuan ederki berotzen.

Edaten ari hintzela, adin handi samarreko gizon bat hurbildu eta egunonak eman dizkik. Plastikozko poltsa bat eskuan zuela zebilean, hara eta hona, hemen makurtu eta han makurtu, jendeak botatako zikinkeriak jasotzen: plastikoak eta beira, batik bat; marmarrean aritu duk jende horren kontra, baina ez zegoan oso sututa, lasai antzean ari zuan bere zereginean. Berarekin bazuan bikote gazteago bat ere, urrunxeago, eta haiek ere zeregin berean zebiltzaan; haien marmarra beroagoa iruditu zaik, baina ez zitzaiean arrazoia falta. Hik hirea egin, eta, alde egiterakoan, adio esan diek –eta eskerrik asko–, pixka bat lotsatuta.

Medina de Pomar-en gelditu gabe egin duk aurrera, penaz. Gaurko etaparako 90 km baino gehiago heukaan pentsatuta, eta, egun hauetan egiten ari den beroarekin, gehiegitxo duk (berorik gabe ere bai, bidean zerbait taxuz ikusi nahi izanez gero); eta lotarako ostatuak aldez aurretik erreserbatuta izateak horixe dik, malgutasunean galtzen dela –baina oraingoan hala egin behar izan duk, abuztuaren erdian bestela egiteari arriskutsu xamar iritziz.

Handik aurrerakoa ere, ondo: errepide txikiak, herri galduak (Galduak ote? Ahaztuak, akaso? Anbulatoriorik gabeak, seguru, utz dezagun horretan…), paisaia ederrak. Baina beroa gero eta handiagoa, gero eta gero jasanezinagoa. Ebro bitan zeharkatu behar izan duk –handia duk, gero, ibai hori!–, eta bigarrenean tabernatxo bat ikusi duk irekita zubi ondoan, eta jendea plisti-plasta ibai ertzean. Azken aldapa luzea falta zuan oraindik, eta zerbait edan eta aurrera jarraitu duk. Aldapa, zena baino luzeeeeaaaago egin zaik, aurpegian freskura ixpi bat sumarazten zuten bide ertzeko itzal urriak eramango dituk gogoan.

Bukatzeko, aldapa behera, errepide nazional batetik lauzpabost kilometro, eta postrea: helmugako Orbaneja del Castillo-ra sartzeko –buelta handi samarra ematea saihesteko, egia esan–, bi kilometroko pista zatia zegoan hire ibilbidean; bahekian horren berri, jakina, baina pista bizikletan jaisteko modukoa izatea espero huen: erdia oinez, erdia bizikleta gainean egin behar izan duk. Herriaren ikuspegi polita eta inguruan dituen mendi eta harkaitzen panorama ikustatzeko aukera zegok bide horretatik sartuz gero, eta, horri eta ostatuan beste ezer baino lehen hartu duan garagardo freskoari esker, gaitzerdi esanez amaitu duk gaurko etapa luzea. Eta pozik bukatu dualako.

Hona hemen argazki batzuk, amaitzeko (azken argazkia biharamun goizean aterea da):