Ebroren arrotik Pisuergarenera

Bi egun joan dituk aurreko etapatik, atzokoa atseden eguna izan zuan.

Gaur ezin izan duk aurrekoetan bezain goiz abiatu, ostatuan gosaria 08:30ean hasten baitziren ematen. Hala ere, bazirudik berotzar bolada hau pasatu dela, eta datozen egunetarako eguraldi ona iragarri ditek, baina ez halako bero kiskalgarririk behintzat. Bederatzi eta erdiak aldera abiatu haiz, azkenean: goibel eta fresko lehen kilometroetan, Ebro ibaiaren ondotik gora xuabe-xuabe, bizikletan ibiltzeko espezial!

Bidearen lehen partean, mugaz muga ibili haiz: zenbat bider ez ote haiz Kantabriatik Palentziara eta Palentziatik Kantabriara ostera pasatu, ematen zian ez huela sekula aurrera egingo, hainbat enklabe eta exklabe! Orbaneja del Castillotik abiatu, Burgoseko partean, hurrena Kantabrian sartu, gero Palentzian… Eta han hasi duk Palentzia-Kantabria-Palentzia seriea, azkenean, baldinbaitere, Palentziakoa ei den Cervera de Pisuergan amaitzeko. Palentziako probintziara sartu haizen batean, estreinakoan oker ez bahago (kilometro gutxi batzuk izan dituk, atzera Kantabrian sartu baino lehen), Báscones de Ebro herrixkatik pasatu haiz (bi bizilagun besterik ez, 2012an, Wikipediaren arabera): orain Palentziakoa den herriaren sarrerako letreroan, “País Cántabro” dioen pegatina itsatsi dik baten batek, mugen kontuan dagokeen desadostasunen baten adierazgarri, agian: Nafarroako Erresumak ere erreibindika zezakeela bere garaian beretzat, egin duk heure artean, herria fundatu zutenen jatorriari erreparatuz behintzat.

Behin (betiko) Palentzian, Aguilar de Campoora heldu eta Pisuergarekin egin duk topo, eta handik gora Salinas de Pisuerga, eta, azkenean, gaur gaua emateko aukeratutako Cerveraraino iritsi haiz. Bide polita, oro har, aurrekoa baino dezente errazagoa, gaur ere 80 km-tik gora izanagatik.

Ostaturako bidean, Calvo Sotelo kalean barrena joatea tokatu zaik; kale nagusi samarra duk –nola ez, deitura hori izanik–, udaletxea dagoen plazan hasi (edo amaitzen) dena. Duela hiru urteko albiste batean (2018ko urriaren 1ekoa) aurkitu duk azalpena, hain zuzen ere: Cervera de Pisuergako udalak Calvo Sotelo kalearen izena aldatzea erabaki dik, Memoria Historikoaren Legea betetzearren.

Baina, ikus dezagun, erabaki horren berri zehatzagoa eman aurretik, zer gertatu zen hemen 1936ko gerraren hasieran: bada alkatea atxilotu, eta besterik gabe fusilatu egin zutela; beste herri askok bezala, Cervera de Pisuergak ere halako historia du bere umeei kontatzeko.

Alkate horren izen-deituren berri jakin nahi duenak, ordea, ez du lan xamurra. Webean ez dut aurkitu, nahiz eta gune batean baino gehiagotan agertzen den 1936an faxistek emandako kolpearen errepresioaren berri. Izan ere, Palentzian, besteak beste, gobernadore zibila, hiriburuko alkatea, PSOEren burua, eta Cevico Navero, Villanueva de Henares, Boadilla del Camino, Aguilar de Campoo eta Cervera de Pisuergako alkateak hil zituzten (fusilatu, gehienetan), estatu kolpearen hasieran; horiek guztiak Carcavillako hobi komunean (Alkateen Hobia ere esaten omen zaio) daude lurperatuta, hiriburuko hilerrian (497 gorpu, guztira).

Cerverako turismo bulegora ere sartu, beste zerbait galdetzeko aitzakian, eta alkate horren izenaz galdetu dut: atenditu nauen emakume atseginak (Franco bizi zela jaioa, dudarik gabe, ez neska gazte bat) ez ei daki deus ere kontu horretaz, harri eta zur geratu da bere herriko alkatea fusilatu egin zutela esan diodanean: “¿No será otro Cervera?”; bada ez, ez da beste Cervera bat, Pisuergako hauxe da. Interesa agertu duenez, erakutsi diot zer aurkitu dudan webean: ez omen du sekula halakorik entzun, harri eta zur dago benetan. Deitu dio, nire aurrean, herriko museo baten zuzendariari –udaletxeko artxiboetan-eta ikertzen ibilitakoa omen, gizona–, ea zerbait zekien: “No, de ese tema no sé nada”, entzun ahal izan dut neronek emakumearen mugikorraren bozgorailutik. Webean irakurtzen zuenarekin txundituta, posta helbidea eskatu dit azkenean, eta agindu dit zerbait jakin orduko idatziko didala. Ni ere txundituta atera naiz turismo bulegotik, jakina: alkate haren izen-deiturak baino ez nituen jakin nahi, hemen idatzita uzteko.

Eta Calvo Sotelo izeneko kalearen gaira itzuliz, honelaxe dio, hitzez hitz, gorago aipatutako udalaren erabakiak: “Desde este momento, la calle Calvo Sotelo dejará de honrar al político franquista para hacerlo con su sobrino, Leopoldo Calvo Sotelo, este sí democrático…”. Bejondeiela, hori bai jokaldi perfektua –utz dezagun horretan, zer pentsa ematen badu ere halakoetan duela hiru urte, atzo goizean, ibiltzeak!–: Josétik Leopoldora, 1936tik 2018ra, 1981eko trantsizioan barrena. Zer polita… ikaragarria ez balitz! Lampedusak berak ere ez zuen hobeto irudikatuko “ezer ez aldatzeko dena aldatu beharra” delako hura.