Euskararena, gaur; nazioartekoa, izenez, baina euskaldunok baino ospatzen ez duguna, itxuraz1. Ospatzen-edo, ez baitakit zer dugun ospatzeko, egia esan.
Izan dira garai ilunagoak, egia da; gurearen aurreko belaunaldiak, urrunago joan gabe, ez zuen errazagoa izan, eta askok eta askok galdu egin zuten etxean jasotako hizkuntza. Gurean, berriz, batzuek etxekoari eutsi eta beste askok geroago ikasi dute, azken mende erdi honetan. Euskararen unibertsoak mendeetan ez zuen halako aberatsaldirik izango, euskaldun berri edo ikasien tribu hori gabe ez ginateke gauden lekuan egongo —maitasun guztiaz esanda, tribuaren kontu hori—; badugu, beraz, zerbait ospatzeko. Azken mendeetako loraldia bizi izan dugu, inondik ere: Atacamako basamortuan ere, munduko lekurik idorrenetako batean, izugarrizko loraldia izaten da batzuetan, irail eta azaro artean, itsaso aldetiko euri-ihintzen eragin heze onuragarria jasotzen duten guneetan.
Baina loraldiak tarteka gertatzen dira —Atacaman ere ez urtero—, eta iragankorrak izan ohi dira beti. Eta haien orpotik datorrena agorraldia da ezinbestean, ur emarien eskaste eta agortzea. Bada horren zantzuak hartzen dizkiot, egun euskaldunok, hizkuntzaz bezainbatean, bizi dugun aldi honi: agorraldi hits batena.
Eskubidetzat aitortzen zitzaiguna pribilegiotzat aipatzen hasiak dira asko; erabilera inposiziotzat hartzen da, eta beti hala hartu dutenak gero eta ausartago azaltzen dira “jasaten duten zapalkuntza” aldarrikatzerakoan; gazteen erreibindikazio zena —unibertsitatean, esaterako—, eskolarako baino balio ez duen tresna hutsa da, beren arteko komunikaziorako ezgauza; hizkuntzaz hitz egin gehiago egiten dugu erabili baino, urtean behin eguna ospatu eta lasai geratzen garela dirudi.
Eta gizartean irabazten hasia zen prestigioa —hala iruditzen zitzaigun behintzat— itzaltzen ari dela esango nuke. Nortasuna hizkuntza erabiliz aldarrikatzen duen euskalduna erradikal eta intolerantetzat hartuko duten arriskuan da, gero eta gehiago: denok dakigu erdararen bat, zertara dator zuena inposatu nahi hori!, esango diote.
Azken batean, Onintza Enbeitak duela egun batzuk, Beherago izenburutu zuen Berriako bere zutabean, aipatzen zuen gizartearen klasismoa besterik ez dugu hemen ere: kaletarrak gainetik begiratzen dio baserritarrari, eta beste inori eskatuko ez liokeen erregateoa eskatzen dio azokan, zioen Enbeitak; «ustez gu baino gutxiagotzat ditugunen gainetik jartzeko beharra dugulako» gertatzen dela hori, eta «baserritarren gainetik jartzea errazagoa delako beste batzuen gainetik jartzea baino»; ez dakit beharra den, baina hala gertatzen dela ikusteko ez da asko behar.
Halakoek gutxiagotzat dituzte beste hauek, horretan laburbil liteke gizartean pairatzen dugun bertikalkeria: gizonek emakumeak, zuriek beltzak, helduek haurrak, bertakoek kanpotarrak, gazteek zaharrak, ederrek ez hain ederrak, aberatsek pobreagoak, auto gidariek bizikletariak, europarrek hegoamerikarrak, txiletarrek perutarrak, limatarrek andetarrak… Amaigabea da, izan ere, finean botere harreman besterik ez diren horien zerrenda, eta horien artekoa da, zalantzarik gabe, hizkuntza handidun elebakarren eta euskaldun elebidunon artekoa ere: batzuek gutxiagotzat dituzte besteak eta horien gainetik jartzen dira.
Desgaitasunak, ezinak, elbarriak joa dugu euskara, zeinaren nazioarteko eguna ospatzen baitugu gaur: abenduak 3, ez alferrik Desgaitasunaren Nazioarteko Eguna ere! Hori bai Nazioartekoa, letra larriz.
Historiari erreparatu beharko diogu: orain arte milaka urtetan iraun badu, ez ahal da berehalakoan itzaliko! Eutsi gogor, bada, ez etsi; eta erabili, erabili eta erabili. Atacamako errepide agor haustsuetan ere ikusiak ditut euria den kasuetan kontuz gidatzeko ohartarazten duten bide seinaleak; inoiz lautada idorra umeldu, eta loraldia ostera pusatuko duen euritea ekarriko duen seinale.