Jakina da Margarita erreginak anitzetan egin zituela egonaldiak Cauteretsen (Caulderets, denbora hartan), eta, garai hartako eraikinik gelditzen ez den arren, itzultzaileak ezagutu nahi zituen egungo instalazioak, eta hartu nahi zuen bainua hemengo termetan: ur epeletan goxo egon, herri honi ospea eman zion erregina eta haren lagunak egoten bide ziren moduan, ea mendiaren erraietatik sortzen diren ur bero horiek eragin sendagarririk gordetzen duten oraino ikusi. XIX. mendean, termalismoak bere urrezko aroa izan zuelarik, hemengo uretan beratzen ukan zituzten beren gorputz atalak George Sandek, Chateaubriandek eta Victor Hugok, bertzeak bertze; eta, nork daki, agian, urari itzuri sufre gasetan urturik jinen zitzaien izkiriatzaile horiei beren izkribuak ontzeko beharreko inspirazioa. Ez luke kalteko itzultzaileak ere hartakorik poxi bat bere lanerako!
Bainatzeaz denaz bezainbatean, ordea, bizikletaria ez da oraingoan akort itzultzailearekin; ez da estonatzekoa, halako bidaietan, non bi lagunek ukondoz ukondo eta orpoz orpo luzaz ibili behar izan duten elkarrekin, krisialditxoak sortzea. Morlaàseko ezkilek bidaiako lehen egunean makur jo zuteneko hartatik dabil uzkur bizikletaria, gurpilek biribilgune madarikatu hartako oinbideko zintarriaren kontra kaska egin eta itzultzaile eta guzi lurrera joan zenetik. Belaunean eta ukondoan oraino dituen zarakarrendako ez omen da on uretan beratzen luzaz ukaitea, hala erran dio itzultzaileari, eta nahiago lukeela bainua bertze baterako utzi. Negoziazioan ez dio tarterik utzi, gainera, eta ur epeletako bainua hurrengo baterako geroraturik etsi behar izan du itzultzaileak.
Eta zertara jin da, bada, itzultzailea Cauteretseraino bidaia honetan? Ez ote zuen hobe, bizikletariak behin eta berriz iradoki bezala, haranean gelditzea, ordokian, bortuetako malda eta pattar gaitzetan menturatu gabe?
Errana dugu Heptameronean Zarrantzako komentuan daudela bildurik istorioak kontatuko dituzten bortz emazteki eta bortz gizonak. Baina nola, nondik heldu dira harat? Hona hemen arrazoia:
Bainuetxe haietan hiru aste baino gehiago gelditu ziren eri guztiak, egin zuten hobekuntza zela-eta itzultzen ahal zirela jakin zuten arte. Baina abiatzekoak zirelarik euriteak etorri ziren, hain harrigarri eta handiak, non bazirudien Jainkoak ahantzia zuela Mundua urez nehoiz ez suntsitzeko Noeri egin agindua; zeren Cauterets horretako etxola eta aterpetxe guztiak hainbertzeraino bete zituzten urek, non ezinezkoa izan baitzen han gelditzea.
Pasarte hori Heptameronaren aitzinsolasekoa dugu: bainuetxeetan hiru aste baino gehiagoko egonaldia egin ondoren, eriak beren etxeetara partitzear direlarik, eurite harrigarri eta handiak hasi dira Cauterets aldean, eta bideak oro hartu ditu ur zopernak. Espainia aldetik etorriak itzuli ahal izan dira, nola edo hala, bortuan gaindi, baina frantsesak Tarbesera ere heldu ezinik gelditu dira, hain zetozen handi urak eskualdeko uhaitzetan barna. Eta hori dela-eta, handik ihesi nola edo hala, heldu ziren kontalari batzuk eta bertzeak Zarrantzako komenturaino, zeina, egungo errepideetatik joanik —Pirinioen ipar aldetik—, ia 100 km-ra baitago Cauteretsetik —José Luis Orellak, bere Cuatro reinas navarras liburuan, Margaritaren Heptameroneko lekuez ari dela, honela dio, hitzez hitz: «El espacio geográfico es la abadía de Nuestra Señora de Sarrance junto a las termas de Cauterets situadas en los Pirineos centrales cerca de los puertos de Canfranc y Somport.». Ez du iduri Orella anitzetan joan denik Cauteretsetik Zarrantzara, bata bertzearen ondoan dagoela errateko; edo ahantzi eginen zitzaion bertzenaz nolakoa eta zein luzea den bidea.
Zeren, Zarrantzara heldu aitzin, era orotako neke eta pairamenak sufritu behar izan baitituzte kontalariek beren ibilian. Hona hemen, erraterako, Oisille andereak, kontalarietan zaharrena denak, pairatu zituenei buruzko pasartea:
Eta hainbertze entseatu zen, ezen arribatu egin baitzen, hain leku arrotz eta igotzeko eta jaisteko hain zailetatik pasatuz, non ez adinak ez eta pisuak ere ez baitzuten libratu bidearen gehiena oinez egitetik. Baina jende eta zaldi gehienak bidean hilik gelditu ziren, tamalez, eta gizon batekin eta emazteki batekin bakarrik heldu zen Zarrantzara, non fraideek bihotz-zabal hartu zuten.
Era orotako neke eta pairamenak, beraz, Heptameroneko narratzaileek, nork bere aldetik, jasan behar izan dituztenak: ur handiak, naski, baina orobat mendi bide malkartsu eta gaitzak, bidelapurrak, gaiztagin armatuak, bidera aterariko hartzak… Kontalari batzuek zaldiak eta beren puskak galdu dituzte, sehiak eta neskatoak bertze batzuek; Longarinek, berriz, senarra galdu du bidean, gaiztagin horietarik batek hilik. Hondarrean, baina, Andredena Maria Zarrantzako komentuan errezibitu ditu hamar nobleak hango abadeak: aipatu Oisille eta Longarinez gain, hartzarekiko enkontrua ukan duten Nomerfide eta Ennasuite, eta Parlamente, zeina, itxura guzien arabera, Margaritaren alter ego-a baita, fikzioan; eta gizonezkoen artean, Hircan (segur aski Margaritaren senar Henrikeren alter ego-a), Geburon, Saffredent, Simontault eta Dagoucin.
Bizikletariak eta itzultzaileak Cauteretsen eman duten arratsaldean, ez zuen iduri euririk ekarriko zuenik, eta damu zen itzultzailea (ostatuan goxo zegoela eta berinaren gibeletik ikusi nahi zukeen, naski, euria, jauts ahala, zar-zar zurrupitan, Heptameronaren hastapena hobeki irudikatzeko edo). Baina, halako batean, afaltzeko tenorea baino lehen, zerua alde bat goibeldu du supituki, ortzantza karraskan hasi da beldurgarriki, ximisten dirdirak ortzia bristadaka argiztatzen zuela noiztenka, eta euri erauntsi handia bota du oren erdi batez edo; oren erdi batez gehienez ere, eta uholderik eragin gabe. Itzultzailea kontent gelditu da, aski zuen horrekin: biharamunean Zarrantzarat abiatu ahal izanen da, Cauteretseko euriteei ihesi, Heptameronaren aitzinsolasean protagonistek egin modura.