Egilearen xerka (5): Néracetik Cauteretserat, Odos-eko gazteluan barna

Heptameronaren bi edizio
Heptameronaren bi edizio (Néraceko gaztelua)

Nérac gibelean utzi aitzin, azter dezagun xehekiago itzultzailea honaino ekarri duen liburua, hots, Heptamerona. Boccaccioren Dekamerona ia 200 urte zaharragoa da, eta hartan inspiratu zen deblauki Margarita Nafarroakoa bere Heptamerona asmatzeko. XVI. mendean, modan zegoen Frantzian Dekamerona irakurtzea —gortean edo nobleen artean bederen bai—, eta, eskuz esku zebilen itzulpen eskas eta zentsuratu bat zela kari, Margaritak berak manatu zion Antoine Le Maçon-i itzulpen egokiago bat egin zezan, zeina 1545ean eman baitzen argitara Parisen.

Lehen ere errana dugu, Heptamerona, Dekamerona bezalaxe, istorio bilduma bat da, eta, iduriz, Dekameronean bezala 100 istorio biltzea zen autorearen lehen xedea; baina bururatu ezinik gelditu zen, lana osatu aitzin hil zelako. Heptameronean, istorioen narratzaileak komentu batean daude bildurik, Zarrantzan, uholde batzuk direla-eta beren etxeetara itzuli ezinik. Istorioak, beraz, oinarrizko gertakari horren inguruan ardazten dira, gertakari hori da istorioak estekatzen dituena eta haiek kontatzen hasteko motiboa. Istorio horietan, zeinak, liburuaren aitzinsolasean erraten zaigunez, benetakoak baitira guziak (Dekameronean ez bezala, hori ere errana gelditzen da Heptameronaren aitzinsolasean), gizon eta emaztekien arteko harreman eta bertzelako kontuen berri ematen zaigu: amodio-gorrotoak; leialtasunak eta leialtasun ezak; sexu kontuak; harreman gozo, samin zein kiratsak; gezurrak, enganioak, traizioak…

Heptamerona egunen arabera dago antolatua —zortzi egun dira orotara—, eta egun bakoitzean hamar istorio kontatzen dituzte, bat narratzaile bakoitzak (azken egunean izan ezik, naski). Istorio bakoitzaren hondarrean, eleketa edo eztabaida pizten da bildurik daudenen artean, eta eztabai horietan hautematen da, partikularki, autorearen ahotsa, haren izaera, balio moralak eta pentsamena. Bistan da, Boccaccio ez bezala Margarita emaztekia dugu, eta emakumearen ikuspuntua antzematen da narratzaileek —emaztekiek bereziki, gogoratu bortz gizon eta bortz emazteki direla eleketan— istorioei eta pertsonaiei buruzko beren iritzia ematen dutenean; haitada horietan, emakumearen “gaia” lantzen da behin eta berriz, auzitan jartzen da gizonek harremanetan duten egiturazko boterea, eta jokabide maskulinoak eta femeninoak paratzen dira elkarren aitzinean parte-hartzaileen ahotan. Erraten ahal da ezen Margaritak emakumeak plazererako — amodio fisikorako, ez soilik platonikorako— duen eskubidea aldarrikatzen duela; bertzalde, Margaritak emazteari galdatzen zaion leialtasun berbera galdatzen dio senarrari, hori galdatzea batere ohikoa ez den garaian. Honela dio, konparazione, XV. istorioan, senarrak ezkon bizitza osoan arbuiatu duen emazte samurtuak1:

Eta gizonen legeak desohore handiz janzten baditu ere senarra ez bertze gizonik maite duten emazteak, Jainkoaren legeak ere ez ditu dispentsatzen emaztea ez bertze emakumerik maite duten senarrak.

Erdi Arotik Aro Modernora iragaten ari den gizarte batean gaude, gerora Errenazimendua erranen zitzaiona, eta protagonistak etxe oneko jendeak dira, bereziki, baina ez soilik: noble, zaldun eta damen amodio kontuetan herri xeheko jendea ere sartzen baita zenbaitetan: zerbitzariak, ganberazainak, sehiak, neskatoak, ezkutariak… eta fraideak —azken horiek ere ez zaizkio ahanzten egileari, eta ez dira, oro har, hagitz ongi ateratzen.

Nérac goizean
Nérac goizean

2022-08-27 eta 28

Goiz fresko eta ederra da, bizikletaria eta itzultzailea Nérac gibelean utzi eta hego alderat partitu direlarik. Helburua hiru etapatan Cauteretsen egotea da, egilea hil zen Odoseko gaztelutik pasatuz hirugarrenean.

Néracetik jalgi berritan
Néracetik partitu berritan

Lehen egunean, Condom, Mouchan —han, Saint-Austrégésileko eliza erromaniko ederra, baina eguartean hetsirik zegoen eta ezin izan dute ikusi— eta Aignanen gaindi, Plaisance izeneko herri ttipira heldu dira. Eguerdian, frantsesek hainbertze maite dituzten furgoneta jatetxe horietako bat kausitu dute bidean ustekabean —bidegurutze galdu batean egonik, estonatzekoa zen zenbat jende bildua zen han bazkaltzera—, eta hantxe gelditu dira zerbait jatera: lukainka eta patata frijituak, hura plazera!; oraino ez dute halako jaki ederrik dastatu, bazkaltzeko orduan, Zarrantzatik abiatu direnetik.

Plaisancen etxe batean hartu dute ostatu, eta bizikletariak irribarre batez oroituko du luzaz hango etxeko anderea, «Maite duzu horrela bidaiatzea, bizikletan?» galdezka, gupidaturik bezala. Arratsean, afaltzera joan eta plazako edantegi batean eman diete: menua finkoa zen, eta soirée eta guzi zegoen antolatua afaria. Kantariak ez du kanta bat bera ere frantsesez egin afalondo osoan —okzitaniera edo gaskoiz are gutiago, naski—, oro ingelesez izan dira.

Biharamunean, berriz, Plaisancetik Tarbeseraino mugitu dira, hego alderat beti xuxen samar, Marciac herria bisitatzeko soilik desbideratuz. Néracetik partitu direnetik errepide ttipiak kausitu dituzte, oro har, gorabeheratsuak baina lasaiak. Mahastiak baino gehiago arto alorrak dira inguru hauetan lagun ezker-eskuin, aurten aski idor gehienak.

2022-08-29

Tarbesen, goibel zegoen zerua goizean bizikletaria ostatutik jalgi delarik. Euria xorta larritan hasi ere egin du une batean, baina, ostatuko jabeak erran bezala, ez dirudi aurtengo ekaitzak ikaratzekoak direnik: hasi orduko finitu da, eta, errepidea hastapenean bustirik egonagatik, berehala lehortu da eta aro ederra gelditu da bertze behin bizikletaldi polit bat egiteko.

Tarbes, goizean: ekaitza dakar!
Tarbes, goizean: ekaitza dakar!

Tarbesetik oso hurbil dago Odos herrixka. Herri horretan zegoen —eta oraino dagoen— gaztelu ttipi bat erosi zuen Margarita erreginak, eta han ematen zuen denbora gehiena bere azken urteetan; zeuzkan bertze jauretxeetan ez zen, nonbait, laketzen. Gaztelua egun ez da, naski, denbora hartan izan zena, behin eta berriz arraberritua izan da azken mendeetan; orain duen eitea XIX. mendearen erdialdekoa da, azken zaharberritzea garai hartan eman baitzioten, itxuraz. Ez dago irekirik, ezin da bisitatu.

Itzultzaileak handik pasatu nahi zuen bidaia asmo hau ukan zuenetik, han hil baitzen, abenduko egun batean, Margarita Nafarroako erregina, 1549an.

Pablo III.a aita saindua hil berria da urte horretako azaroan, eta zeruan kometa bat iraganen ote delako profezia zabaldu da. Erreginak kometa hori ikusi nahi du, eta gazteluko parkera jalgi da gau hotz batean. Diotenez, hotzak hartu du: ahoa oker gelditu zaio begitarteko paralisi batek jorik-edo, eta birikak inflamaturik ditu orobat. Egun zenbait egin ditu ohean, baina haren egoera egunetik egunera makurragoa da; ez da gehiago suspertuko pneumonia hartatik. Heriotza abenduaren 26an agitzen da.

Gazteluari itzulingurua eman —ez zebilen nehor—, foto zenbait egin, eta handik lehenbailehen partitzeko asmoa adierazi dio itzultzaileak bizikletariari. Izan ere, halako batean bere buruari galdegin dio zertan ari ote zen bera han, iduritu baitzaio ezen pentsatzen ahal zela erregina bat hil zen lekurat heldu berria zen erromes bat zela, hura jauresten-edo zebilkeen bat, bi zakutoz kargatu bizikleta ondoan zuela; eta berari monarka ez baizik izkiriatzailea eta haren obra interesatzen zaizkiola pentsatu du, ez dela nehoiz izan hain mitozale. Pentsamendu horien kari kexuan jarririk, bada, berehala abiatzeko manatu dio bizikletariari.

Odoseko gaztelua
Odoseko gaztelua

Odosetik atera eta, Lourdesen gaindi, Argelès-Gazost-eko haranean goiti joan da bizikletaria, Cauteretseraino. Azkenekoak izan ezik, aise egin ditu kilometroak haran horretan barna, eta bazkaltzeko tenorerako Cauteretsen ziren bi-biak.

Argelès-Gazost-etik hurbil
Argelès-Gazost-etik hurbil

 

  1. Haserretuak.