Bizikletak udarako dira, hala esan bide zuen baten batek. Ez dakit hala den, baina egia da udak eta udaberriak berekin dakarten —edo ekarri ohi zuten— giroak negukoak ez bezala erakartzen gaituela bi gurpilen gainean ibiltzera. Udaberrian, egunak luzatzen hasi eta natura berpizten sumatu orduko, ehunka bizikletazale, beren tramankuluak hartu, eta ateratzen dira asfaltora —edo mendiko bideetara—, bi gurpilen gainean orekari eutsiz eta abaila gorrian joateak munduan parekorik ez balu bezala (eta bada horretatik zerbait, esango nuke: izan ere, zein haurrek, munduko edozein bazterretan dela ere, egiten dio uko bizikleta baten gainean ibiltzeko gozamenari, hartarako aukerarik baldin badu? Haurtzaroak eta bizikletak bat egiten dute gutako askoren —gehienon?— iruditerian, bizikleta haurraren ametsen munduaren parte da).
Abuztua iritsi da aurten ere, eta idazten ari den honek azken urteotako ohiturari eutsi nahi dio beste behin: bizikleta kargatu eta aurrez txera handiz planifikatua duen ibilbideari lotuko zaio laster.
Honako hau idazten ari den egunean aurtengo azken etapa beteko duen Urmuga ekimenak izugarri erakarri du duela hiruzpalau urte egiten hasi zirenetik, eta ekimen horretan egin ohi duten ibilbideari jarraitzen dion bidea marraztu du Euskal Herriaren mapa gainean bizikletariak oraingoan, datorren astean korritzeko asmoz (oraintxe ikusi duk, baina, bero bolada iragartzen dutela datozen astearte-asteazkenetarako!): mapa horren bizkarrezur modukoa den ur isurien banalerroari jarraitu nahi lioke alderik alde, sei egunetan zehar, mendebaldetik hasi eta ekialderaino. Arabak Burgosekin muga egiten duen gunetik gertu dagoen Anguloko mendatetik abiatuko da, dena ondo, hilaren 7an, eta beste muga bat ezartzen duen San Martingo Harrian amaituko du hilaren 12an, seigarren etapa betez. Bidean zain izango ditu Urduña, La Barrerilla, Altube, Aralarko San Migel (uf, ez duk samurra izango haraino igotzea, motel, Uharte Arakiletik gora doan hormigoizko pistatzarretik, sigi-saga ezinbestean!), Erro, Mezkiritz, Lazarko gainak…; alde batetik izerdia ateraraziko dioten malda pikoak, eta bestetik jaistearen plazera eta freskura emango dioten aldapa leunak (bizikletan doanarentzat, esan beharrik ez, pikoagoak dira beti zerurantz begira dauden mendi mazelak erreka zuloan hondoratzen direnak baino). Orobat ditu zain Murgia, Zalduondo, Lekunberri, Zubiri, Otsagabia eta Belaguako aterpetxe zaharberritua, eguneko nekea gauez arintzen lagun izango dituen ohe erosoekin (hala espero behintzat: non geratu ote dira bizikletan, zakutoak ez ezik, lozakuak eta dendatzarra hartuta ibiltzen zineten garaiak?).
Bila ibili, ibili da, baina ez du inon aurkitu, bidaia diseinatzerakoan, ur isurien banalerroari errepidez ahalik eta gehien hurreratzen zaion ibilbiderik, eta bere ibilbide propioa eratu behar izan du. Bistakoa da uren banalerroa mendian zehar dagoela “marrazturik” (hor dago GR12-a, esaterako), gainik gain, eta, hortaz, errazago atxikiko gintzaizkioke lerro horri oinezko bide batez errepideko bizikletaz egiten ahal den ibilbide batez baino; jakina baita errepideak ez direla mendien gainetan zehar marrazten, eta, halako lerro batetik hurbilen ibili nahi duen errepideko bizikletariak, nahitaez, leporik lepo ibili beharko du gehiago, gailurrez gailur baino. Beraz, datozen egun hauetan blog honetan narratuko den bidaiak —narratzaileari kontatzeko zerbait okurritzen bazaio, noski; bestalde, nola kontatu, nori, zertarako?, betiko galderak buruan…— Euskal Herriko sartaldetik sortaldera eramango gaitu astebete laburrean, bai; ur isurien muga inguru horietan barrena batera eta bestera, bai; baina bizikletariaren apeten araberako norabideak hartuz betiere, alegiazko banalerro horretatik apartatu beharra dagoenetan.
Wikipedian dioenez, mendilerro eta mendate hauei jarraitu beharko lieke bidaiariak, ur isurien mugalde horri gertutik heldu nahi izanez gero: Gorobel, Gorbeia, Anboto, Elgea eta Aizkorri mendilerroak; Etzegarate mendatea eta Aralar mendia; Azpirotz, Uitzi eta Belate mendateak; Saioa eta Okoroko mendilerroak, Ibañeta mendatea eta, azkenik, Pirinioetako bortuak. Buruan duen ibilbidea aztertu eta nahikoa txukuna iruditu zaio, ez luke esango asko-asko aldentzen denik lerro fisiko horretatik. Bizkai osoa eta Gipuzkoa ezker aldean utzi behar lituzke denbora osoan, beraz, bere ibilian, banalerroaren ipar aldeko herrialde horiek bustitzen dituzten ibai-errekek Bizkaiko Itsasorantz garraiatzen baitituzte beren urak. Lapurdi osoa, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ere bai, jakina, lehen biak egin asmo duen ibilbidetik urrunxko geratuko bazaizkio ere. Araba eta Nafarroa Garaiko lurren parterik handieneko ibaiek, aldiz, Ebrora bideratzen dituzte beren urak —eta hark Mediterraneora garraiatzen—, eta, hortaz, lur horiek oro eskuin aldean izan beharko lituzke beti, eguzki begi. Gutxi gorabehera, noski, esan den bezala: Euskal Herri berdea ezkerrera, gorria eskuinera; euskararen haize umelaren laztana ipar aldetik, erdararen haize lehorraren bafada bortitzak hegotik.
Bizitza bizikletan ibiltzea bezala dela esan omen zuen Einsteinek: orekari eutsiko bazaio, ezin mugitzeari utzi. Mugitzen ahalegindu beharko, bada, datozen egunotan.
Bidaia on Xabier!
Ur-mugetan zehar idatziko duzunaren zain!
Mariaje
Eskerrik asko, MJ 😉
Xabier.
Kaixo, Xabier,
honez gero ibilbidea bukatuko zian. Baina, zerbait idatziko diat.
Ni ez ninduan bizikleta zale haur amorratu horietakoa. Ni adinez nagusia izan nintzenean hasi nintzen bizikleta gidatzen (beti berandu gidatzen hasteko), hiri handi batean. Beraz, jolasteko aukera gutxi izan nian, baina autoen artean jostalari ibiltzeko bai.
Baina benetako gozamena hamar urte beranduago izan nian Extremadura aldean.
Inoiz ez duk berandu, P., bejondeiala!
X.