Ur isurien muga inguruan bizikletaz (2): Anguloko mendatetik Murgiara, Urduñan barrena

Iritsi da eguna, abuztuak 7 ditu gaur. Eguraldi ona dator, baina Anguloko mendatean fresko egiten du ibilbideari maldan behera ekin behar dion ziklistarentzat. Oso goiz ez den arren, oso berandu ere ez da: hamaikak jotzeko daude oraindik.

Anguloko mendatean

Ur isurien banalerroan den lepo honetatik, aurrena hego alderantz eramango du bizikletaria bere ibilbideak. Lausa haranera jaitsi, handik Berberanaraino jo, eguzkia parez pare duela, eta Urduñako mendatean barrena atzera ipar alderantz egingo du. Bidean argazki batzuk atera, banana bat jan mendateko begiratokian, eta besterik gabe Bizkaiko hiri bakarra den Urduña Arabaz inguraturaino iritsi da, dendak itxi baino lehen.

Kameraren bateria kargatzekoa, bai, ekarri du aldean, baina kablea etxean ahaztuta etorri da. Horren bila hasi da, beraz, herri osoan, iritsi orduko, hurrengo egunetan pasatuko edota geldituko den herrietan halako kablerik aurkitzen zailagoa izango den beldurrez. Ezin jende jatorragoa topatu du han eta hemen: lehendabizi, dendari atsegin bat, bizikleta hartu eta dendaraino sartu diona, behar duen kablea non ingura dezakeeen azaldu eta lasai ibiltzeko esanez; gero, burdindegiko langilea eta une hartan dendan ziren bezeroak, halako kablerik ez zeukatenez guztiz kezkaturik denak bizikletariak Urduñatik argazkirik egin gabe joan behar ote zuen bada (hura ez zela onargarria!): joateko garbigunera, han edukiko zutela seguru; azkenik, txinatarren biltegira bideratu duen hirugarren dendaria, esanez haiek askotariko kableak edukitzen dituztela beti.

Kablea txinatarrenean erosi, lehen dendariarengana joan eskerrak ematera eta bizikleta jasotzera (bizikletazale amorratua izaki emakume gaztea, eta semea txirrindularia!), eta bideari jarraitu dio. Eguerdia da, berotzen hasia da dagoeneko.

Urduñatik Gasteiz aldera doan errepidea hartuz gero, Duintasunaren Kolunbarioa topatuko du ezkerrean bidaiariak, hiriko irteeran bertan, hilerriaren ondoan eta garbigunearen parean. 2022an inauguratu zuten, eta hilerrian aurkitutako gorpuzkiak bildu dituzte bertan: 1936ko gerran hilak, Urduñan egon zen kontzentrazio esparruan zein espetxe nagusian, eta, bertako kartel batean dioenez, “faxismoaren aurrean askatasuna defendatzeagatik bizia galdu zuten pertsonak omentzeko gunea da”. Euskal Herritik kanpokoak, gehienak. Iñigo Arregi Elortzaren burdinazko eskultura eder batek egiten dio harrera bisitariari, eta galdera ezin tristeago batek: 80 urte baino gehiago behar al ziren hau egiteko? Lekukotzak noiz urtuko egon behar zen, antza.

Duintasunaren Kolunbarioa (Urduña)
Duintasunaren Kolunbarioa (Urduña)
Duintasunaren Kolunbarioa (Urduña)
Duintasunaren Kolunbarioa (Urduña)

Kolunbarioa eguzkipe latzean utziz, La Barrerilla izeneko mendateari ekin dio bizikletariak, mantso-mantso. Bizikletari elektriko batzuekin solasean egin ditu ehunka metro batzuk gorakoan (harik eta haiek aspertu eta ipurdia erakutsiz alde egin diaten arte!). Deitura ere txikigarriz apaindua, ez zaio izugarria iruditu La Barrerillako aldapa, aise menderatu du.

Handik beherakoan, berriz, Goiuri herria zeharkatu eta bertako ur jauzia zegoen ikusi beharra, hala agintzen zuen kartel handi batek errepide bazterrean. Bizikleta aparkalekuan lotu, eta handik begiratokiraino dagoen kilometro erdi eskasa oinez egin du bizikletariak: ur jauzian ez zen jauzirik egingo zuen urik, ez agorril gorrian bederen. Beste baterako utzi beharko ur jauzia nola sortu ei zen kontatzea, laminari orrazteko behar zuen ispilua ostu zion artzainaren istorioa.

Goiuriko ur jauzia
Goiuriko ur jauzia: ez urik, ez jauzirik

Lehen etapa honen helmuga zen Murgiak herri abandonatua zirudien ziklista iritsi denean, Mikel Landarena ez zen bizikletaren pinoi hotsa besterik ez zen entzuten herriko kale nagusian: arratsaldeko hirurak jota zeuden, siesta garaia. Udaletxe plazako tabernako terrazan, itzaletan ari ziren zerbait jaten eta edaten turista itxurako batzuk. Barruan freskoago zegoenez, sartu eta han eseri da txirrindularia, zerbait jateko asmotan bera ere.