Ur isurien muga inguruan bizikletaz (5): Lekunberritik Zubirira

Lekunberritik ekialderantz, Larraunetik Basaburura eta handik Ultzamara; gero, Anuen barrena Esteribarrera, Zubiriraino. Hori 5. etapan egindako bidea; bezperakoa baino errazagoa, paperean, baina gora-behera anitzekoa. Txirrindulariek nahiago izaten dute mendate luze kabroi bakar bat, hamaika aldapa txiki eta alu baino (ez dakit aurreko esaldi hori politikoki zuzena ote den, baina, edonola ere, adjektiboak tokiz aldatuta ere balekoa litzatekeenez, bego horretan, kar, kar). Bukaeran, aurrekoetan baino neke handiagoa sumatu du bizikletariak; joan diren egunetako nekea izango da, agian, metatzen ari zaiona.

Beruete
Beruete

Bidean, aipagarri handirik ez. Bidaiatzeko modu honek bestela ezagutuko ez lituzkeen hainbat leku eta txoko ikusteko aukera ematen diola, horixe, askotan pasadan besterik ez bada ere, Euskal Herriaren geo-, oro-, topo-, hidrografia eta abar gainetik bederen ikasteko abagune bat. Esate baterako, bizikletariak ez zukeen bestela inoiz ezagutuko Ultzamako Eltso herrixka, gaur, bidegurutze batera iritsi eta GPSak bizikleta baino gorago zegoen herrixka hartara igotzeko agindu ez balio. Hasieran matxinatzekotan egon da; izan ere, zer nezesidade zegoen orduan etxe multzo hartaraino igotzeko! Gero, ordea, mapa hobeto aztertu, eta Utzamatik Anuera joateko, edo itzulinguru handia ematen zuen edo Eltson barrena joan behar zuen ezinbestean, planean zegoen bezala. Baina, eta kontatzen hasita, gaurko eguneko gorabeherarik penagarriena ditxosozko Eltso horretan gertatu zaio ziklistari: igo du aipatutako aldapa alua (barkatu!: txirrindulariaren amak alubito/a esaten zuen alu umeen aurrean ez esateagatik, agian tankera horretako bidezidorrak erabiltzen hasi beharko dugu egun ere), sartu da herrian, eta hara non ez zegoen nondik atera handik, etorritako bide beretik ez bazen: batera eta bestera begiratu, eta han ez zegoen asfaltozko irtenbiderik batere. Galdetu, eta halaxe dela baieztatu diote: ondoko herrira joateko, Urritzola-Galainera, hain xuxen (bestela sekula ezagutuko ez zukeen beste herrixka bat), autoek ere aurrean duzun pistatzar hori hartzen dute.

Eta pista horretan hasi da gaurko sufrikarioa, atzoko San Migeleko aldapatzarra ez zen ezer pista p… horren aldean!: matutano hormigoia tarteka, harri librea suelto gehienean, auto eta traktore gurpil arrasto sakonak, zuloak eta koskatzarrak nonahi, malda labur baina pikoak ugari, enfin, gozamen betea horretara ez doan eta astoa ondo kargatuta daraman bizikletariarentzat. Eta ez zen Urritzola-Galaineraino soilik (1,5 km), handik Olaguera ere ia beste lau kilometro geratzen baitzitzaizkion gure txirrindulari koitaduari errepidea berriz muinkatzeko (baina halako batean iritsi da, frantses haiek esango luketen bezala, “à la fin, le goudron” oihukatzeko unea). Atzo ez bezala, tarte horretan bai, behin baino gehiagotan bota behar izan du oina lurrera txirrindulariak (betiere hobe izango duk oina lurreratzea, eta ez eskumuturra edo belauna —edo kaskoa— arrastan ibiltzea, ezta?).

Iragi
Iragi

Hori ere pasatu da, bada, eta Olaguetik gora Egozkueko mendatea gainditu eta Zubiriraino jaistea, besterik ez zen geratzen gaurkoa konplitzeko. Bidea lehendik ere ezagutzen zuen bizikletariak, baina errazagoa gogoratzen zuen (ai, memoria! Edo urteak… harrezkero joan direnak, noski? Esan beharko duk hori ere, bestela beste norbaitek esango dik-eta, agudo asko!). Hala ere, oso bide ederra da, trafikorik gabea, eta behin mendatea gaindituta, izugarrizko jaitsiera polita dago, Iragin barrena, Eugiko urtegitik gertu dagoen Urtasuneraino. Han eskuinera jo eta berehala iristen da bat Zubirira, oraindik falta diren 5 km-ak ere aldapa behera baitira.

Egozkue herritik pasatzean, bi neskatxa (bospasei urte, ez gehiago) zeuden gurdi baten itzalean, errepidean zer ikusiko (ez da harritzekoa, herri osoan ez zen beste inor ageri une hartan, eta isiltasuna ere erabatekoa zen eguerdiko eguzkipean). Txirrindularia kale kantoitik azaldu orduko “Hola!” esan diote, biek batera, eta hark “Kaixo!” erantzun, halaxe atera zaio bat-batean. Ikustekoa zen nola argitu diren bi aurpegitxo haiek, arrotza euskaraz sentitu dutenean! Geroago pentsatu du bizikletariak une hartan han gelditu eta berriketan geratzea tokatzen zela, txiki haiei buruz zertxobait jakiteko, baina aurrera egin du, eta itxaropenezko gogoetetan murgil ekin dio Egozkueko mendateko aldapari, kontent; eta orduan ohartu da Nafarroako eremu euskaldunean dabilela atzo, Burundako Ziordian barrena, herrialdean sartu zenetik —eta Mediterraneoko isurialdetik irten gabe denbora guztian, bestalde.

Egozkueko gainetik behera
Egozkueko gainetik behera

Zubiri erromesen pasagunea da, Donejakue Biderik ezagunenean kokatuta baitago, Orreagatik Iruñera erdibidean. Topatuko ditu ziur bizikletariak bihar erromesak bide ertzean, haiek hego-mendebalderantz datozela bera ipar-ekialderantz joango baita, Aurizberrirantz. Haien “Buen camino!”-ri (inork opa baliezaio, noski: zeren, kontrako bidean doanak merezi ote du halakorik?) “Bide on!” batekin erantzutera deliberatua irtengo da goizean, ea haiei ere aurpegia argitzen zaien hemen gaztelania ez den beste hizkuntza bat ere badela sumaturik edo.