Ur isurien muga inguruan bizikletaz (4): Durrumatik Lekunberrira, San Migel Aralarkoan barrena

Hirugarren etapa. Gaur goiz mugitu beharra zegoen, bateko iragarpen, besteko alerta. Muturreko beroa zekarrelako hotsa zebilen, alertari laranja kolorea esleitzeraino ibili ere.

Durruma atzean utzi, eta Arabako lautadatik Sakanara sartu da ziklista, Ziordian. Haizea ere alde zuela ematen zuen, aise mugitzen ziren behintzat pedalak errepidea osatzen duten goiti-beheiti leunetan. Bero konturik ez, artean. Aldamenean, beti —eskuinetik, ezkerretik, eskuinetik berriz—, Gasteiz eta Iruñea lotzen dituen autobide nagusia, auto eta kamioien zarata urruna —edo ez hain urruna, tarteka— sorgarri. Aurrez aurre, eguzkia, noski (ekialderantz joan nahiak horixe dik, goizean eguzkiari begiz begi erreparatu beharra), eta, haren pean, Beriain mendi puskaren silueta zirraragarria, haranaren zaindari. Arakil ibaia hor nonbait, haranaren barrenean (urak Argara daramatzala, handik Ebrora eta, beraz, Mediterraneora). Ezker aldean, Aralar mendia (han goian beste zaindaria, aingerutarra bera), eta eskuinean Andiako goi lautada. Haur bati haran bat zer den azaldu nahi izanez gero, ekarri hona: 35 km Ziordiatik Irurtzunera, xuxen-xuxen, ibaia erdian eta mendi harresi bana, ezker-eskuin.

Iturmendi goizean
Iturmendi goizean

Uharte-Arakileko sarreran, eta tren istripu ahantzezin hura gogoan zuela, bide ondoan ongi paratutako seinale batekin egin du topo txirrindulariak: “Uharte-Arakil trenaren alde, AHTrik ez”. Bejondeiela!

Zubi txiki bat pasatu, eskuinera jo, eta handik 300 metrora hasten da San Migel Aralarkoaren santutegira daraman aldapa latza, Nafarroako Mortirolo esaten ziotena —lehen behintzat—. Baina hona komeria: bide hori debekatuta dago orain, bizikleta zein motoentzat!

Bizikletariak bazuen debeku horren aditzea, eta Altsasuko dendari batekin ere mintzatu da horretaz gaur goizean bertan. Eta kontua hauxe da, dendariaren hitzetan: malda gogorra dela-eta, istripuren bat edo beste gertatu izan dela aldapa horretan, eta inork ez duela erantzukizunik hartu nahi, hara! Eta zer da errazena, debekua (bizikletentzat, ez autoentzat!). Hala ere, jendea ibiltzen dela, araua logikoki gehiago dela jaisten direnentzat goraka doazen barraskiloentzat baino, eta, foralek ikusi ezean, badagoela lasai igotzea.

Azken baldintza horrekin askoz lasaiago geratu da bizikletaria, jakina: zer egin orain, horixe dilema! Lekunberrira badauka Irurtzunen barrena iristea, baita Madotzen barrena ere, baina ez da hori kontua. Kontua da bizikletariak hemendik igo nahi zuela, aldapa honetatik duela hogeitaka urte igoa zela pare bat aldiz, eta erronka joa diola bere buruari: baietz berriz ere igo (blogean ere aipatu duk bizpahiru aldiz hemendik igotzekoa hintzela, eta orain zer, debekatuta dagoela eta atzera egin behar duk?!). Eta ez hori bakarrik, zeren ur isurien mugatik hurbil ibili nahiak ibilbidea hemendik marratzarazi baitzion, Sakana utzi eta Aralarreko gainetara joz…

Bidezkoa ez den legeari ez zaio men egin behar: horixe bururatzea aski izan du atzera bizikleta gainean jarri eta behetik gora abiatzeko (asko pentsatu gabe foralak agertuz gero nola desenkusatuko zen, aurreko esaldi hori polizia bati ulerraraztea gehiegitxo iritzirik).

Oroimena dugu traidore; hari sinesten diona, a zer babalore! Parterik zailena lehen erdia zelakoan, bigarrenean ikusi ditu gaur asto beltxarenak gure txirrindulariak (beroa, bero handia azken kilometroetan!). Eguzkipean gogoratzen zituen zatiak itzalpe ziren gaur, eta alderantziz (zuhaitzak izaki biziak dira, ez da harritzekoa). Hormigoizko zorua zuen gogoan, baina orain badira zati batzuk, gutxi, asfaltatuak (mantentze lanak ere egiten dira, ez dira alferrik joan hainbeste urte). Atsedenik gabeko aldapatzartzat zuenak baditu lasaiguneak. Eta horrela beste hamaika kontu… Oroimenaren traizio horiei aurre egiteko besterik ez bada ere, ez dago gaizki idaztea, hori darabil gogoan bizikletariak hau idazten ari dela.

Hitz gutxitan, bada, planean bederen ibilbide osoko igoerarik zailena dena, honela joan da: hasi, oso ondo, itzaletan eta lasai, zenbait gunetan % 15eko malda egon arren; zenbat eta gorago, beroa nabarmenago estutzen hasi da (alderantzikatze termikoa, inondik ere, eta bide osoa magal eguteran dagoela); bestalde, ustez bost kilometroko aldapa zena (hori ziklistaren akatsa izan da, oinezkoentzako kartel batean zioena sinetsi nahi izateagatik), bederatzi kilometro eta erdikoa bihurtu da, eta hor hasi dira komeriak, seigarren kilometrotik aurrera, non gurpilak % 10eko maldetan lehen parteko % 15ekoetan baino indar handiagoz itsasten baitzitzaizkion zoruari, eta 30 gradutik gorako tenperaturak ere ez baitzuen batere laguntzen! Edonola ere, lortu du santutegiraino sans mettre un pied à terre igotzea (hemen kontatu ahal izateko, noski, kar, kar, kar), ordu eta erdi luzea kostatu bazaio ere. Bidean, autoak gora eta behera, motoren bat edo beste ere bai, eta bai bospasei bizikleta ere, goitik behera ziztu bizian. Foralik ez da inon agertu.

Uharte-Arakil eta Sakanako errepide nagusia
Uharte-Arakil eta Sakanako errepide nagusia

Lanak eginda, ia bi ordu eman ditu gustura santutegia dagoen leku zoragarrian, urteak ziren ez zela haraino iristen: aurrena zerbait edan, deshidratazioari aurre egiteko; gero eliza eta inguruak bisitatu; azkenik, ogitarteko bat eta kafea, eguneko bazkari legea. Bitartean, han zebilen jendearekin ere hizketan aritzeko parada izan du: euskaraz ez bazekien ere, saiatu saiatzen zen tabernaria; Paraguain misiolari dabilen moja zahar batekin zeuden emakume larraundarrak; Lakuntzako txirrindulari gaztea, gure bizikletaria pelegrintzat hartu eta “Buen camino” esanez agurtu duena; bizikletak askoz zama handiagoarekin kargatuta zebiltzan bi andaluziar, beroarekin ohituak omen (ez ziren gazte-gazteak, baina beldur gutxi zioten haiek kanpin denda, zaku eta abarrekin ibiltzeari, ez eta kanpinetan lo egiteari ere)…

San Migel Aralarko santutegia
San Migel Aralarkoaren santutegia

Kafea hartu eta gero, kontu erraza izan da han goitik Lekunberriraino jaistea, eta hantxe bukatu du gaurko etapa. Lotarako, Hemingway ere lo egina omen den Ayestarán hotela, bizikletariak betidanik herriko kale nagusian ezagutu duena.

Edonola ere, eta hau marka, ezin isurialde mediterraneoa utzi, Aralarko lekurik gorenetako bateraino igota ere!: Lekunberritik oso hurbil —eta ez askoz altuago— dagoen Azpirozko mendateraino joan beharko luke gure txirrindulariak, beste aldera pixa egin eta ur horiek Kantauri Itsasora joan doazela ikusteko. Baina planak planak dira, eta bihar kontrako noranzkoan eramango dute, Basaburua eta Ultzama aldera, eta handik Esteribarreraino, hain xuxen.