Aoraki, edo nola eratu zen paisaia

 

Aoraki (edo Mount Cook) da Zeelanda Berriko mendirik altuena (3.724 m). Hau diote maoriek beren identitatearen ikur gorena duten mendiaz:

Kia tuohu koe me he mauka teitei, ko Aoraki anake.

Hots, inori gur egin behar badiozu, izan dadila Aoraki mendi garaiari.

Aoraki mendiari estuki lotua da Zeelanda Berriko Hego Uhartearen hego-mendebaldea lehenik populatu zuen Arowhenua herriaren historia. Aoraki eta haren anaien legendak ahoz aho bidaiatu du –eta iraun du– herri honen hainbat belaunalditan zehar.

Aoraki1 Rakinuiren –Aita Zeruaren– semea zen, eta bere anaiekin batera Papatūānuku –Ama Lurra– bisitatzera etorri zen zerutik lurrera, waka (kanoa) batean, zeinarekin hego aldeko ozeano ilun eta hutsetan nabigatu baitzuten, lur-itsasoak arakatuz.

Halako batean, goseak estutu eta arrantzan hasi ziren. Ez zuten arrakasta handirik izan eta zerura itzultzea pentsatu zuten, Rakinui aitaren baitara. Horretarako, kanoa astun hura aireratu beharra zegoen –lurretik libratu eta zerurantz abiatzeko–, eta Aoraki karakia (otoi kanta) bat abesten hasi zen; baina, anaien beldurrezko oihuen eraginez, zalantza egin zuen eta ez zen gai izan kanta behar bezala amaitzeko.

Waka hasia zen lurretik libratzen eta aireratzen, baina soilik branka zeukan airean: kanoaren erdialdea eta popa irmo zeuden artean itsaso hotz eta ilunean. Otoi kantak huts egin zuenez, zeruranzko hegaldiak abiada galdu zuen, eta brankak eta aurreko alde osoak talka egin zuten atzera ur azalarekin. Hortaz, wakaren branka puskatu egin zen, eta haren zatiak dirateke Hego Uhartearen ipar aldean oraindik ere ikusten ahal diren uharte, kanal sakon eta arroila ugariak.

Itsasoratze bortitz haren ondoren waka irauli egin zen, eta Aorakik eta haren anaiek kanoaren ipurdira igo behar izan zuten itoko ez baziren. Eta hantxe geratu ziren, itsasoan noraezean eta zeruratzeko aukerarik gabe, huts egindako kantak kanoa eta eskifaia harri bihurturik laga baitzituen.

Azkenean, Aorakiren eta haren anaien gorputzak mendi bihurtu ziren, eta horiek dira egungo Hegoaldeko Alpeak, zeinetan Aoraki, anaia zaharrena, baita garaiena. Waka, berriz, Hego Uhartea bilakatu zen, eta hala esaten diote maoriek: Te Waka o Aoraki, hots, Aorakiren kanoa. Mendi horiek soil eta gorri iraun zuten urte luzez, eta han ez zen ez bizitzarik, ez urik, ez eta bertan bizi ahal izateko ezinbestekoak diren bestelako kondiziorik.

Handik denbora batera eratu zen egungo paisaia, gerora Waitaha, Rapuwai, Kāti Hawea, Kāti Mamoe eta Kāi Tahu tribuen atua —erdi jainko– bihurtu ziren Aorakiren ahaideen eraginez. Bertan bizitza sortu zen, eta, hala, jatorrizko eskifaiako ahaide sakratu haiek egindako ahalegina ez zen alferrik izan: lurra ez zen aurrerantzean antzua izango eta gizakiak bertan bizi ahal izango ziren.

Arowhenuako paisaiaren sorreraren istorio hau gakoa da aipatu tribuen tradizioan. Eta horretan oinarriturik, eskualdeko Kāti Huirapa marae edo komunitate nagusia arduratzen da egun Aoraki mendiaren eta inguruen zaintzaz, haiek dira lurraldearen kaitiaki edo zaintzaileak.

 

  1. Hemen kontatzen den istorioa aurreko blogoeta batean kontatutakoaren beste bertsio bat da, zertxobait desberdina eta hura baino zabalxeagoa.