Margarita Nafarroakoaren Heptamerona euskaratzeko proiektuaren barruan1, aurten hirugarren atalari heldu zaio bere txanda, eta hori itzuli dugu 2023ko udazkenetik hona; 3. atal horretan, euriteak direla-eta Pirinio aldeko Zarrantzatik irten ezinik geratutako hamar nobleek —bost dama eta bost zaldun— beren itxialdiko hirugarren egunean kontatzen dituzten istorioak biltzen dira (21. istoriotik 30.eraino).
Eta aurreko urteetan Iruñean, Amaiurren eta Orbaizetan egin bezala, aurten Zangozan elkartuko gara, hirugarren atal hori jendaurrean irakurtzeko (ikus xehetasunak behean).
Atal honen itzulpena ere neuk egin dut, eta Itziar Diez de Ultzurrun arduratu da gainbegiratzeaz eta oharrak egiteaz (enegarren aldiz, esker anitz eginiko lan bikainagatik). Eta aurreko atalak bezala, hau ere Booktegik argitaratu du2; eskerrak, beraz, Aritz Brantoni ere, proiektuan sinetsi eta aurrera eramateko egiten ari den ahaleginagatik.
Jendaurreko irakurraldia Zangozan
Jendaurreko irakurraldi hauek Nafar Ateneoak antolatu ohi ditu, eta aurtengoa Zangozako Ikastolan izanen da, urriaren 5ean, larunbatarekin, goizeko 10:00etan hasirik. Ekitaldia irekia da irakurtzera zein entzutera etorri nahi duen edonorentzat. Pasarte bat irakurri nahi duenak, hori bai, mezu bat idatzi behar du heptameronaitzulpena@gmail.com helbidera, izen-deiturak, email helbidea eta telefono zenbakia emanez, eta emailez jasoko du gero irakurtzeko egokitu zaion zatia.
Irakurketan etenaldi bat egingo da eguerdian, bazkaltzeko (bazkarian parte hartu nahi izanez gero ere izena eman behar da aldez aurretik, aipatu helbide berera idatziz). Bestalde, eguna osatzeko, honako hauek ere antolatu dituzte aurten:
- Irakurketari ekin aurretik, Zangozako Enrike II. Albretekoa talde kulturala eta Jon Oriak Nafarroako Margaritari buruz egin zuen tesia aurkeztuko dituzte David Marurik eta Aitor Antuñanok.
- Bazkalondoan, bisita gidatu bat egingo da Zangozan zehar, Enrike II.aren etxea ikusteko, besteak beste.
- Amaieran, berriz, Margarita Nafarroakoari buruzko hitzaldi bat emango du Pilar del Valle historialariak, Heptameron abesbatzak lagundurik.
Heptamerona: 3. Eguna
Hirugarren eguneko mintzagai nagusi ditugu «beren harremanetan xede bakarra onest izatea baizik ukan ez duten emazteak, eta elizgizonen hipokrisia eta gaiztakeria». Istoriootan, esaterako, Marie Heroet ezagutuko dugu, «zeinari Saint-Martin des Champs-eko priore batek bere ohorea galdatzen baitzion», baina gai izan zena «zituen tentazio handiak garaitzeko»; edo Elisor, Gaztelako Erreginari zion amodioa zuhurgabeki adierazteagatik, hark guziz krudelki tratatu zuena; edo hamalau edo hamabost urteko zaldun gazte hura: «amaren dama gazteetarik batekin oheratu nahian zebilela, amarekin berarekin oheratu zen, zeina handik bederatzi hilabetera semearen alaba batez erdi baitzen; zaldunak alaba hura esposatu zuen hamabi edo hamahiru urteren buruan, jakin gabe neska alaba eta arreba zuela, ez eta hark ere mutila aita eta anaia zuela».
Hamar istorio labur, beraz, denon artean irakurri eta gozatzeko —ahaztu gabe istorio bakoitzaren amaieran bildurikoen artean sortzen diren eztabaida bizi bezain interesgarriak!—. Egun polita izanen da, eta aukera ederra Nafarroako errege Henrike II.aren —Heptameroneko Hircan; Parlamenteren, hots, Margarita Nafarroakoaren senarra, hain zuzen— jaioterria eta inguruak bisitatzeko. Animatu!
- Egitasmo honetaz blogean aurretik idatzitakoen berri izateko, jo hona
- Hona hemen Booktegik orain arte argitaraturiko atalak: