Margarita Nafarroakoaren Heptamerona euskaratzeko proiektuaren barruan1, aurten Seigarren Egunari heldu zaio txanda (bi baino ez dira falta, agian datorren urtean bertan amaituko dugu!). Atal horretan, Zarrantzako komentutik uholdeak direla-eta irten ezinik geratutako hamar nobleek beren itxialdiko seigarren egunean kontatzen dituzten istorioak biltzen dira (LI. istoriotik LX.eraino).

Eta, aurreko urteetan Iruñean (2021), Amaiurren (2022), Orbaizetan (2023), Zangozan (2024) eta Altsasun (2025) egin bezala, aurten Erriberrin elkartuko gara, hamar istorio horiek jendaurrean irakurtzeko (ikus xehetasunak behean).
Atal honen itzulpena ere neuk egin dut, eta Itziar Diez de Ultzurrun arduratu da gainbegiratzeaz eta zuzenketaz (enegarren aldiz, esker anitz, Itziar, eginiko lan bikainagatik).
Orain arteko atal guztiak Booktegik argitaratu ditu, eta webean daude eskura zenbait formatutan2; eskerrak, bada, Booktegiren arduradun Aritz Brantoni ere, proiektuan sinetsi eta aurrera eramateko eskaini duen laguntzagatik.
Jendaurreko irakurraldia Erriberrin
Jendaurreko irakurraldiok Nafar Ateneoak antolatu ohi ditu, eta aurtengoa Erriberriko Kultur Etxean izanen da, urriaren 3an, larunbatarekin, goizeko 10:00etan hasirik. Ekitaldia irekia da irakurtzera zein entzutera etorri nahi duen edonorentzat. Pasarte bat irakurri nahi duenak mezu bat idatzi behar du heptameronaitzulpena@gmail.com helbidera, izen-deiturak, email helbidea eta telefono zenbakia emanez; pasarteak banatzen direnean, emailez jasoko du bakoitzak irakurtzeko egokitu zaiona, aurretik prestatu nahi badu astia izan dezan.
Irakurketan etenaldi bat egingo da eguerdian, bazkaltzeko (bazkarian parte hartu nahi izanez gero ere izena eman behar da aldez aurretik, aipatu helbide berera idatziz). Bestalde, aurreko urteetan bezala, eguna osatzeko beste zenbait ekitaldi ere izango dira; aurrerago emango dugu horren berri, WhatsApp taldearen bidez3.
Heptamerona: Seigarren Eguna
Honela dio seigarren egun honen hasierako laburpenak:
Seigarren egunean, gizonek emazteei, emazteek gizonei edo emazteek emazteei abariziaz,
mendekuz eta maleziaz egin enganioez mintzatuko gara.
Eta, aurrekoetan bezala, horren ondoren datoz aitzinsolas labur bat eta hamar istorio, denon artean irakurri eta gozatzeko —ahaztu gabe istorio bakoitzaren amaieran komentuan bildurikoen artean sortzen diren eztabaida bizi bezain interesgarriak!—. Hamar istorio horietan denetik aurkituko dugu, krudeletik zein irrigarritik, tristeziatik zein alaitasunetik. Esaterako, hona hemen berrogeita hamaikagarrenaren laburpen beldurgarria:
Urbin-eko dukeak, ez zuenez nahi semeak ezkontza txar bat egin zezan, eta emazteari egin promesaren kontra, etxeko neskato bat urkarazi zuen, haren bidez jakinarazten baitzion semeak bere amoranteari zion amodioa.
Eta hemen, berriz, oso beste tankerako batekoa den berrogeita hamabigarrenarena:
Botikari baten zerbitzariak, ikusirik gibeletik zuela beti aharra bila etortzen ohi zitzaion abokatu bat, eta hartaz mendekatu nahian zebilenez, utzi zuen mahunga barnetik erortzera mokordo hormatu bat, paperean bildurik azukre opil bat balitz bezala, eta lurretik hartu eta kolkoan gorde zuen abokatuak; gero, adiskide batekin joan zen hura taberna baterat bazkaltzera, eta ez zen handik atera zerbitzari gaixoari eginarazi nahi zizkion gastu-lotsak bere baitan harturik baizik.
Hor ibiliko gara, bada, aurten ere aberats eta pobreen artean, noble boteretsu, herritar dohakabe eta kordelier lizunen jiran. Amodio garbi, interesatu zein ezinezkoen berri ikasiko dugu, eta jolas likits, alberdania eta abarren gainean irri eginez gozatuko. Eta, beti bezala, aukera ederra izango dugu ikusteko zer-nolako gogoetak egiten dituzten gure Parlamentek, Oisillek, Hircanek, Geburonek eta Zarrantzako monasterioan bildurik diren beste sei nobleek istorio horien gainean…
Ongi pasatu ohi dugu, etorri gurekin Erriberrirat! 😁
- Egitasmo honetaz blogean aurretik idatzitakoen berri izateko, jo hona
- Hemen dira orain arte argitaraturiko atalak:
– Aitzinsolasa eta Lehen Eguna
– Bigarren Eguna
– Hirugarren Eguna
– Laugarren Eguna
– Borzgarren Eguna - WhatsApp talde bat erabiltzen dugu informazioa zabaltzeko; nahi izanez gero, esteka hau balia dezakezu taldeko partaide izateko (lasai, mezu gutxi batzuk izaten dira urte osoan, irakurraldiaren berri emateko baino ez 😉: https://chat.whatsapp.com/L8HWJfrrr44KxAlFE7tluD
Utzi erantzuna