Garo meta, Alkizako Leten
Alkizako Kultur Etxean egindako erakusketa, 2009ko udazkenean.
Argazkiak ikusteko, egin klik goiko irudiaren gainean.
...Idiak, segak, eskuareak, gurdia, lera... orain gutxi arte gure mendi eta soroetan hain ohikoak ziren lanabesak erabili ziren, Alkizako Leten jaso zen garo meta hau egiteko...
Itxurain, Alkiza uztartzen ekimenaren barruan, Itxurain elkarteak hainbat proiektu bultzatu ditu herrian azken urteotan, eta horien arteko hirugarrenaren helburua garo meta egitea izan zen. Aurretik eginak ziren txerri festa, 2008ko sanmartinetan, eta txondorra, 2009ko maiatzean. Hirugarren proiektu honetan, bada, garoa bildu eta meta egitea zen kontua, garai bateko ohiko moduak erabiliz: idiak lotu, mendira jo (Ernioko bidean dagoen Itzuregiko gaina aukeratu zen garoa ebaki eta biltzeko), bertan bezperan ebakitako garoa bildu, lera-gurdiak kargatu eta herrira garraiatu, betiko bideetan barrena. Segak, eskuareak, gurdia, lera... orain gutxi arte gure mendi eta soroetan hain ohikoak ziren lanabesak erabili ziren lana burutzeko. Behin herrian, Lete baserriaren atarian jaso zen meta galanta.
Prozesu hori guztia argazkitan hartu, eta argazki horietako batzuekin osatu zen erakusketa.