Kuba zuri-beltzean

Eskolatik bueltan. Santiago de Cuba, 2013.

Donostiako Antiguako Txirain Elkartean egindako erakusketa, 2023ko urriaren 5etik 2024ko urtarrilaren 10era.

Bilduma ikusteko, egin klik gaineko argazkian.

Bero sapa eta itsaskorra zen 1996ko uztaileko egun hartan, Habanan estreinakoz lur hartu nuenean. Herrialdeak txundituta —eta maiteminduta— utzi ninduen lehen bidaia hartan, eta sargori haren itsaskortasunak askatu ezinik naukala oraindik esango nuke. Geroztik, maiz izan dut uhartera bidaiatzeko aukera, erlazio akademiko bat dela-eta Santiagoko hizkuntzalaritza zentro batekin izandako lankidetza proiektu luze bati esker. Egonaldi horietan egindako milaka argazkietatik lagin txiki bat baino ez da, noski, erakusketa honetara ekarritakoa.

Irakurri gehiago: Kuba zuri-beltzean

Igartubeiti Dantzan

Dantzan dolare ertzean.

Gipuzkoako Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoan egindako erakusketa, 2019ko ekainaren 13tik irailaren 30era.

Bilduma ikusteko, egin klik gaineko argazkian.

Erakusketan, Dantza pelikula (Telmo Esnal; Txintxua Films, 2018) Igartubeitin filmatzen ari zela egindako argazkien aukera bat aurkeztu da, Koldobika Jauregi eskultoreak filmerako diseinatu eta baserriko eszenetan dantzariek erabilitako jantzi eta atrezzoko objektu zenbaitekin batera.

Kameren aurrean dantzari: Dantza filmeko argazki sorta bat

Izurritea (ezpata dantza).

  • Donostia: Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen erakusketa aretoa, 2019ko urtarrilaren 11tik otsailaren 6ra.
  • Tafalla (Nafarroa): Tafalla Kulturgunea, 2019ko otsailaren 2tik 21era.
  • Zarautz (Gipuzkoa): Photomuseum, 2019ko otsailaren 12tik martxoaren 19ra.
  • Tolosa (Gipuzkoa): Aranburu Jauregia, 2019ko martxoaren 22tik apirilaren 27ra.
  • Alkiza (Gipuzkoa): Fagus Alkiza Interpretazio Zentroa, 2019ko maiatzaren 13tik ekainaren 30era.
  • Oieregi (Nafarroa): Bertizko Jaurerria, 2019ko uztailaren 4tik abuztuaren 25era.
  • Biarritz (Lapurdi): Gare du Midi antzokia, 2019ko irailaren 3tik 15era.
  • Baiona (Lapurdi): L'Atalante zinema, 2019ko abuztuaren 28tik irailaren 30era.
  • Zarautz (Gipuzkoa): Sanz Enea, 2020ko otsailaren 6tik martxoaren 29ra arte (Koldobika Jauregi "Dantza" erakusketaren barruan, filmean erabilitako jantzi eta atrezzoko hainbat objekturekin batera).
  • Andoain (Gipuzkoa): Bastero Kulturgunea, 2021eko martxoaren 31tik apirilaren 30era arte (Koldobika Jauregi "Dantza" erakusketaren barruan, filmean erabilitako jantzi eta atrezzoko hainbat objekturekin batera).
  • Alkiza (Gipuzkoa): Bizitza efimeroa, Koldobika Jauregiren bizialdia ospatzeko ekitaldien barruan. Fagus Alkiza Interpretazio Zentroa, 2024ko urriaren 4tik 20ra.

Bilduma ikusteko, egin klik gaineko argazkian.

Kameren aurrean dantzari: proiektuaren nondik norakoak

Dantza ez da ohiko film bat. Dantza-k istorio bat kontatzen digu euskal dantza tradizionalen bidez. Istorio hori herri batean, baserri giroko edozein herritan gertatzen ahal da; munduko edozein lekutan gerta liteke, gertatu ere. Istorioak gizakiaren eta naturaren arteko harremanen berri ematen digu, eta biziaren –eta bizirautearen– metafora ere bada, hazia ereiten denetik fruitua jasotzen denerainoko zikloa osatzen baita filmaren hasieratik bukaerara bitartean, sortzetik heriotzarainoko bidea; lana, amodioa eta festa ere ukitzen dituela.

Erakusketan aurkeztutako irudiotan ere, filmak korritzen duen ibilbide horri jarraitzen zaio gutxi edo asko. Hor ikusten dugu, aurrena, xamana (izaki androginoa: eguzki amandrea, Amaterasu), libreki dantzan harpe barruan, euri eske, lurrak bere fruitua emango badu nahitaezkoa duen uraren erreguz. Lurra ernatzen ikusiko dugu gero –zinta dantzaren ardatz, hostoberritzen hastear den arbola, biziaren arbola–; haren ingurura hurreratzen diren izaki beldurgarriek, berriz, izurritearen etorrera irudikatzen dute, moskito eta ezparen izurria (ezpata dantza): erasoaren ondorioz, arbola bere baitara bilduta ikusiko dugu, eta gaitzak jotako fruitua lurrean. Sua azalduko da gero, nekazariak uzta hondatzera datorkeen izurriteari aurre egiteko baliatzen duen sua (Bizkaiko erregelak); eta haren segidan, heriotza errituak (irradaka), eta hortxe emakumeek biribilean jarrita eratzen duten cromlech irudia. Neguaren ondoren, baina, udaberria lehertuko da: sagarrondoak bere lore ederrak emango ditu, udaren amaieran fruitua ekarriko duten loreak (sagar dantza). Aurrera segituz gero, fruitua dagoeneko bilduta ikusiko dugu, sagarrak dolarean, lana; eta uztaren inguruan, almute dantza egingo dute gizonek. Sagarretik sagardoa sortuko da eta herri osoa plazara bilduko da, festan (soka dantza, galaiena, godalet dantza). Bukatzeko, amodioarekin egingo dugu topo azken bi argazkietan: ez da saltsa, ez da lanbada... Arratiako jota da.


Telmo Esnalek zuzendutako Dantza-ren (Txintxua Films, 2018) filmatze saioetako argazkiekin osatu dut erakusketa hau. Saio horietan argazkiak egitera gonbidatu nindutenean, ez nekien zer aurkituko nuen; zinemaren mundua ez nuen barrutik ezagutzen eta ez nekien zer-nolako egoerak eta aukerak izango nituen argazkiak egiteko. Estreinakora joan nintzelarik, baina, Igartubeitiko argi-itzaletan eta kameren aurrean dantzarien oin biluziek zurezko zorutik harrotzen zuten hautsaren artean lehen klikak egiten hasi orduko, ernamuindu zen niregan erakusketaren bidez aurkezten dudan proiektu fotografikoa.

Irakurri gehiago: Kameren aurrean dantzari: Dantza filmeko argazki sorta bat

Solstiziotik solstiziora, Amerikan barrena

Ruka Pillañ (edo Villarrica) sumendia, gauez. Pucón, Araucanía (Txile).

Donostiako Informatika Fakultatearen 40. urteurrena ospatzeko prestatu nuen argazki bilduma hau, zeina 2016an Amerikan zehar egindako bidaian ateratako argazkien lagin txiki batez osatu bainuen. Honako leku eta data hauetan aurkeztu dut:

  • Donostia: UPV/EHUko Informatika Fakultatearen atarian, 2017ko azaroaren 10etik abenduaren 22ra.
  • Donostia: UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroaren Andrestegi aretoan, 2019ko martxoaren 4tik 19ra.
  • Gasteiz: UPV/EHUren Arabako Campuseko Pabiloian, 2019ko apirilaren 1etik maiatzaren 17ra.

Bilduma ikusteko, egin klik gaineko argazkian.

Bidaia eta erakusketa: nondik norakoak, hitz gutxitan

Aspaldiko asmo bat gauzatzeko zortea izan nuen 2016an, motxila hartu eta sei hilabeterako Amerikan zeharko bidaia bati ekin bainion, ekainetik abendura. Udako solstizioarekin Ternuako kostaldean nenbilen, Artikotik hegoalderantz etorri ohi diren icebergen miraz eta euskal baleazaleek lurralde haietan utzitako arrastoen atzetik; urte erdi geroago, berriz, Patagoniako mendietan gora eta behera. Hego hemisferioan udako solstizioa izan baino egun batzuk lehenago iritsi nintzen Ushuaia mitikora. Guztira, 27.000 km-edo korrituko nituen: Eskozia Berria, Ternua, Quebec Hiria, Concord, New York, New Orleans, Monterrey, Mexiko Hiria, Puebla, Costa Rica, Panama, Medellín, Mompox, Cartagena, Ekuador, Trujillo, Lima, Atacama, Santiago, Araucanía, Chiloé, Bariloche, Perito Moreno, Ushuaia... trenak, autobusak —bai ugari!—, autoak, txalupak, hegazkin gutxi batzuk... kaleak, hiriak, herrixkak, museoak, hondartzak, oihana, basamortua, mendiak, jendea... geltokiak, tabernak, ostatuak. Bidaia bera egunero oraindik gogora etortzen zaidan bizipen ederra izan zen, eta beta izan nuen, besteak beste, naturaz gozatzeko, historia pixka bat ikasteko, kale artean gora eta behera ibiltzeko, jendearekin hitz egiteko, lagunen bat edo beste egiteko, idazteko —blogoetak izeneko blogean—... eta, nola ez, argazkiak egiteko.

Irakurri gehiago: Solstiziotik solstiziora, Amerikan barrena

Kuba: begiratu bat Euskal Herritik

Eduardo.

Santiago de Cubako UNEACen Titón Aretoan egindako erakusketa, 2013ko urtarrilaren 23tik otsailaren 5era. Gero, argazki hauetako batzuk Habanako Euskal Etxean ere egon ziren ikusgai, 2013ko Aberri Egunean (2013-03-31). 

Bilduma ikusteko, egin klik gaineko argazkian.

Kubara egindako bidaietan ateratako argazki sorta batek eta Euskal Herrian egindako beste hainbatek osatzen dute erakusketa hau. Cecilia Arrozarena Uribe, euskal jatorriko habanatarraren El roble y la ceiba. Historia de los vascos en Cuba (Txalaparta, 2003) liburuaren atzeko azalean, honako hau irakur daiteke: “Kubatarren eta euskaldunen artean harreman luzea eta halako begiratu konplize bat dago. Izango da, agian, biak, zein bere erara, uharte herriak direlako, bizirik eta burua gora irauten saiatuak eta irmoak...". Bada erakusketa honen sorburuan eta irudietan ere begiratu konplize horretatik.

Irakurri gehiago: Kuba: begiratu bat Euskal Herritik

Literaturatik gehiago pinturatik baino

Rufina Cuba: bizitzaren arrastoak.

Hondarribiko Modotti Tailerrean egindako erakusketa, 2011ko urriaren 11tik 30era.

Argazkiak ikusteko, egin klik goiko irudiaren gainean.

Kontrakoa esaten bada ere, uste dut argazkigintzak gehiago duela literaturatik pinturatik baino. Francesc Català Roca (Argazkilaria. Katalunia, 1922-1998).

Irakurri gehiago: Literaturatik gehiago pinturatik baino

Begiratuak 2.♀

Mariluz. Chinchero (Cuzco), 1997.

Donostiako Informatika Fakultatean egindako erakusketa, 2006ko abenduan.

Argazkiak ikusteko, egin klik goiko irudiaren gainean.

...Han eta hemen harrapaturiko emakume begiradak, argazkilariaren begiez jasoak, kimikaren zein sentsore digitalaren bidez betikotuak.

Irakurri gehiago: Begiratuak 2.♀