Erdi berekoak eta beste erdikoak

Bazkalondoa zuan, eta kafetxoa hartzen ari hintzen Hondarribiko jatetxe batean, kanpoko mahaietako batera eserita. Berria huen esku artean, joan den larunbateko alea:

[…]
Aitortu egin behar da: indarkeria egoera batean bizi gara, gizarte biolento batean, non gizartearen erdiak aitortzen duen arnasa hartzen duela etxera gauez itzultzen denean atzetik doakiona beste erdiko bat ez dela konturatzen denean. Ez dago gerra deklaraziorik, ez dago agiririk, ez dago ikurrik, ez dago fronterik, eta lubakiak ezin sakonagoak eta ezin ikusezinagoak dira aldi berean. Egun batzuetan emakumeak hiltzen dituzte…
[…]

Gizartearen bi «erdien» arteko «gerraz» ari zaiguk –zaizue, heure erdikooi– Jon Ordoñez Garmendia Berria-ko bere zutabean, Gerra isila izenburupean; aitzakia, egun horretako alearen izenburu nagusian zetorren albistea, eragindako kalteak onartuz ETAk kaleratutako agiriaren biharamunekoak ere azalaren behe aldera zokoratu zituena: Bi emakume hil dituzte Gasteizen.

Gizartearen erdiak arnasa hartzen dik, etxera bueltan gauez datorrela atzetik doakiona beste erdiko bat ez dela konturatzen denean.  Gizartearen erdia lasaitu egiten dela, etxera bueltan gauez datorrela atzetik doakiona beste erdiko bat ez dela ohartzen denean.  Gizartearen erdia larritasunak hartzen duela, atzetik doakiona beste erdiko bat dela ikusten duenean. Gizartearen erdia… eta beste erdia… Eta gerra.

Behin eta berriz irakurri duk esaldia, eta deklarazio, agiri, ikur eta fronterik gabeko «gerra» horretarantz amildu zaik gogoa ezinbestean. Hire atzean, heure erdi bereko kuadrilla bat zegoan blagan beste mahai batean, kafe eta gin tonic-en bueltan jarrita. Lehenago ere ohartua hintzen gizaseme gazte haien jardun builoso eta zatarraz, baina, artikulua irakurri ahala, gerra zantzuak ere hartu hizkion: beren artean ez zeuden baina beren artekoak ziren emakumeez ari zituan berriketan, lasai; beren artean ez zeuden baina beren artekoak ziren emakumeen bular-ipurdiak balioesten, besteak beste; beren artean ez zeuden baina beren artekoak ziren emakumeen joerak eta harremanak epaitzen ari zituan.

Eta «lubakiak ezin sakonagoak eta ezin ikusezinagoak»…