Batua eta euskalkiak, Txiletik Argentinarako bidean (berridatzia)

Bidaiako pasadizo guztiak kontatzeko astirik ez nuen izan, jakina, batetik bestera nenbilen bitartean. Itzuli eta gero, baina, hemen bizi izandakoek ekartzen dizkidate gogora, tarteka, haietako batzuk. Batuaren eta euskalkiaren artekoak denen ahotan dabiltzan honetan, Txileko Puerto Varas-etik Barilocherako bidean izandako enkontru batekin oroitu naiz, eta hona ekartzea pentsatu dut.

Gizon haren izena ahaztua dut dagoeneko, baina ez haren itxura eta hitz egiteko moduak –eta jarioa–. Autobusean beti bezala sartu nintzen, zertxobait irakurri eta lasai egoteko asmoan. Bestalde, Andeak gurutzatzera nindoan, eta batetik eta bestetik entzuna nuen paraje ederra zela muga horren ingurukoa; leihatilan barrena ikusmiran joateko parada izatea ere espero nuen, beraz, egun hartan, Puerto Varaseko autobus geltokian nengoela. Horretan geratu ziren denak, ordea: esperantza hutsean.

Nire adinekoa tipoa, burusoila; eraikuntzan jarduten zuen eta negozioak zituen han eta hemen (Txilen, Argentinan… eta Espainian). Urte asko ziren, antza, Bariloche baino 100 km lehenago dagoen Villa La Angosturara etorri ohi zela, eta etxe bat ere ba omen zuen bertan, berak eraikia. Egun horretan, Txileko lagun batzuenetik zetorren autobusean, Villa La Angosturako bere etxera, egun batzuk bertan eman eta ea konpontzen zituen oinordetzan jasotako zerbaitekin zituen saltsak. Saltsazalea baitzen, inondik ere, agerikoa zuen hori. Eta progre azaldu nahi zuen, exkertiar, nire aurrean behintzat; niri hasieratik joan zitzaizkidan begiak hanka tartean, lurrean zeraman poltsan ageri zen piperpoto txikira.

Aldamenekoa ez, baizik pareko eserlekua hartu zuen. Bidaia lauzpabost ordukoa izango zen… bada lauzpabost ordu aritu zen hizketan, isildu gabe! Burgos aldekoa, espainola. Oso espainola. Nire itxurako euskaldun batekin hizketan ari direlarik mantendu beharreko posea eta jarrera kontrolatzen dakiten horietakoa. Baina pose-jarrerei luzaroan eustea ez da erraza izaten, atzenerako beti azaleratzen da benetako muina zirrikituren batetik.

Bere bizitza kontatu zidan, bere saltsak usaintzera eman zizkidan, bere ahalak erakutsi zizkidan batere lotsarik gabe –lotsatuta ni, autobuseko beste bidaiariak dena entzun eta ulertzen ari ote ziren beldur–. Elkarrizketa bakarrizketatzat –edo alderantziz?– duten horietakoa zen, eta ez zidan solasean enplegatzeko lan handirik eman: haren yo, yo eta yo ugariei ya, ya eta ya etsi batzuekin erantzunda aski izan nuen, denbora gehienean. Baina, noski, batzuetan gehiegizkoa da isilik geratu beharra.

Haren muina azaleratuz joan zen ezinbestean, bada, konfiantza hartu ahala. Halako batean, Euskal Herriaz eta politikaz ari ginela, hizkuntzaren gaia atera zuen, eta euskara batuari buruzko topikoak aletzen hasi zen. Han bota zituen, bata bestearen atzetik, artifizial, plastikozko, asmatu, hatxedun, inposatu, ezdeus eta abar bezalako bitxiak. Horren aurrean sutan, ezin izan nintzen isilik geratu, eta, hala uste dut behintzat, gauzak dagokien tokian utzi nituen. Alferrik, seguru asko; baina une hartan, bederen, lortu nuen tipoa isilik uztea.

Autobusa Villa La Angosturara sartzen ari zela izan zen errematea, esan zidanean leihotik begiratzeko, Argentinan Txilen baino “haragi” hobea zebilela eginez. Neska batzuk ari ziren espaloitik pasatzen… Aldi hartan isilik geratu nintzen, ez nintzen ausartu ezer esatera. Baina, herenegun Miren Amurizak Berria-ko bere zutabean ederki zioen legez, alaba aipatzea merezi zuen tipoak une hartan.

Autobusetik jaisterakoan poltsa lurretik jaso zuelarik, piperpotoari erreparatu nion beste behin, nahi gabe.

Ohar luzea: Batuaren eta euskalkiaren artekoak denon ahotan dabiltzan honetan, bada, etsaiaren ahotik entzuten direnen antzeko ahotsak hasi dira gure artetik ere entzuten –pozik egongo litzateke autobuskide burgostarra, eskerrak ez duen gure artekoa ulertuko–. Hizkuntza –mespretxuz letrakuntza deitu dionik ere bada– artifiziala, plastikozkoa, sentimenduak adierazteko ezdeusa omen da euskara batua; euskalkietan omen dago, berriz, bizitasuna, saltsa, gatza eta piperra.

Beste askok nik baino lehenago –eta hobeto: irakurri gaiaz Juan Luis Zabalak bere blogean eta bestetan idatzitakoak– esan duten bezala, artifizialtasun horren errua, izatekotan, hizkuntzarena ez, baizik hiztunona izango da; ez baita egia, gainera, kasu guztietan, plastikozkotasun delako hori: testu eder askoak badira euskara batuaz (harri-burdinazkoak, larruzkoak, oihal finekoak… ezen ez plastikozkoak); eta batua erabiliz dotore asko mintzatzen diren hiztunak ere bai. Hiztun trakets ugari baden bezalaxe, batua zein euskalkia erabili. Gatz-piperrak erosteko, beraz, bakoitzak jakingo du nora jo: euskalkien denda zabalik da, eta bada bertan batua ontzeko zer ugari.

Estandarra duten hizkuntza guztietako hiztunek dakite estandarra zertarako eta noiz erabili behar den, eta dialektoak zertarako eta noiz erabili behar diren. Eta ez dute horretan huts egiten: badakite noiz, nola eta zertarako erabili zein, eta noiz, nola eta zertarako ez. Noiz demontre ikasiko ote dugu hemen?

Herri honetan, edo ez dugu oraindik ikasi edo badirudi azkenaldian ahazten ari zaigula; eta hor gabiltza noraez gaiztoan, berrogeita hamar urtean egindako bidean alderrai –eta atzerantz, kasu!–. Gurea bezalako hizkuntza batek estandarizazioaren aldetik egin duena –egin duguna, hiztunok–, duela berrogeita hamar urte zegoen egoeran egonda, sinestezin zaio munduan askori, eta miretsita egon ohi dira. Bati baino gehiagori irakurri diodan bezala, euskara batua da, gurean, XX. mendean izan den kultura fenomenorik harrigarriena; eta, segur aski, lorpenik handiena ere bai. Ez dakit inork zalantzan jarriko duen egun, batuari esker dagoela euskara dagoen egoeran, corpusari dagokionez; eta estatusari dagokionez ere, ez dut uste hainbeste jendek ikasiko zuenik hizkuntza, batua bezalako tresna bat eskura izan ez bagenu.

Baina tira, kapaz gara, eta deskuidatzen bagara lortuko dugu! Deskuidatzen bagara harrika botako dugu dena, egindako bidea desegingo dugu, ustez hobe bati ekitearren edo. Eta etsaiak txulo batetik begira izango ditugu, beste hainbat arlotan bezala, eta barrez, indarrak nola barreiatzen ditugun ikusita. Dorian Grayren erretratue… eta fotoa, eta argazkixa, eta potreta fabrikatzen emango ditugu gure onenak, beste batzuek gure hizkuntza hilaren erretratuarentzako urrezko markoa prestatzen diharduten bitartean.

Ohar laburra: Testu honen lehen bertsioa 2017ko urtarrilean argitaratu nuen, blog honetan bertan. Oraingoan kronika gisa berridatzita ematea pentsatu dut, aurrekoan bigarren pertsonan adierazitakoa lehenean birformulatuz.