Valentré zubiko deabrutxoa

Cahors hirian bada XIV. mendeko zubi ikusgarri bat Lot ibaiaren gainean: Valentré zubia −Caors-eko Balandras zubia, Òlt-en gainean, okzitanieraz. Hiru dorre handi ditu gainean, garai batean hirirako sarrera ixteko ateak zituztenak behean. Eta, zubi askoren inguruan gertatu ohi den bezalaxe, kasu honetan ere deabrua ez dabil oso aparte. Hortik sortua da, antza, cahorstar guztiek kontatzen duten legenda hau.

Zubiko lanak oso motel zihoazela-eta, lanok amaitzeko laguntza eskatu omen zion arkitektoak deabruari; ordainetan, eta bere agindu guztiak zintzo betetzen bazituen, bere arima itzuliko ziola aginduz (halaxe dio zubian bertan irakurtzen ahal den testuan: il lui rétrocèdera son âme). Baina, zubia ia amaituta zegoela, arkitektoak, amarruz jokatuz, ez baitzuen betiko infernura joan nahi, berriro deitu zion deabruari, eta agindu zion ur bila joateko Chartreux-eko iturrira, eta igotzeko ur hori zubiko erdiko dorrera, bahe baten laguntzaz; ura morteroa nahasteko behar zelakoan, zubiaren azken harria ezartzeko edo. Deabru gaixoak ezin izan zuen agindutakoa bete, jakina, eta arkitektoak bere arima salbatu zuen honela.

Deabruak, sutan, mendekua prestatu zuen, eta gauero-gauero bere deabrutxoetako bat igortzen zuen, harginek bezperan ipinitako azken harria bere lekutik ateratzeko.

Zubia konpontzen hasi zirenean, baina, 1879an, Paul Gout arkitektoak deabrutxo baten irudia duen harri bat ipinarazi zuen harria falta zen lekuan −oraindik ere ikus daiteke eskultura hori, erdiko dorreko teilatuaren hegalpean.

Valentré zubiko deabrutxoa
Valentré zubiko deabrutxoa, “lanean”

Hartara, deabruak, zubia ongi amaitua denetz egiaztatzera datorren bakoitzean, bere deabrutxoa ikusten du azken harriari helduta, eta tronpatu egiten da, deabrutxoa harria bere lekutik atera nahian ari dela uste baitu.