Ternuan da bidaiaria. Gauez zeharkatu du Cap Breton uhartetik Port-aux-Basques-erainoko itsasarte arriskutsua, marrubi ilargi eder baten pean.
Herenegun izan da udako solstizioa Ipar hemisferioan. Aurten, gainera, marrubi ilargiarekin batera egokitu da nork bere itzalik laburrena ikusteko eguna. Ez omen da hori berriro gertatuko 2062ra arte. Eta aurreko aldia 1967an izan omen zen –edo 1948an, batek daki; izan ere, gaur egun hainbeste informazio daukagu eskura, ezen ez baita erraza ona txarretik apartatzen.
Marrubi ilargia esaten diote Ipar Amerikako alde honetako algonkin indigenek ekaineko ilargi beteari. Ez koloreagatik, ez, baizik eta marrubiak helduta eta biltzeko prest dauden seinale delako baizik.
Oharra: Bidaiariak bitxi bat aurkitu du Wikipedian, algonkin hizkuntzen zerrenda miatzen hasita: zerrenda horretan estreinakoa mikmakera da, XVI. mendean míkmaq-ek eta euskal baleazaleek elkar ulertzeko sortutako pidginaren oinarrian dagoena, euskararekin batera; bigarrena, berriz, etchemina da. Hori bai bitxi ederra, urrun dagoenarentzat!