Elkar ulertzen

Irratian ulertzeko moduko zerbaiten bila ari hintzela, elkarrizketa bati katigatuta geratu hintzen lehengoan. National Aboriginal Day delakoa ospatzen zuan egun hartan –ekainaren 21ean urtero, 1996an hasita–, eta aktore ezagun bat ari zuan esatariarekin hizketan, emakumezkoa –ez huen haren izena harrapatu, lastima!–, Kanadako jatorrizko indigenen festa aitzakia hartuta. Urtero-urtero elkarrizketatuko ditek halakoren bat, inondik ere, halako egunean.

Eta bai, primeran ulertzen zitzaioan. Ingelesa ez zian ama hizkuntza izango seguruenik, eta horrek ere lagunduko zian, noski, baina ez zuan hori bakarrik heu eta bera lotzen zintuzten haria: haren hitz egiteko modua bera eta kontatzen zituenak egin zitzaizkian heure, berehala ohartu hintzen aise ulertuko zenutela elkar. Elkarrizketan erabili zituen eta gogoan geratu zaizkian hitz batzuk, hauexek: genozidioa, zapalkuntza, arbuioa, debekua…

Zerbaitek leundu egin zian, nonbait, elkar ulertzeko ohikoa den hizkuntz koska.