Baleazaleak

Red Bay-ra iritsi haiz gaur goizean, Belle Isle-ko itsasartea alde batetik bestera igarota, Ternuatik Labradorrera. Eta aurrez jakinagatik zer aurkituko huen hemen, ezin uka ukitu egin hauela.

Badia lasai eta eder honetan, duela 400-500 urte, euskara entzuten zuan barra-barra, udako solstiziotik negukora bitartean behintzat. Hendaiarrak, donostiarrak, donibanekoak…, mila edo bi mila lagun hemen, lanean. Eta hondartzan henbilela, film baten hainbat sekuentzia irudikatzen hasi haiz: ontziak eta upelak konpontzen ikusi dituk batzuk, mailuak eta zeioak hartuta; otordua prestatzen, beste batzuk, paraje hauetan irauteko ere jan beharra izango baitzen, orain bezalaxe; azkeneko ekaitzak mugitutako teilak beren lekuan jartzen ere bai, baten bat.

Baina, gehienak, hemen etekina ematen zuen lantegian ariko zituan, jo eta fuego: bale koipea urtzen, olioa egiteko. Eta gero Europan hain ondo salduko zen olio hori upeletan sartu eta ontziratzen; zenbat eta arinago bete bodegak, orduan eta lehenago izango zitean-eta aukera ontziak etxe aldera begira jartzeko berriz. Baina, koipea izango bazen, baleak behar, eta, horregatik, eguna sentitu orduko talaian gora igota egongo zuan bista oneko mutilkoskorren bat, Uliakoan trebatutakoa agian, piztia preziatua noiz bistaratuko; eta beste batzuk, berriz, zain, talaiariaren oihuei kasu egin, arraunak eta harpoinak, eta museoan dagoen bezalako txalupa hartu –shallop esaten ikasi zitean ingelesez–, eta balearen atzetik abiatzeko.

Red Bayn egin dituan ordu gutxietan, historia hori eta beste hainbat istorio kontatu dizkiate. Eta badiaren erdian dagoen Saddle uhartean teila puskak ikusi dituk nonahi barreiatuta –ez eramateko erregutzen ditek, balio arkeologiko handikoak izaki–, eta labe ohiak, eta ehun marinel baino gehiago lurperatuta aurkitu dituzten lekua ere bai: euskaldunen hilerria. Haren ondoan badituk beste eraikin baten arrastoak, eta arkeologoak dudatan ei zebiltzak oraindik, elizatxoren bat izango ote zen –heuk garbi daukak: apaizac obeto han eta orduan ere–. Hirekin batera ziren kaliforniarretako batek galdetu dik ea hire arbasorik izango ote zen haien artean, eta maybe erantzun diok –heure aurrekoen artean marinel jendearen berririk ez izanagatik, zergatik ez upelgile edo arotzen bat, edo, auskalo, apaiz arraioren bat, bestela, zergatik ez.

  • Red Bay.
    Red Bay.

Eta, besteak beste, ikasi duk behin abenduan deskuidatu egin zirela baleazaleak, Islandian gertatu zitzaien bezala, eta hantxe geratu zirela irten ezinik, izotzek itxita itsasbideak. Negua latza duk hemen, eta batzuk bertan hil zituan, noski. Martínez de Larrume deitutako batek eutsi omen zioan hurrengo udaberrira arte bizirik, baina laguntza iritsi eta berehala zendu zuan, bere azken nahiak adierazita: zituen zorrak aitortuta, batetik, baina baita berari zor ziotenen izenak izkiriarazita ere –Martin Arbelaizek, esaterako, ez dakit zenbat dukat zor omen zioan, eta oinordekoari itzul ziezazkiola esanda hil zuan Larrume hori.

Museoan ikasi duk gizon haiek nola janzten ziren ere, eta otu zaik Larrume hura bera izango zela, akaso, atorra gorria eta galtza urdinak, lepoan painelua eta buruan artilezko kapela, uharteko hilerrian hobiratuta agertu zena.

Oharra: Labradorreko bazter honetan bazekitek zerbait euskaldunei buruz, eta bertara turismoa erakartzen badute, horri esker duk (Unescok Gizateriaren Ondare diren lekuen zerrendan sartu zian Red Bay, gainera, 2013an). Baina, gainerakoan, eta hemen bezala Ternuan, euskaldunak inguru hauetan ibili zireneko arrastoa eta oroitzapena San Juan galeoia bezain hondoan zeudek dagoeneko, hala esango huke.

Bigarren oharra: Lehendik ere baldin bahekien ere, hemendik aurrera batere zalantzarik ez: euskaldunak zarete Europako indigenak. Museoan hengoela, nondik etorria hintzen esatea otu zaik. Txundituta utzi dituk, bai zaindaria eta bai harekin hizketan ari ziren newyorktar senar-emazteak ere; ez zeudek, nonbait, ohituta, euskaldunak ikusten paraje hauetan gaur egun. Newyortarrak –gizonak– berehala atera dik kamera zorrotik: Would you mind if I take a photograph of you? –edo antzeko zerbait esan, eta hiri begira jarriz–. Honezkero hor ibiliko duk hire argazkia munduko amaraun zabalean zehar, larri ibili! Gustura irakurriko huke oinean jarri bide dion testua.