Paper artean, paperik gabe

Bidaiak bere zergak ditik, zer uste huen, ba!

Egunero-egunero hartu behar duk denbora paper kontuak egiteko, paperik gabeko paper kontuak badira ere: biharamuneko autobusaren berri jakin, eta erreserba egin (garai batean ez zenuten hainbeste erreserba egiten, zer dela-eta orain dena aurretiaz egin behar hori?); hemendik bi egunetara, Trois-Pistoles-era goizeko hiruretan iritsiko bahaiz trenean, non egingo duk lo?; Kanadatik Estatu Batuetara pasatzerakoan, zer eskatuko diate immigraziokoek, eskura al dituk paper horiek? (nola egingo ote ziren gauza hauek guztiak duela hogei urte, Internetik gabe, sakelakorik gabe, ordenagailurik gabe?).

Ba horixe, hortxe koxka: Kanadatik Estatu Batuetara sartzeko, Bilbotik Halifaxerako bidaian izan huen arazo berbera izango duk, motel, argi zegok:

– Non duzu AEBtik irteteko hegaldia? Hori gabe ezin dizugu utzi hegazkinera igotzen.

Duela bi egun, iluntzean, neka-neka eginda hengoela horretaz pentsatzen hasi hintzenean, mundua behera etorri zitzaian. Ez huen batere ondo lo egin, baina, hala ere, goiza argitsu zabaltzen duenean, eta ondo gosaldu eta gero, beste itxura bat hartzen ditek gauzek, ez da hala? Bai, hala duk… baina kezka bere horretan zegok oraindik, eta ez duk asmatu nola konpondu.

Gaur Air Canadakoekin aritu haiz hizketan. Ez zeukatean oso garbi zer egin, ezta zer eskatuko diaten ere Estatu Batuetako aduanakoek (aduanakoen aitzakia egin ditek, baina hegazkin konpainiak dituk, azkenean, trabak jartzen dituztenak, segurola jokatu eta jendea atzera botatzen dutenak). Kontsulatuan galdetzeko gomendatu ditek. Quebecen egin beharko, edo Halifaxen bestela, ikusiko duk.

Gero, AEBko gobernuak chat zerbitzua eskaintzen duela ikusi duk, era honetako arazoei buruz galdetzeko, hain zuzen, eta galdera bota duk. Gaztelaniaz, horretarako aukera ere bazegoan eta. Arazoa kontatu diek, Montrealetik Bostonerako hegaldia duala, uztailaren 7an, eta galdera: Zer dokumentu behar dut frogatzeko AEBtik aterako naizela, aski al da New Orleansetik Mexikorako autobus txartel bat edukitzea, adibidez? Erantzuna: «Montréal, ¿dónde queda eso?». Et, et, et, inork ez dezala pentsa, gero, adarra jotzen ari haizenik, e, ez haiz ari eta!!!: horixe izan duk, hitzez hitz, Dayanara G deiturapean ziharduen agenteak emandako erantzuna (edo egindako galdera, hobeto esan). Bien, ondo hasi gaituk! Luzea duk gero gertatu den guztia gertatu den bezala kontatzea, baina kontua duk web helbide bat izan dela, azkenenean, erantzun gisa lortu duan guztia. Eta web helbide horretan, jakina, ez zetorrean hire galderaren erantzuna –gehienetan bezala.

Oharra: Ikusita chatetik lortutako emaitza eskasa, galdera ingelesera itzuli eta ingelesezko chatean sartu haiz, ea agentearekin suerte hobea heukan. Galdera txukun-txukun idatzi, bota duk… eta nork erantzungo, Dayanara G-k berriz! Hori lotsa, hirea oraingoan, barkatu, izan ere lehen eman didazun web helbide horretan ez dut aurkitu behar nuen erantzuna, sorry about thatAll right, don’t worry, I will do some more research and I will answer you. Total, beste web helbide bat azkenean, eta erantzunik ez han ere.

Bigarren oharra: Bi ordu bai, gaur, goiko horretan guztian, eta batere emaitzarik ez. Baina animo, motel, hauxe nahi huen, ezta?

Hirugarren oharra, 10 egun beranduago: Aurrekoak idatzi eta hamar egunera mezu bat jaso duk posta bidez, CBPtik (U.S. Customs and Border Protection, AEBren aduana eta mugen babeserako agentzia, alegia); honela ziok:

Dear Xabier,
It would be good to have information that shows you will go to Mexico after you visit the US. You will be checked by CBP officers in Montreal before you board the flight to the US.
Mark.

Mezu hori iritsi denerako, baina, AEBn hintzen; autobusez pasatu hintzen eta ez ziaten halakorik eskatu.