Izan ere, balea harrapatzera edo bakailaotara udaberrian etorri eta negu hasieran joaten ibiltzea ez zen samurra izango, eta batzuek geratzea erabakiko zuten.
Eskozia Berrian, bikingoen Vinland hartan, Ternuan, oraindik ere Frantziaren kolonia diren Saint-Pierre eta Mikelune uharteetan, eta geroago bai Kanada barruko beste zenbait lekutan ere, euskaldun batzuk geratu egin ziren. Kalifornia, Nevada, Idaho eta abarretara joandakoen historia ezagunagoa da, baina inguru hauetara etorri eta geratutakoak ere badira. Itxura denez, baleen industriak behera egin zuenean, berez edo besteren esku geratu zelako, batzuek gelditzea erabaki zuten. Ternuan leku izen askok salatzen dute euskaldunen presentzia, San Lorentzo ibaiaren ertzetan ere bai, Saint-Pierre eta Mikelune uharteetan zer esanik ez…
Atzo, bidaiariak, Ternuatik Eskozia Berrira atzera ekarriko zuen itsasontzia hartu baino lehen, Placentia izeneko herrixka batean egin zuen bazkari legea. Gaua itsasoan eman ondoren, berriz, Eskozia Berriko Cape Breton uhartean lehorreratu eta Louisbourg izeneko herrira jo zuen. Eta gauzak nola diren: nahi gabe egindako lotura hori, Placentia-Louisbourg, estreinakoz “kolono frantses” batzuek egina zen nolabait, Placentiatik etorritako jendeak sortu baitzuen, hain zuzen ere, Eskozia Berriaren historian horrenbesteko garrantzia izan duen Louisbourg hori, 1713an.
Frantses ez zirenak ere izango ziren tartean, noski, zetozen herriari Placentia izena emana baldin bazioten. Domingo de Luca euskal arrantzaleak testamenduan esana utzi omen zuen, 1563an, bere gorputza “Plazençiako portuan” lurperatzeko, “hemen hiltzen direnak lurperatu ohi diren lekuan”. Bidenabar, testamendu hori da, adituek diotenez, Kanadan idatzitako jatorrizko dokumentu zibil zaharrena.
Louisbourg leku esanguratsua izan da Ipar Amerikaren independentziaren historian. Bertako gotorleku handia (guztiz berreraikia dago orain), XVIII. mendean bi aldiz setiatua, frantsesen esku egotetik ingelesen eskuetara pasatu zen 1758an. Historia hau Akadiaren historiarekin lotua dago, jakina, akadiartzat baitzuten beren burua inguru hauetan bizi ziren frantses hiztunek. Eta akadiarren paraderoa zein izan zen aipatu da blogoeta hauetan, Akadia sarreran: erbesteratzea eta errepresioa.
Ikertzaileek diotenez, erbestetik itzuli ziren akadiarrek, eta horien artean euskaldunek, beren deiturak aldatu behar izan zituzten, anglosaxoitutako beren herrialdean biziko baziren. Euskaldunei, eta míkmaqei, frantsesekin aliatu baitziren, galtzailearekin egotea suertatu zitzaien.
Bidaiaria ere suerteko zegoen atzo, eta bisitari saldo baten barruan aurkitu zuen bere burua Louisbourgeko gotorlekua ikustera joan zenean: Kanadak 149 urteko independentzia ospatzen zuen, hain zuzen ere, atzo, uztailak 1. Eta otu zitzaion gehienak britainiarrengandik askatu zirenekoa ospatzen ariko zirela, baina frantsesdun gutxi batzuk ere baziren tartean, eta haiek erdipurdiko independentzia moduko bat ospatzen ariko zirela pentsatu zuen, duela 250 urteko setioa, eta XVIII. mendean, oro har, beren arbasoek jasandakoei buruz entzuten ari zirenak entzunda.
Ikusi behar zen jendea, dena den, zuri eta gorriz jantzita asko, banderatxoak astintzen, astigar hostoen kalkomania gorriak aurpegian erantsita… Gero esango dute…
Oharra: Blogoeton egileak pentsatu du hobe duela gaurkoa, gehiago luzatu gabe, dagoen dagoenean uztea, edonork baitaki zer bota behar zuen orain. Lagun batek, gainera, esan dio kon dejadita al txoko amaitzen dituela testuak askotan, eta gaur nahiago pilota zabalean uztea.