Hemerotekatik: Brexita eta kolonialismoa

[Halifaxeko The Coast egunkarian, eta Kanadaren jaiegun nazionalaren egokieraz baliatuz, John R. Sylliboy-k Britainia Handiko erregina Elizabethi idatzitako eskutitz irekitik ekarria: Brexita eta Ingalaterraren historia kolonial itsusia. Sylliboy Costa Ricako nazioarteko harremanetan aditua da, analista politikoa, eta indigenen osasun, heziketa eta garapen sozialean dihardu ikerketan.]


[…]

Europako potentziarik handiena beste herri batzuen konkistan eta menderakuntzan abiatu zen nahieran (Kanada, Zeelanda Berria, Australia, India, Hong Kong, Afrikako nazioak eta abar), eta kolonialismoan oinarritutako Inperio Britaniarraren legea inposatu zien mendeetan. Eta orain, etorkinen –antzinako bere kolonia “beltzaranetako” jendearen– alderantzizko kolonizazioaren presiopean pitzatzen hasi ote da? […]

Gaur egungo britainiarrek beren espazio pertsonala “beste jende baten” gainzamapean sentitzen al dute? Britainia Handia nolabait errudun sentitzen ote da bere Land Rover eta Aston Martin zoragarriak kontinenteko beste baliabide batzuei esker ekoizten dituelako? Edo beldur da milioika langile kanpotarren etorrerak bere kultura nazionalari eragin liezaiokeen shockagatik? Edo mugen barruko multietnikotasunak bere nazio izaerari egiten ahal dion itzalagatik? Ez ote dira britainiarrak sentitzen hasi Indiak Gandhiren garaian sentitzen zuena?

Andere goren hori: berorren hiritarrak identifikatuko dira orain gure munduko nazioek –míkmaq, wolastoq, cree eta maoriek– sentitu zutenarekin, berorren inperioko langile, kolonizatzaile, kolono, gobernadore eta legegileek mendeetan gure lurretan egin zituzten suntsitze eta txikizioarekin.

Badirudi, gorentasun hori, berorren jendea ez dagoela gertu orain beste inor bere uharte ederrean onartzeko. Gogoratu behar ote diot botere britanikoa izan zela gure herriak azpiratu zituena, ekonomia inperialista baten pean ezarriz, gure baliabideak eta aberastasunak ebatsiz, eta, garrantzitsuagoa dena, gure identitate kultural eta espiritualak erauzi eta kiskaltzen ahaleginduz?

Gogora beza berorren gorentasunak, oraindik ere Cornwallis¹ dela-eta eztabaidan gabiltzala Halifaxen. Lehen Nazioon eta berorren alaba Kanadaren –geure Ama Kanata denaren– arteko adiskidetze prozesua hasi baino ez da egin.

[…] Ez ote da harrokeria britaniarrek ekonomian oinarrituriko integrazioa Europan alde batera uztea, dagoeneko ongi ez datorkielako, eta bertakoontzako lan faltaren errudun egiten dutelako?

Berorren gorentasunak hobe luke galtzei gora tira eta gauzak zuzentzen hastea hiritar guztientzat, bertako zein etorkinentzat. Bestela, brexitak berorren diamanteak fantasiazko bitxi bihurtuko ditu aurki. […]


(1) Edward Cornwallis ingelesa (1713-1776) Eskozia Berriko gobernadorea izan zen. Míkmaqen kontrako borroka luzea gidatu zuen, eta haien eta akadiarren aurkako errepresio-jazarpen basatien erantzule izan zen.