Ez dakik ez ote den hasierako egunetako paranoia izango, baina gehiegitxo dela pentsatzen hasita hago jada.
Aurrena, kreditu txartel bat izan zuan: hotel batean ordaintzeko eman hituen zenbakia eta abar (datafonorik ez dugu, hala esan ziaten behintzat), eta haiek zer egingo, ba VISAk eskatzen dituen komisioak ez ordaintzearren, hiri kendu beharreko diru kopuru hori Internetetik erosketa bat egiteko erabili. Asmo txarrik gabe, hala uste duk behintzat, baina oso trakets eginda: hasteko, hiri ezertxo ere esan gabe; gainera, oker egin eta, hasieran, bi kargu azaltzen zirela, ez bat; azkenik, dolar kanadarretan egin beharrean, dolar estatubatuarretan. Ondorioa: txartela ezeztatu egin behar izan huen kargu arraro haiek ikusitakoan, eta orain batere gabe geratu haiz. Gero argitu duk kontua, eta zor diatena ere itzultzekotan dituk, baina hi txartelik gabe haiz eta berria bidaltzeko eskatu behar izan duk –arazoa duk nora eta noiz.
Hori gutxi ez, eta beste txartelekin ere denetariko arazoak izan dituk: aurreneko saioan funtzionatu ez, bigarrenean bai, eta bi kargu berdin hire kontuan; kutxazainera jo, amaierara arte dena ondo, eta bukaeran erreziboa eskutan, zenbat atera duan dioela, baina dirurik ez: Makina hondatu egin da. Eskerrik asko etortzeagatik. (eta hi, biharamuneko goizeko hamarretan, Quebeceko parte zaharrera paseoan joan beharrean, bankura joan behar, azalpen eske). Eta horrelako hainbat; txarteletako bat erabat hondatu den arte, eta berria bidaltzeko eskatu behar (eta badituk bi!).
Bukatzeko, aipagarria duk Kutxabanken (barka doako propaganda!) Androiderako aplikazioaren umorea ere: Kanadan egindako eragiketa asko (akaso denak izango dituk, ez duk egiaztatu) ezkutu caboverdetarretan azaltzen dituk (gaizki idatzita, baina tira, Cabo Verdeko monetan). Ezkutu caboverdetarra, Kanadan, Ternuan eta Quebecen? Zakur zaharra haizenez, probatu nahi izan duk badaezpada: aplikazioaren hizkuntza aldatzea aski, ezkutu caboverdetarrak dólar canadiense bihurtzeko. Baietz edozeinek asmatu zer hizkuntzatara aldatu duan aplikazioa, gauzak behar bezala ikusteko?
Gaurkoa ere luze zoak, hemen utzi beharko. Autobusean haiz, Quebec Hiritik Montrealerako bidean. Handik Bostonera beste bat hartuko duk, eta muga pasatzea tokatuko zaik. Bart paperak txukun-txukun prestatzen ibili hintzen, gaur arazorik ez izateko; bizarra ere egin duk goizean, duan alkandora bakarra jantzi (lisatu gabe, baina tira, autobusean hainbeste ordu eginda zer edo zer emango ahal du!), eta pintxo-pintxo presentatuko haiz aduanazain estatubatuarraren aurrean. Hurrengoan berri gehiago, continuará.
Oharra: Gora San Fermin!! (pañelu gorririk gabe azalduko haiz, halere, aduanazainaren aurrera; badaezpada ere).
Bigarren oharra: Red Baykoari buruzko sarrera (Baleazaleak) argazkirik gabe argitaratu zen bere egunean, baina orain argazki batzuk daude bertan, ikusi nahi izanez gero.
Joe, Xabier. Ez nau harritzen gehiegitxo dela pentsatzeak… Paperek, txartelek, aduanek eta dena delakoek, utziko al zaituzte, bada, bidaia egiten? Estresatu egingo zara martxa horretan!!
Ez utzi horrelakorik gertatzen, eh? Ea “zortea” aldatzen zaizun, Xabier!! Herrialdia ote? Agian Estatu Batuetan hobeto? Hala opa dizut. Bestela, badakizu, lasai hartu:
Ommmmmmm!
Ommmmmmm! Ba halaxe egin nuen, Izaskun, ommmmmmm, eta hemen nago, egun batzuetan loa ere kendu didan arazotxo hori behintzat gaindituta.
Ondo segi eta eskerrik asko animoengatik.
X.